«Ertzaintzaren kargak hartu ditugu grebetako piketeetan. Azken bost urteetan 250 lagun identifikatu dituzte gaztetxeak defendatzeagatik, eta hamalau gaztetxe hustu dituzte». Baina zerrenda ez da hor bukatzen. «Etxe eskubidea defendatzeagatik 70.000 eurotik gorako isunak jarri dizkigute, eta, Loiun, sionistek torturaturiko kideei ongietorria egiteagatik oldartu zitzaigun Ertzaintza». Bihar Ertzaintzaren «inpunitatea» salatzeko manifestazio bat eginen dute Bilbon, eta hartara deitzeko agerraldia egin dute gaur antolatzaileek.
Izan ere, biharko mobilizazioaren deitzailea ez da eragile bakarra, baizik eta 11 norbanako edo talde: Euskal Herriko Global Sumud Flotilla, Amaya Zabarte —Ertzaintzaren indarkeria pairatu du—, Gazte Koordinakunde Sozialista, Errekaleor Bizirik, Azpeitia Errepresioaren Aurka, Herri Norte Taldea, Bultzada Txuri-urdina, Iraultza 1921, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialista eta Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarea.
Deitzaileak bezala, ekinaldiari atxiki zaizkionak ere anitz izan dira, herri mugimenduko ia berrehun eragilek babestu baitute biharko mobilizazioa. Horien artean dira, bertzeak bertze, Aroztegiko Elkartasun Komitea, AHT Gelditu, BDZ Euskal Herria, Euskal Herrian Euskaraz, Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Salhaketa.
Mezua, ordea, bat eta bakarra: «Herri mugimenduaren aurkako kriminalizazioa bukatzea, eta Poliziaren inpunitateari behin betiko mugak jartzea». 17:30ean abiatuko da manifestazioa, Plaza Eliptikotik, Eusko Jaurlaritzaren «kriminalizazioaren» kontra eta eskubide zibil eta politikoen alde.
Zupiriari so
Goizeko agerraldian, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburua jarri dute jopuntuan, eta salatu dute haren sailak herri mugimenduak «kriminalizatu» eta Ertzaintzaren gehiegikeriak «zuritzen» dituela etengabe. «Kezkaz ikusten dugu egoera hau». Bidenabar, euskal herritarrei dei egin diete sistema kapitalistaren «injustizien aurka» eta zapalkuntzarik gabeko Euskal Herriaren aldeko lanera batzeko.
Lan hori egin ahal izateko «askotariko mobilizazio ereduak» erabiltzen dituztela erran dute, baina guztiak daudela «EAJren jopuntuan». Eta ez hori bakarrik: errepresio hori guztia «ezkutatu» nahi izatea egotzi diote Eusko Jaurlaritzari.
Ekain hasieran iragarri zuten manifestazioa, eta, han erran zutenez, okerreko ariketa da eztabaidaren muina polizia ereduaren inguruan kokatzea. «Poliziaren egiturazko funtzioa sistema kapitalista eta haren instituzioak defendatzea da», eta horregatik gertatzen dira hainbeste talka Euskal Herrian, «ez iraganeko gorrotoengatik», Zupiriak Loiuko gertakarien gainean egindako adierazpenetan iradoki zuen moduan.
Baina deitzaileen mezua ez dagokie Ertzaintzari eta Eusko Jaurlaritzari bakarrik; aitzitik, Nafarroara eta Ipar Euskal Herrira ere iristen da. «Errepresioaren bidez gure klase antolakuntza ahuldu ez ezik, banaketa administratiboaren bitartez gure herriaren zapalkuntza betikotu ere egiten dute».