Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak hezkuntza publikorako azpiegitura plan berria aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean: Hezkuntza Eraiki 2030. Sailburuaren esanetan, hezkuntza espazioak «modernizatzeko eta eraldatzeko» ibilbide orria izango da. «Hezkuntza Eraiki 2030 proiektuaren helburuak dira hezkuntza azpiegiturak modernizatzea eta jasangarriagoak egitea; ikastetxeen irisgarritasuna eta erosotasuna hobetzea; eraldaketa digitala eta berrikuntza pedagogikoa bultzatzea; eta aniztasuna, inklusioa eta genero ikuspegia zeharka txertatzea». orotara, 750 milioi euroko inbertsioa egingo dute 2030era arte.
Pedrosaren esanetan, planak argi uzten du eskola publikoaren alde egiten ari diren ahalegina: «Hezten, zaintzen eta gure garaiko benetako beharrekin konektatzen duten azpiegiturak sortzen ari gara. Indartsu aurrera egiten duen, berritzen duen eta ikasle guztientzako ikas baldintzarik onenak bermatzen dituen eskola publikoarekin dugun konpromisoa da Hezkuntza Eraiki 2030 plana».
Planean jaso dutenez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egingo dituzte «proiektu nabarmenak». 2025ean amaitu dituzte edo amaituko dituzte, esaterako, hainbat eraikin: Aldaialde (Gasteiz, Araba), Muskiz BHI (Bizkaia), Zumaia BHI (Gipuzkoa), Orixe (Tolosa, Gipuzkoa)... Planak iraun bitartean beste zenbait eraikin ere eraiki asmo dituzte: Antonio Trueba BHI, Astigarraga BHI, Barandiaran BHI... Sailburuak bereziki nabarmendu du, herri handietan ez ezik, txikietan ere egingo dutela apustua. Adibidez, Legutioko Garazi HLHIn (Araba) 2,7 milioi euroko inbertsioa egin eta obrak egingo dituzte; Eako Haizeder HLHIn (Bizkaia) ere bai, 8,5 milioi eurorenak; edo Itsasondo HLHIn (Gipuzkoa), 3,8 milioi eurorenak. «Eusko Jaurlaritzak landa ingurunean integratutako eskolak bultzatzen jarraituko du».
Eraikuntza berriak egitearekin batera, lehendik badaudenak ere handitu asmo dituzte: Lantziego HLHI (Araba), Astigarraga HLHI (Gipuzkoa)... «Lan hauek hezkuntza zentroak egungo beharretara egokitzeko eta hobetzeko helburuaren barruan kokatzen dira, eta lurralde osoan sare publikoa indartzea dute xede».
Sei lan ildo
Hain zuzen, sei lan ildo nagusi finkatu dituzte. Inbertsioaren %30 eraikuntza berrietarako izango da; %35, «ikastetxeen zaharberritze integralerako»; %15, gela malguak eraikitzeko eta erronka teknologiko digitalari erantzuteko; %10, eskola jangeletarako eta «sukalde integralak» edukitzeko; %5, udalekin lankidetzan aritzeko; eta %5, «aniztasunari eta inklusioari lotutako jarduerak» egiteko.