Aiako Harria mendiaren inguruan 54 urteko mendizale bat desagertu zen atzo; larrialdi zerbitzuak haren bila zebiltzan, eta ertzainek gaur goizean jakinarazi dute hilotz aurkitu dutela. Atzo atera zen etxetik, mendian itzuli bat ematera, baina gauean itzuli ez zela eta, senideek abisua eman zuten. Gaur goizean Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi du hilda topatu dutela. Hildakoa Iban Apaolaza da, BERRIAko dokumentazio arduraduna.Â
Ertzaintzak jakinarazi duenez, bart jarri zituzten martxan bilaketa lanak, haren desagerpenaren berri izan zutenean. Hilotza gaur goizeko hamarrak aldera aurkitu dute. Gorpua zegoen lekura iristeko zailtasunak zirela eta, Ertzaintzaren helikopteroak esku hartu behar izan du. Ertzaintzaren Zaintza eta Erreskate unitateko agenteek, suhiltzaileek, udaltzainek eta Gurutze Gorriak hartu dute parte bilaketa lanetan. Gorpua Donostiako Auzitegi Medikuntzako Institutura eraman dute, autopsia egiteko; kolpe baten ondorioz hil dela ondorioztatu dute.
Apaolaza BERRIAko dokumentazio arduraduna zen. Egunkariko edukiak eta argitalpenak artxibatu, katalogatu eta dokumentatzeaz arduratzen zen. Itzaleko lana egiten zuen erabat, baina ezinbestekoa. 2024ko azaroan hasi zen BERRIAn. Horrez gain, kolaboratzaile zen beste hainbat komunikabidetan ere. Oiartzun irratian, besteak beste, Literhari irratsaioan. Hain zuzen ere, herri horretan eman zituen bere bizitzako azken urteak, sortzez Beasaingoa izan arren (Gipuzkoa).Â
Euskal presoa zen Apaolaza. 2007ko ekainean atxilotu zuten, Quebecen. 2008an Espainiaren esku utzi zuten, eta ETAko kide izatea egotzita epaitu; 123 urteko zigorra ezarri zioten. Hirugarren graduan zegoen iaztik.
Soziologian eta Antropologian lizentziatua zen, eta Ingeles ikasketetan ikasle eta Soziologian doktoregaia zen. Graduondokoa zuen Idazle Eskolan ere. Hain zuzen ere, idatzizko hainbat lan eman zituen argitara, ipuinak batez ere. Muga astoa eta haren ingurukoen kalamatrikak kaleratu zuen 2023an, gerraostean oiartzuarrek arto irina lortzeko inguruko herrietara egiten zituzten bidaietan oinarritutako narrazioa. Preso zela komiki bat ere argitaratu zuen: Hablando con (la) lluvia du izena. Espetxeetako lehiaketa baterako egindako komikia da, eta lehen saria jaso zuen.

Â