Ziritzako (Nafarroa) Vida Nueva zentroaren aurka egindako beste salaketa batzuk ikertzen ari da Iruñeko epaitegi bat. Newtral hedabideak zabaldu duenez, hiru emakumek salatu dute torturak jasan dituztela, besteak beste. Zentroko zuzendariak esan du akusazioak gezurra direla eta hiru salatzaileak suminduta daudela ez zutelako beren tokia aurkitu zentroan.
Ez da Vida Nueva zentroaren aurkako lehen salaketa. Otsailean, «homosexualitatea sendatzeko» terapiak eskaintzen dituela salatu zuten bertan egondako hainbat emakumek. Ordukoan ere exorzismoen, ezkontza behartuen, tratu txarren eta sekta baten kutsuko praktiken berri eman zuten.
Erlazionatuta
Iruñeko epaitegian jarritako azken salaketan hamar delituren zantzuak ikusten dituzte salatzaileen abokatuek. Haien ustez, emakumeek pairaturikoa, tortura ez ezik, legez kontrako atxiloaldia, koakzioa, osotasun moralaren aurkako delitua, lan esplotaziorako gizakien salerosketa, lesio larrien iturri, kolektibo zaurgarri baten duintasunaren aurkako erasoa, langileen eskubideen aurkako delitua eta lan intrusismoa ere bada. Gainera, zentroko zuzendariek antolakunde kriminal bat osatu zutela uste dute salatzaileek.
Newtralek dioenez, tortura eta tratu txarren kasuak ikertzen eta aztertzen dituen Espainiako SIRA zentroaren txosten bat dago salaketaren barruan. Zentro horrek hiru emakumeak artatu ditu, eta, perituen arabera, ziurtzat jo daiteke hirurek tortura eta tratu umiliagarria jasan zituztela.
Tratu txarren kasuak aztertzen dituen SIRA zentroak hiru salatzaileak artatu ditu, eta, haren arabera, tortura zantzuak agerikoak dira
Albistearen arabera, zentroko zuzendariek etxegabe gisa inskribatu zituzten hiru emakumeak, horrela laguntza publikoak jasotzeko. Halaber, hirurek deklaratu dute ikusi zutela nola jipoiak ematen zizkieten zentroan zeuden adingabeei, eta esan dute haiei mediku arta ukatu zitzaiela.
Salaketa larriak izan arren, Luis Nasarre zentroko zuzendariak ukatu egin ditu akusazio guztiak. Gezurra direla esan du, eta hiru emakumeek duten suminaren ondorio direla. Sumin horren jatorria, Nasarreren esanetan, zentroan bere tokia ez aurkitu izana da.