Herri Urrats handiago bat, Beskoitzeko ikastola eraikitzeko

Araba Berria eta Nafarroa Badok guneetan izanen dira aurtengo ikastolen festako ekitaldi nagusiak. Beskoitzeko auzapez berriarekin lan egiteko prest agertu da Seaska.

(ID_13778588) (/EZEZAGUNA) 1712844749562
Herri Urratsen aurkezpena Beskoitzeko ikastolan. BERRIA
Ekhi Erremundegi Beloki.
Beskoitze
2024ko apirilaren 11
16:29
Entzun

Beskoitzeko ikastola (Lapurdi) eraikitzeko dirua biltzea izanen da 41. Herri Urrats festaren helburua. Iazkoa formatu murriztuan egin behar izan zuten eguraldiagatik; aurtengo inoiz baino handiagoa izanen dela espero dute. Maiatzaren 12an, bi gune berri eta eszena bat gehiago izanen ditu ikastolen aldeko festak. Araba Berria eta Nafarroa Badok guneetan izanen dira ekitaldi nagusiak. Seaskako ordezkariek dei egin diete euskal herritarrei, Herri Urratsen parte hartzeko «indar berezia» egin dezaten: «Euskararen kontrako oldarraldiari erantzuteko, eta munduaren aitzinean euskaraz bizi nahi duen herri bat erakusteko». 

Herri Urrats bestaren etekinei esker, Seaskak 33 ikastola, bost kolegio eta lizeo bat ireki ahal izan ditu azken hamarkadetan. Frantziako Estatuarekin kontratupean izanik ere, ikastolen federazioaren parte diren ikastolen eraikinen garapena eta mantenua segurtatzeko baliatzen dira bereziki Senpereko bestatik lortzen diren irabaziak. Aurten, Beskoitzen ikastola berri bat eraikitzeko baliatuko dituzte, eta, horregatik, prefabrikatuz osatutako ikastetxean egin dute aurtengo egitarauaren aurkezpena.

Azken hilabeteetan herriko etxearekin gatazka betean aritu ondotik, gorabehera bat baino gehiago izan du ikastolaren auziak. Martxoan, gaur egun dituzten lurrak beste urte batez erabiltzeko baimena onartu zien herriko kontseiluak, eta auzapezak eta beste hainbat hautetsik dimisioa aurkeztu zuten. Hala, herriko bozak antolatu beharko ditu laster Pirinio Atlantikoetako prefeturak —oraindik ez da jakina zer epetan izanen diren—. Horietatik aterako den auzapez berriarekin lan egiteko «prest» agertu da Peio Jorajuria Seaskako lehendakaria. «Hemen ez bada posible beste lur batean izan beharko da; baina baimenez gain, baliabideak behar ditugu», adierazi du Jorajuriak. «Euskal Herriak eraikiko du ikastola berria».

Azterketen gaia ere izan du hizpide Jorajuriak. Izan ere, EEP Euskararen Erakunde Publikoko ordezkariek eta Ipar Euskal Herriko parlamentariek bilkura dute gaur Frantziako Hezkuntza Ministerioan. «Duela urte eta erdi, Pap Ndiayekin bildu zirenean, beste bilkura bat eginen zutela hitzartu zuten», esplikatu du. Brebeta euskaraz erantzuteko baimena lortuta —nahiz eta ariketen aurkezpenak frantsesez izanen dituzten ikasleek—, baxoa euskaraz pasatzeko eskubidea lortu nahi dutela erran du Jorajuriak. Horrez gain, heldu den ikasturterako irakasle postuei buruz kezka badutela adierazi du.

Esne Beltzaren azkena

Herri Urratsen berrogeigarren urteurrena ez zuten nahi bezala ospatu, eta musika talde anitzek ez zuten jo ahal izan. Horietako batzuk Senperera itzuliko dira, eta euskal eszenan «oso indartsu» dauden beste talde batzuk batuko zaizkie. Araba Berria gunean arituko dira Haize Arroxa, Niko Etxart eta Hapa Hapa, Bele, Neomak, Nogen eta Holako Deluxe, eta Nafarroa Badok gunean arituko dira Basapiztiak, Mister Saguak, Zetkin, Delirium Tremens, Muga Zero —aurten lehen aldiz antolatu duten maketa irabazi dute—, Esne Beltza eta Leihotikan. Agur bira egiten ari da Esne Beltza, eta beraiek eskatu zuten aurtengo Herri Urratsen parte izatea; behin baino gehiagotan aritu ondotik, ikastolen festan jotzen duten azken aldia izanen da.

Horrez gain, urteroko zikiroa eta sagardotegia izanen dira Lapurdi gunean, Kuxkuxtu txarangak alaiturik. Xiberoa gunean dantza emanaldiak izanen dira egun osoan zehar. Gipuzkoa gunea izanen da aurtengo berritasunetako bat: bertso saioa eta Baionan Kantuz izanen dira goizean, eta euskal eszenako talde eta musika mota berriei eginen diete lekua ondotik: Etxepe, Pisso eta OPH, Eire eta DJ Bull eta Elepunto. 

Azkenik, haurrentzako animazioek leku berezia izanen dutela azpimarratu dute Herri Urratsen antolatzaileek: Araba guneko haurren xokoaz gain, Lapurdin ere izanen da beste bat, eta Bizkaia gune berria ere antolatuko dute. Kattalin Elizalde kolegioan Kei gunea antolatu dute, eta pilota partidak izanen dira goiz osoan. Aurten ere Erronka nazionala antolatu dute: ikastolen aldeko bestak antolatzen dituzten ikastetxeen arteko lehia izanen da Baxe Nafarroa gunean, 10:00etatik aitzina. 

Herri Urratsen antolatzaileek lan berezia eginen dute prebentzioari dagokionez, izan alkohol eta droga kontsumoari begira, ala mota guzietako erasoei aurre egiteko. Urtero bezala, joan-jinkariak izanen dira Senpere erdigunetik lakura joateko; aurten, beste bi ibilbide gehitu dituzte, Kanbotik —Ezpeletan geldiunea eginez— eta Donibane Lohizunetik. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.