Neska bat amildu egin zen atzo Anboto mendian (Atxondo, Bizkaia), iparraldeko harri eremu batean. Larri eraman zuten Gurutzetako ospitalera (Barakaldo, Bizkaia). Gaur hil da, El Correo egunkariak jakinarazi duenez.
18 urte zituen, eta 30 metro ingurutik erori zen atzo arratsaldean. Larrialdi zerbitzuek 16:30 aldera jaso zuten abisua. Deitzaileek jakinarazi zieten prismatikoen bidez mutil bat ikusi zutela laguntza eskatzen, eta haren ondoan neska bat zegoela lurrean etzanda. Anbulantziak, suhiltzaileak eta Ertzaintzaren helikoptero bat joan ziren bertara. Neska oso larri zegoen, eta bihotz-birikak geratu zitzaizkion. Han bertan suspertu zuten. Haren egoera egonkortu eta gero, Arrazolara eraman zuten Ertzaintzaren helikopteroan. Arrazolan, Osakidetzaren helikopterora pasatu zuten, eta Gurutzetako ospitalera eraman.