Ibai azpiko errepidearen proiektuaren onarpenak «irregulartasunak» dituela salatu dute hainbat elkartek

Salatzaileen arabera, proiektuari alegazioak aurkezteko epea oraindik zabalik dela onartu dute proiektua. Alegazio baten bidez egin dute «irregulartasun» horien kontra.

Subflubialari Ez plataformaren prentsaurrekoa, iazko irailean. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Subflubialari Ez plataformaren prentsaurrekoa, iazko irailean. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
inaut matauko rada
2025eko uztailaren 29a
13:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Joan den astean aurkeztu zuen Bizkaiko Foru Aldundiak Lamiakoko itsasadar azpiko errepidearen proiektua, eta lanak 2026aren lehen erdian hasiko dituztela iragarri zuen. Bazterrak nahasi ditu proiektuaren onespen horrek, eta Subflubialari Ez plataformak eta Artaza-Romo institutuko eta Romo eskolako guraso elkarteek alegazio bat aurkeztu diote proiektua onartu izanari, argudiatu baitute, alde batetik, Uraren Euskal Agentziak oraindik ez duela ebazpenik egin proiektuari buruz, eta, bestetik, agentziak oraindik irekia duela proiektuari alegazioak aurkezteko epea.

Proiektuaren onarpena «irregularra» dela salatu dute elkarteek, eta gehitu dute prozesua «presazkoa eta opakua» izan dela. Bestalde, gizartean eta ingurumenean inpaktu handia izango duela iritzi diote elkarteek; horregatik uste dute bereziki larria dela proiektua hain azkar aurkeztu izana. Proiektu horren tamaina ikusita, ebaluazioan «gabezia larriak» daudela «agerian» geratu dela uste dute.

Izan ere, taldeek gogorarazi dute Uraren Euskal Agentziak oraindik ez duela itxi proiektuari buruzko ebazpena; hori dela eta, alegazioan nabarmendu dute Bizkaiko Foru Aldundiak «zuhurtzia printzipioa» urratu duela prozesuan: «Ez die jaramonik egiten ebaluazio doitua eskatzen duten herritarren eta teknikarien eskaerei, horrelako obra bati onespena eman aurretik».

Ebaluatu gabeko arriskuak

Taldeen ustez, oraindik ez dira ebaluatu proiektuak izan ditzakeen arriskuak, eta nabarmendu dute horietako bat Lamiakoko (Leioa, Bizkaia) hezeguneak izan dezakeen mehatxua dela: «Bilboko itsasadarrean artifizializatu gabe dagoen eremu bakarra da, eta, tunelaren obren ondorioz, baliteke atzerabiderik gabe lehortzea». Kutsadurari buruzko azterketak ere falta direla esan dute, baita azterketa hidrogeologikoak ere: «Artaza parkeko eremu kritikoetan leherketek kalte larriak eragin diezazkiekete akuiferoei».

Azterketa teknikoetan bestelako «zabarkeriak» ere badirela salatu dute: «Aurreikusitako lehergailu kargen kasuan, egiazki aztertu baino sei aldiz handiagoak dira kargak, eta inguruko eraikinetan eta lurpeko oreka hidrikoan kalteak izateko arriskua handitzen du horrek». Bestalde, azaldu dute tunelaren ahoa urperatu daitekeen altuera batean egongo dela, eta, beraz, uste dute ez dela segurtasun azterketa nahikorik egin, ur goraldietan arazoak egon baitaitezke.

Hori guztia kontuan hartuta, elkarteek proiektua bertan behera uzteko eskatu dute, eta proiektuak sor ditzakeen kalteak ebaluatzeko ikerketa independenteak falta direla ere nabarmendu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.