Etorkizuneko egunkariaren oinarriak jarri ditu BERRIA Taldearen plan estrategiko berrituak

Kalitatezko kazetaritzaren aldeko apustu sendoa egin du BERRIAk, eta, horrekin batera, komunitatea handitzea, lantaldea zaintzea, azpiegitura teknologikoak garatzea eta proiektuaren balio sozialean sakontzea izango da planaren ardatza.

Euskaraz bizitzeko leihoak zabaltzen ditu BERRIA egunkariak. EKAITZ ZILARMENDI URRUTIA / BERRIA
Euskaraz bizitzeko leihoak zabaltzen ditu BERRIA egunkariak. EKAITZ ZILARMENDI URRUTIA / BERRIA
mikel p ansa
2026ko urriaren 27a
10:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Orain duela hamar urte, gogoeta estrategiko sakon bat egin zuen BERRIA Taldeak, sektorearen egoera aztertu eta etorkizunari begira jartzeko. Harrezkero, bitan eguneratu du plan estrategikoa; azkenekoz, aurten bertan. Orain artekoaren balorazioa egin, fokua zabaldu, eta gizartearen eta sektorearen eraldaketa betean, hurrengo urteetarako oinarriak finkatu ditu. Elene Barandiaran BERRIA Taldeko kontseilari ordezkariak azaldu duenez, testuingurua zaila da hedabideen sektorearentzat, are gehiago hizkuntza hegemonikoetan ari ez direnentzat: informazioa eskuratzeko ohiturak asko aldatu dira azken urteetan, adimen artifizialaren eragina berebizikoa da, egunkarien ohiko diru sarrerak digitalizatzeko trantsizioa moteldu egin da, eta inflazio handiaren eragina larria da, egunkarien egiturazko diru irteeretan ez ezik, baita jendearen erosahalmenean ere. «Horregatik, funtsezkoa da gizarteak aldi bakoitzean dituen informazio beharrak aztertzea eta BERRIAk nola erantzun behar dien pentsatzea, eta, aldi berean, komunitatea handitzen eta trinkotzen jarraitzea».

Erronka horiei guztiei erantzuteko, Barandiaranen hitzetan, ezinbestekoa izango da euskarazko hedabideentzako diru laguntza lerro sendoa eta irakurleen babes ekonomikoa. «Garai zailak dira, bai, baina BERRIA hor egongo da euskaldunei garaiaren gakoak emateko euskaraz; izan ere, Euskal Herrian funtzio estrategiko garrantzitsua du egunkariak». Eta funtzio hori indartzeko, 2029 arte taldeak jarraituko dion bide orria zehaztu dute plan estrategiko berrituan, etorkizuneko egunkariaren oinarriak finkatuta. Sei ardatz ditu planak —egunkariaren balio soziala, eskaintza informatiboa, erronka teknologikoak, komunitatea, negozio eredua eta lantaldea—, eta hauek dira ideia eta egitasmo nagusiak, labur azalduta:

Egunkari batek zenbat balio duen

Euskarazko egunkari nazional bakarra da BERRIA, eta euskaldunentzat ezinbesteko tresna izan nahi du egunero informatzeko eta munduan zein Euskal Herrian gertatzen denaren gakoak emateko. «Euskara biziberritzeko tresna estrategikoak dira euskarazko hedabideak, eta BERRIAren funtzioa funtsezkoa da horretan», adierazi du Barandiaranek: «Horregatik ematen ditu edukiak irekian, libre, funtzio sozial eta linguistiko garrantzitsua betetzen duelako. Eta, euskarak duen ataka zailean, ezinbestekoa da hori».

Bestalde, esparru batzuetan erreferentzia ere bada BERRIA Taldea; esaterako, kudeaketa feministaren arloan, eta hizkuntzaren teknologiak garatzen dituzten eragileentzat eta kulturgintzan ari diren eragile askorentzat. «Kazetaritzan, hizkuntzan, kudeaketan, harremanetan komunitatea elikatzen eta euskal gizarteari ahalik eta zerbitzu eta tresna eraginkorrenak eskaintzen ari da BERRIA Taldea, gizartearekin elkarrizketan, eta balio sozial handi bat eragiten», Barandiaranen hitzetan. Hortaz, gizarteak BERRIAren ekarpena nola baloratzen duen aztertuko du taldeak, eragile eta erakundeekin harremanak eta lankidetzak sakontzeko, eta egunkari batek zenbat balio duen hobeto ulertzeko eta esplikatzeko.

Kalitatezko kazetaritza

Plan estrategiko berrituan, kalitatezko kazetaritzaren aldeko apustua berretsi du egunkariak, eta horretan sakonduko du datozen urteetan. Izan ere, kalitatezko kazetaritza ezinbesteko tresna da herritarrak ahalduntzeko, noiz-eta pantailek, plataforma digitalek eta algoritmoek arreta irensten duten honetan, eta adimen artifiziala mundua berrantolatzen ari den honetan. Horrekin batera, eskaintza informatiboari buruzko gogoeta bat ere egingo du taldeak, eta Euskal Herriaren lurralde osoa eta nazioa bera errepresentatzeko BERRIAk egin dezakeen ekarpenean sakonduko du.

Azkeneko zortzi urteetan trantsizio digital sendoa egin du BERRIAk, eta eskaintza informatiboa zabaldu du formatu eta euskarri berrietara: gaur egun, hamabi buletin zabaltzen ditu 11.000 lagun baino gehiagoren posta elektronikoetara, bederatzi podcast ditu —urtero berritzen du eskaintza—, albisteak eta iritzi artikuluak aditzeko tresnak ematen ditu, hamalau kanal eta plataformatan zabaltzen ditu edukiak, bideo esplikatiboak eta dokumentalak ekoizten ditu, joko digital batzuk garatzen ari da, eta, beste eskaintza askorekin batera, BERRIA Ikasgelak komunikazioaren erronkei buruzko unitate didaktikoak ekoitzi ditu eskoletarako, alfabetizazio mediatikoan sakontzeko, eta orain Ulermena lantzen atala sortu berri du Ikasgelaren webgunean.

Bideogintzan ere urratsak egiten ari da BERRIA azkeneko urteetan. EKAITZ ZILARMENDI URRUTIA / BERRIA
Bideogintzan ere urratsak egiten ari da BERRIA azkeneko urteetan. EKAITZ ZILARMENDI URRUTIA / BERRIA

Garapen teknologikoa

Lan prozesuak berritu eta digitalizatzeko urratsak ere egingo ditu BERRIA Taldeak datozen urteetan, «betiere kalitatezko kazetaritza egitea itsasargi moduan izanda», Idurre Lazkano Berrikuntza arduradunaren hitzetan. Erabiltzaileen esperientzia digitala hobetzen jarraituko du, eta adimen artifizialaren (AA) aukera estrategikoak aztertzen ari da. AA albisteak sortzeko ez erabiltzea erabaki zuen taldeak iaz, eta publiko egin zuen kode deontologiko bat; pertsonek egindako kazetaritzari ematen dio balioa BERRIAk, baina, aldi berean, AAk zer ekarpen egin ditzakeen aztertzen ari da.

Lazkanok azaldu duenez, eskaintza digitalean kalitatezko zerbitzu bat emateko ere bidea egiten ari da BERRIA Taldea. «Produkzio sistemak eta tresnak eguneratzen aritu gara azkeneko lau urteetan, eta ikus-entzunezkoetarako azpiegitura teknologiko sendoak sortzea izango da hurrengo urratsa». Ikus-entzunezko baliabideak kudeatzeko azpiegitura berritzen ari da taldea, grabaketa estudio bat atonduko du Hamaika Telebistarekin elkarlanean, eta streamingerako oinarri teknologikoak eta plataforma bat garatuko ditu, Sarebide partzuergoko bazkideekin —Euskal Irratiak, Euskalerria Irratia, Hamaika Telebista eta Kanaldude—.

Komunitatea oinarri

Gaur egun 14.000 lagunek baino gehiagok egiten diote ekarpen ekonomikoa BERRIAri, eta hori da taldearen zimendurik sendoena, filosofikoki eta ekonomikoki, horrek bermatzen baitu egunkariaren independentzia, Idoia Dadebat Marketin Digitaleko arduradunak azaldu duenez. Eta badira ekonomikoki laguntzeko aukerarik ez duten pertsonak baina BERRIA zabaltzen eta indartzen laguntzen dutenak ere; eta horiek guztiak dira BERRIAren komunitatea. «Herritarrek sortu zuten hedabide hau, haiek eusten diote, eta haientzat lan egiten du BERRIAk». 

Horregatik, bi norabidetan jarraituko du eragiten BERRIAk, komunitateari dagokionez: batetik, komunitateko kideen atxikimendua aitortzeko dinamikak indartuko ditu, proiektuaren nondik norakoen berri emanez lehentasunez, eduki informatiboak aurreratuz, eta esperientzia esklusiboak eta zozketak eskainiz, esaterako; bestetik, komunitatera kide berriak erakartzeko lanean segituko du. «Izan ere, bizi dugun momentu zailari erantzuteko, ezinbestekoa izango da irakurleek proiektuari babes ekonomikoa ematea», zehaztu du Dadebatek.

Podcast eskaintza zabala ere martxan du BERRIAk, 2019tik orain arte handitzen joan dena. EKAITZ ZILARMENDI URRUTIA / BERRIA
Podcast eskaintza zabala ere martxan du BERRIAk, 2019tik orain arte handituz joan dena. EKAITZ ZILARMENDI URRUTIA / BERRIA

Oreka ekonomikoa

Azken bost urteetako prezioen igoera etengabeak zailtasun bat gehitu dio berez zaila zen negozio eredu bati. Prentsa idatziak gero eta kostu handiagoak ditu, batez ere papereko edizio bati eutsi nahi badio: inflazioa handitu eta energia zein erregaiak garestitu izanak lehengaiei, inpresioari eta banaketari eragiten die. Bestetik, publizitateak eta salmentak beheranzko joeran jarraitzen dute, eta egunkarien diru sarrera tradizionalak koskaz koska jaisten ari dira. Munduko egunkari guztiei edo gehienei gertatzen ari zaie hori, eta guztiak ari dira zailtasun horiei aurre egiteko helduleku bila. 

BERRIA Taldeak oso autofinantzaketa handia du, %65ekoa, eta Manex Txopeitia BERRIA Taldeko finantza arduradunak esplikatu du ezinbestekoa dela hori «proiektuaren oinarri eta balio nagusietakoa den independentziari eusteko»; eta aurrerantzean hala segi dezan ahalegin berezia egingo du egunkariak. Horretarako, funtsezkoa izango da proiektuari babes ekonomikoa ematen diotenen komunitatea handitzea. «Bestalde, euskarazko hedabideen funtzio soziala zein handia den ikusita, ezinbestekoa izango da erakundeek diru laguntza lerro sendoak bideratzea sektoreari, eta digitalizazioak zein berrikuntzak sektorera dakartzaten aldaketei erantzuteko finantzaketa bideetan sakontzea ere bai».

Lan baldintzak eta ingurune feminista

Barrura begira, berriz, lantaldearen baldintzak hobetzen jarraitu nahi du BERRIA Taldeak, zaintzaren eta lan ingurune feministaren lerroetan sakonduz. Komunikabideetako laneko martxa ez da erraza izaten, baina lan jardunak eta lan kargak antolatzeko ahalegina egin du taldeak azken urteetan, eta baldintza horiek zaintzen jarraitzeko asmoa du, profesional onak trebatzeko eta garatzeko baldintzak sortuz.

Bestetik, hirugarren berdintasun plana garatzen ari da taldea, eta gogoeta eta praktika feminista lantzen segitzeko asmoa du, kudeaketa feminista izanik helburu. Talde lana sustatu eta zaintzea, berdintasunez parte hartzeko baldintzak sortzea eta egitura parekideak eraikitzea izango da erronka.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA