Espainiako Gorteetarako hausteskundeen atarian, Eusko Jaurlaritzaren Soziometroak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrek dituzten kezkak islatu ditu, eta bozen aurrean dituzten jarrerak. Alderdi politikoak egoki zaizkien hizpideak agenda publikoan ezartzeko saio betean sartu dira dagoeneko, eta Soziometroak, gaur egun gizartearen kezka nagusia non dagoen plazaratu du: etxebizitzan.
Inkestak herritarrei ematen dien aukeren artean, etxebizitza aipatzen dute horien %72k. Azken galdeketarekin alderatuz gero, datu horrek hamabi puntu egin du gora. Bigarren gai aipatuena lan merkatuari lotutako arazoak dira: herritarren %40k aipatzen dute. Osakidetzak, eta osasunak, oro har, herritarren kezka nagusien artean jarraitzen dute, eta oraindik ere zerrendaren goialdean, hirugarren gai aipatuena baita (%22). Herritarren kezka nagusien arteko laugarren tokian «arazo ekonomikoak» esan diotena azaltzen da (%17).
Horrez gain, deigarria da kezka nagusien zerrendako azken bi lekuetan kokatu dituztela herritarrek alderdi batzuk beren agenda politikoan goialdean jartzen ari diren gai bi: segurtasuna eta migranteak. Soziometroak «delinkuentzia eta segurtasuna» esan dion gaia eta «inmigrazioa eta horrekin lotutako arazoak» esan diona azkenaurreko eta azken lekuetan daude, herritarren %16k eta %13k aipatu baitituzte, hurrenez hurren, bost eta bi puntu behera eginez azken galdeketarekin alderatuz.
Bozei begirako jarrera
Sarritan ari dira alderdiak esaten azaroaren 29ko bozetan gertatzen dena oso garrantzitsua izango dela geroa nola izango den jakiteko. Bada, mezu horrek hartzaile asko ditu Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren artean; izan ere, %82k kezka azaldu dute bozen emaitzei begira. %60arentzat boz horiek oso garrantzitsuak dira, eta %22arentzat nahiko garrantzitsuak. %18 baino ez dira uste dutenak A-29ko hitzordua ez dela oso garrantzitsua edo ez dela batere garrantzitsua.
Eta zerk bultzatuko ditu gehien herritarrak botoa ematera? Bada, lehenik eta behin «Euskadirentzat hobekuntzak lortzeko gaitasunak»; bigarren lekuan da «nire ideologiaren aurkako alderdi batek irabaztea saihestea» esan dioten aukera; eta hirugarrenean «alderdi politikoa» aukera. Herritarrek bozen inguruan duten interesa islatzen du, gainera, laugarren lekuan azaltzen den aukera: «Gobernuko presidentearen inbestiduran eragiteko gaitasuna». Deigarria da, bestalde, herritarrak bozkalekura eramango dituzten aldaigaien artean, bosgarren lekuan azaltzen direla hautagaiak. Hau da, hautagaiei begira baino gehiago, herritar gehienak kokaturik daude euren nazioa defendatzeko eta euren idelogiaren aurkakoak boterera iristea galarazteko ahaleginean.
EAJ da baloratuena «Euskadiko interesen ordezkaritza eta defentsa Madrilen» edukian, herritarren %29k aipatu baitute; baina oso hurbil dauka EH Bildu (%25)
Horrez gain, Soziometroak islatu du herritarrek ez dutela modu berean baloratzen alderdiek Madrilen egiten duten lana, Euskal Herriaren interesen defentsari begira. EAJ da baloratuena «Euskadiko interesen ordezkaritza eta defentsa Madrilen» edukian, herritarren %29k aipatu baitute; baina oso hurbil dauka EH Bildu (%25). Alderdi abertzaleetatik oso urrun azaltzen dira, berriz, egoitza nagusia Madrilen dutenak. Esaterako, PSE-EE herritarren %5ek baino ez dute aipatu «Euskadiko interesen defentsaz» galdetu zaienean; %2k PP aukeratu dute; eta %1ek besterik ez dute egin Fronte Zabalaren eta Voxen alde.
Buruzagien notak
Halaber, Eusko Legebiltzarreko buruzagi politikoei notak eman dizkiete herritarrek, eta eduki horrek ere EAJren eta EH Bilduren artean dagoen tarte apala islatu du. Imanol Pradalesek (EAJ) 5,6ko puntuazioa lortu du, eta Pello Otxandianok (EH Bildu) 5,4koa. Atzetik datoz, eta azterketa gainditu gabe, PSE-EEren hautagai Eneko Andueza (4,3), Sumarreko hautagai Jon Hernandez (4,1), Voxeko hautagai Amaia Martinez (3) eta PPko hautagai Javier de Andres (2,6). Deigarritzat jo daiteke Voxeko hautagaiak PPkoak baino nota hobea ateratzea.
Espainiako presidentegaien inguruan ere notak eman dituzte herritarrek. Soziometroak islatu du Pedro Sachezek (PSOE) duela babes gehien, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, 4,6ko nota batekin. Haren atzetik azaltzen dira Sanchezen ezkerrera kokatutako bi hautagaiak: Ada Colau (Fronte Zabala, 3,9) eta Irene Montero (Podemos, 3,3). Eta horien atzetik datoz eskuinaren eta eskuin muturarren fronteko hautagaiak, Alberto Nuñez Feijoo (PP, 2,2) eta Santiago Abascal (Vox, 1,3).
Soziometroa osatzeko, informazio bilketa urriaren 20tik 23ra egin da, telefono bidezko elkarrizketen bidez. Araban 800 pertsona elkarrizketatu dituzte; Bizkaian, 1.485 pertsona; eta Gipuzkoa, 1.200. Beraz, guztira, enpresa kontratistak 3.485 pertsona elkarrizketatu ditu.