Nafarroako Hezkuntza Departamentuak aste honetan iragarri du, aurrerantzean, ikasle errepikatzaileak ere aintzat hartuko dituela ikasgela bakoitzeko ratioak kalkulatzeko tenorean. Sindikatuen aspaldiko aldarrikapena da: Nafarroan, sare publikoko gela bakoitzak, legez, 23 ikasle har ditzake gehienez ere, baina orain arte, urte bereko ikasleak soilik zenbatzen zituen departamentuak. Hortaz, ikasle errepikatzaileak gehituta, gela askoren ratioa handiagoa da de facto. 2027-2028 ikasturtetik aurrera, ikasle guztiak zenbatuko dituzte Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako ratioak kalkulatzeko.
Hezkuntza Departamentuak eta Anpe, Afapna eta UGT sindikatuek iaz sinatutako itunaren jarraipenerako batzordearen ostean egin zuten iragarpena, iragan astean. Gehiengo sindikala, baina, mahaitik altxatu zen, bilera itxurakeria hutsa zela iritzita: Steilas, LAB, CCOO eta ELA sindikatuek uste dute halako erabakiak Hezkuntzako mahai sindikalean adostu beharrekoak direla, eta Carlos Gimeno buru duen departamentuak ez duela «negoziazio kolektiboa errespetatzen», sindikatu batzuekin «aurrez adostutako gaiak bakarrik» jorratzen baitira bilera horietan. Negoziazio mahaian onartu beharrekoa aurretik erabakia dagoela, alegia.
Gaur, elkarretaratzea egin dute sindikatu horietako ordezkariek Nafarroako Gobernuaren egoitza nagusiaren parean, eta aurreko asteko bileran gertatutakoa azaldu. Lehenik eta behin, argitu nahi izan dute ikasle errepikatzaileei eta ratioei buruzko erabakia «positiboa» iruditzen zaiela, baina halako aldarrikapenei heltzeko foroa Hezkuntzako mahaia dela deritzote: «Joan den astean, departamentuak itunaren jarraipena egiteko bilera batera deitu gintuen. Hala ere, erakunde sinatzaileekin —Anpe, Afapna eta UGTrekin— aldez aurretik itxita zegoen erabaki batekin topo egin genuen», esplikatu du CCOOko Unai Alabak, gehiengo sindikalaren izenean.
Gobernuak iragarritako neurria «mesedegarria» izanagatik ere, Steilas, LAB, CCOO eta ELA sindikatuek uste dute hori ez dela eztabaidaren ardatza: «Arazoa da, departamentua itunaren neurri zehatz bat aldatzen ari den bitartean, irakasleei eta hezkuntza publikoaren kalitateari zuzenean eragiten dieten funtsezko aldarrikapen askorik heldu gabe jarraitzen duela».
Negoziazioari trabak
Sindikatu horiek saiatu ziren beste aldarrikapen batzuk gai ordenean sartzen, baina eskaera guztiak atzera bota zituen departamentuak: «Langileria arloko zuzendari nagusiak adierazi zigun, garaiz eta behar bezala komunikatuz gero, ekarpenak egin genitzakeela ituna aldatzeko. Hala egin genuen, baina erantzun ziguten gure proposamenak ez zituztela bilera horretan aintzat hartuko, eta ez ziguten datarik eman aurrerago eztabaidatzeko», azaldu du Alabak.
Manifestarien irudiko, gobernuaren jokaldi horrek agerian uzten du Hezkuntza Departamentuak lehentasuna ematen diela sindikatu batzuei, eta besteen eskaerei ez entzunarena egiten diela. Hezkuntzako mahai sindikalaren egitekoa urardotu duela, alegia, benetako eztabaida baldintzatuz. «Argi dago zein sindikatu nahiago dituen Hezkuntza Departamentuak bere politikak aurrera eramateko: irakasleen aldarrikapen nagusiei muzin egiteko prest daudenak, hain zuzen ere», esan du ELAko Rakel Arjolek, gaurko agerraldian. «Izan ere, Anpek, Afapnak eta UGTk ez diote departamentuari aurre egiten, eta erabakitzen uzten diote zein gai jorratzen diren eta zeintzuk ez, irakasleen lan baldintzei benetan eragiten dieten arazoei buruzko negoziazioa eskatu beharrean».
Iragarritako neurriaz harago, sektoreak beste lehentasun batzuk dituela uste dute Steilasek, LABek, CCOOk eta ELAk: «Ratioak txikitzea, irakastorduak gutxitzea, lan baldintzak hobetzea, lantaldeen egonkortasuna bermatzea, aniztasunarekiko arreta indartzea, burokrazia murriztea eta eros ahalmena berreskuratzea, besteak beste, erantzunak eta negoziazioa behar dituzten gaiak dira». Lau sindikatu horiek iragarri dute bihar bertan eseriko direla berriro Hezkuntzako mahaian, «negoziazio espazioei balioa emanez», eta departamentuari eskatu diote, batetik, «errespeta ditzala ordezkaritza espazioak», eta bestetik, «benetako negoziazio prozesu bat ireki dezala», irakasleen lan baldintzak eta hezkuntza publikoaren kalitatea hobetzeko aldarrikapenei bide emate aldera.