Eider Goenaga Lizaso.

Hiru helduleku sendo garai nahasietarako

2026ko urriaren 27a
10:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Garai zailak dira kazetaritzarentzat. Tira, egia esan: inoiz izan al da garai errazik? Zapalketen eta bazterkerien miseriak azaleratu eta ikuspegiak zabaldu nahi dituen kazetaritzarentzat, behintzat, ez; euskaraz eta Euskal Herriarentzat lan egin nahi duen kazetaritzarentzat, behintzat, ez.

Baina are zailagoa da gaur egun euskaraz kazetaritza egitea: paperetik digitalera joan dira irakurle asko, eta pantailetan oso nekeza da plataformen eta algoritmoen diktadurari kontra egin eta arreta pixka bat lortzea; adimen artifizialak (AA) koska bat gehiago estutu du euskal prentsa, eta beste zailtasun batzuk gehitu dizkio, euskal komunikabideek ez dutelako beste hedabideen adinako tresnarik arlo horretan, AA dena aldatzen ari delako eta euskara arlo horretan urrats bat atzetik doalako. Pantailetan eta telefonoetan sortzen den etengabeko informazio, iritzi, irain eta gezur jarioan, berriz, gero eta agerikoagoak dira neke informatiboa deitu dena eta deskonektatzeko beharra. Eta, horrekin guztiarekin batera, indarra hartuta dabiltza informazioaren eta informatzaileen beraien kontrako kanpainak.

Euskal prentsak lehendik ere bazituen beste aje batzuk: oihartzuna lortzeko ezintasun sistemiko bat; euskaraz irakurtzeko ohitura sozial eskasa —okertzeko itxura duena, gainera—; baliabide eta soldata prekarioak... Eta erantsi horri azkeneko urteetan euskara normalizatzeko politiken eta laguntzen kontra sortu den oldarraldia.

Ez da egoera erraza, ez. Baina, aldi berean, euskaraz sortutako kazetaritza inoiz baino beharrezkoagoa da: mundu nahasi hau ordenatu eta zer gertatzen ari den esplikatuko digun kazetaritza mota bat; lastoa eta bihia bereiziko dituena; herritarrei ahotsa emango diena; Euskal Herria nazio gisa bere osotasunean erakutsi eta erreproduzituko duena; errealitatea betaurreko moreekin, betaurreko kritikoekin, euskaldunen betaurrekoekin kontatuko duena; testuak eta edukiak sortuko dituena euskara biziarekin —eta ez euskara artifizial motel horrekin—. Alegia, mundua gure begiradatik eta gure galderetatik azalduko duena.

Izan ere, AAk ez du informazio berririk ekarriko: aurrez fabrikatutako erantzunak egosiko dizkigu. AAk ez du Ander Saenzen familia elkarrizketatuko, ez du erreferentzia kultural berriak zabaltzen lagunduko, ez da edozein manifestaziotara joango protagonistekin hitz egitera. Kazetari batek egingo ditu lan horiek, eta, asko jota, lan hori baliatuko du gero AAk —trukean ezer ordaindu gabe: dena esan behar da eta—. Kazetaririk gabe ez dagoelako informazio berri onik; erreprodukzioa eta ardaila besterik ez. Eta informaziorik gabe ez dago ezagutzarik eta erabaki onik. Eta egoera horrek boteretsuenei soilik egiten die mesede, eta elkarbizitzaren eta demokraziaren balioei kalte.

Zaila da mundu hau kazetaritzarentzat, bai. Baina BERRIAk hiru helduleku sendo ditu zailtasun horiei aurre egiteko: proiektua babesten eta zaintzen duen komunitate sendo bat; kalitatezko kazetaritza egiten jarraitu nahi duen lantalde konprometitu eta profesional bat; eta borondate hori guztia kanalizatzen lagunduko duen bide orri bat, plan estrategiko berriak argitu duena. Eta helduleku horiekin egingo du aurrera, etengabe berrituz eta garai bakoitzera egokituz. Aldi hau kontatzen jarraitzeko.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA