Hiru parametro nagusiek behera egin dute, gaur argitaratutako datuen arabera. Beste hogei hildako zenbatu dituzte azken orduetan, baina bezperan baino 12 gutxiago. Martxoaren 24tik egun batean izan den hildako kopuru txikiena da. Positiboen kopuruak ere behera egin du: 348 positibo berri atzeman dituzte (bezperan baino 94 gutxiago). Kasu horretan, esan behar da positiboek behera egin dutela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, baina ez Nafarroan: 178 positibo atzeman dituzten Nafarroan (egindako testen % 16,7k positibo eman du).
Ospitaleratuen kopuruak behera egin du beste behin, eta milatik behera kokatu da (martxoaren 22ko datua baino hobea da). 944 pertsona daude ospitaleratuta (bezperan baino 81 gutxiago). ZIUn, 160 (bezperan bezala). Joerei begira, hamalau egunez metatutako datuen batezbestekoak aintzat hartuta, behera doaz ospitaleratuen, ZIUetako okupazioaren eta eguneko hildakoen kurbak. Eguneko positiboen kurba ez da hain argia; gelditasun zantzuak ditu.
Eremu politikoan, itxialdia arintzeko eta konfinamendua kentzen hasteko planak eta horiek ezartzeko moduak dira hizpide nagusia. Espainiako gobernuburuak atzo iluntzean iragarri zuen datorren larunbatetik aurrera jarduera fisikoa egin ahal izango dela etxetik kanpo. Gaur goizean, erkidegoetako lehendakariekin bildu da telematikoki. Urkullu lehendakariak bi neurri azpimarratu ditu: batetik, merkataritza jarduera pixkanaka irekitzeko proposamena, eta, bestetik, udari begira eragin sozial handiko jarduerak kudeatzeko irizpideak partekatzeko proposatu du. Horrez gain, "kogobernantza eredu bat" eskatu dio Espainiako Gobernuari. "Ardura partekatuak eta lidergo partekatuak bateragarriak dira", nabarmendu du Maria Txibite Nafarroako lehendakariak. Halaber, "trantsiziorako batzorde bat" osatuko dutela iragarri du Txibitek, hemendik aurrerako pausoak partekatzeko.
Europako herrialde batzuetan, izurriak eragin txikiago izan duen tokietan, normaltasunaren leihoa zabaltzen ari dira. Baina, Euskal Herriari begira, beste abiadura bat aurreikusten da; normaltasun berrirako bidea luzea izango da.
DATUAK: Koronabirusaren azken datuak
MAPA: Koronabirusaren zabalpena herriz herri eta osasun eremuka
Honek ere agian merezi du
Tunelaren bestaldea. Beste elkarrizketa interesgarri bat zientzialari batekin. Oraingoan, Ignacio Lopez-Goñi Mikrobiologia doktore eta dibulgatzaile zientifiko nafarrarekin, Ion Orzaiz kazetariaren eskutik. Baikor begiratzen dio etorkizunari zientziak aurrerapauso izugarriak eman dituelako. Tunelaren bestaldean argia ikusten dela dio. Baina, zurhartasunari helduta. Konfinamendua haurrak kalera ateratzen uztearekin arintzea ongi iruditzen zaio. Baina bigarren faseari ekiteko koxka bat falta dela uste du. Positiboen beheranzko joera jarraitua eta iraunkorra izan behar du, bi astekoa, gutxienez. Oraindik ez gaude egoera horretan.
Txertoaren erronka. Zertan dago COVID-19ari aurre egiteko txertoaren sorkuntza? Gai horri heldu dio Ana Galarraga Elhuyar Zientzako kideak gaurko Txertoa: itxaropen mugatua izenburuko artikuluan. Azkar ari dira txertoak garatzen, baina lehen olatua gerarazteko ez dira iritsiko, 'Cell' aldizkari zientifikoan argitaratutako txosten baten arabera.
Haurrak kalean. Berriro ikusi ahal izan dira haurrak kalean, gaurko argazki bilduman jasota gelditu den bezala.