Lamiakoko itsasadar azpiko errepidearen proiektua geldiarazteko ahalegin guztiak egiteko prest daude egitasmo horren aurkakoak: gaur arratsaldean, ekintzaile ekologista kurdu bat Getxo eta Leioa arteko Artatza parkeko zuhaitz batera igo da, eta bertan igaroko ditu hiru egun, ostiralera arte. Bizkaiko Foru Aldundiak eraiki nahi duen azpiegitura berria «ekozidatzat» jo du hark, «milaka kotxe gehiago erakarriko baititu, eta, ondorioz, kutsadura handitu eta klima aldaketa areagotu». Gainera, adierazi duenez, Artatza parkeko dozenaka arbola moztuko dituzte proiektua gauzatzeko. Bihar, asteazkena, 18:30ean, «erresistentzia piknika» egingo du Subflubiala Ez plataformak, zuhaitzaren azpian, ekintzaileari babesa adierazteko.
Erlazionatuta
Maputxe izena darabil Artatzako zuhaitzera igotako ekintzaileak, herri horrekin lotura berezia baitu. Okzitaniako A-69 autobidearen aurkako borrokan ibilitakoa da Frantzian, eta horren bidez ezagutu zuen Getxo eta Portugalete arteko itsasadar azpiko errepidearen kontrako borroka: «Hasieratik argi izan zuen babesa adierazi nahi zigula, eta gaur horixe bera egin du», Subflubiala Ez plataformako kideek nabarmendu dutenez.
Kalte handiak
Bide batez, egitasmo horren kontra zergatik dauden gogorarazi nahi izan dute: «Azpiegitura oso kaltegarria izango da, batez ere sustatzen duen garraio ereduagatik». Hori azaltzeko, errepidearen aurkakoek berriro hizpide izan dute aldundiak berak agindutako ingurumeneko eraginei buruzko txostena: «Milaka kotxe gehiago erakarriko ditu, dei efektua eragingo baitu, eta horrek kutsadura eta berotegi efektuko gasen isurketa areagotuko du».
Gainera, azpiegiturak gastu publiko «ikaragarria» —500 milioi euro baino gehiago— eragingo du, eta nahiago dute diru hori beste zerbitzu publiko batzuetan inbertitzea, hala nola garraio publikoan, zaintzan eta osasungintzan.
Hori gutxi balitz bezala, adierazi dute «albo kalte oso larriak» eragingo dituela inguruko ikastetxeetako ikasle eta langileen osasunean. Horrez gain, ekologiari dagokionez, «ondorio larriak» izango dituzte lanek, Subflubiala Ez plataformako kideen ustez: «Artatza parkean, hamarnaka zuhaitz ebakiko dituzte, eta parkearen laurden bat itxita egongo da obrek iraun bitartean. Bestalde, egingo duten zubibideak Bilbo ezkerraldeko Galindo errekaren ekosisteman eragin negatiboak izango ditu, eta babestuta dagoen arrain hiruarantza arriskuan jarri.