Hizkuntz Eskubideen Behatokiak «aldaketa ausartak» eskatu ditu berriz, 25. urtemugan

Iruñean izan da urteurren ekitaldia, eta, hantxe, erakusketa bat jarri dute mende laurden honetan egindako lanaren berri emateko; beste herri eta hiri batzuetara ere zabaltzeko modua dagoela esan dute.

(ID_16490345) (Iñigo Uriz/@FOKU) 2026-09-29, Iruñea
Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia, Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren 25 urteak ospatzeko ekitaldian. IÑIGO URIZ / FOKU
arantxa iraola
2026ko irailaren 29a
20:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Lege babes ahula dugu lurralde guztietan, eta sektore eta alor batzuetan ez da planteatzen hizkuntza eskubideak bermatzeko eta euskara normalizatzeko neurri eraldatzailerik. Ondorioz, euskararen presentzia gero eta zokoratuago dago». Era horretan laburtu du gaur Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendari Agurne Gaubeka Erauskinek euskaraz bizitzeko ahalegina egiten denean berehala egiaztatu ohi dena. Hainbatetan egindako eskea ere berritu du: «aldaketa ausartak» behar dira egoera iraultzeko. Erakundeak 25 urte bete dituela gogora ekartzeko ekitaldia egin dute gaur ilunabarrean Iruñean, Pinaquy aretoan, eta hantxe hartu du hitza. Ekitaldian aurkeztu dute, halaber, mende laurden honetan egindako lanaren berri emateko prestatu duten erakusketa.

Gaubekak gaur deskribatu duen egoera Behatokiak behin eta berriz erakutsi du urteotan guztiotan, hizkuntza eskubideen urraketen berri emateko argitaratzen dituen txostenetan. Izan ere, hizkuntza eskubideekin lotutako «kexa, zorion eta kontsultak» jasotzen ditu urtero Euskararen Telefonoaren bidez. Kexak gailentzen dira beti, hizkuntza eskubideak ez baitira osorik bermatzen, oro har, eremu gehienetan. Iazko txosteneko datuei erreparatzea aski da desoreka nolakoa den ulertzeko: 883 kexa jaso zituzten, 69 zoriontze edo esker on mezu, hogei iradokizun, 11 kontsulta eta izaerarik gabeko kexa bat. «Behin eta berriro antzeko egoerak gertatzen dira, eta jasotzen ditugun erantzunak ere, askotan, berdinak dira, urraketak gainditzeko bestelako neurririk planteatu gabe», berretsi du gaur Gaubekak. 

Eskariak

Gaurko ekitaldian, euskalgintzako kideekin batera, hainbat agintari izan dira, eta, haien aurrean, egoera aldarazteko neurriak zenbat aldiz eskatu dituzten gogorarazi du Gaubekak. «Zuongana, erakunde publikoetara jo dugu: parlamentuetara, epaitegietara, arduradunen bulegoetara... Hizkuntza eskubideak txertatzeko ekarpen eta proposamenak egin ditugu, egoera larriak azaleratu ditugu, eta herritarren bizipenak behin eta berriz helarazi ditugu». Aldiz, erantzuna gehienetan motelegia izan dela azaldu du: «Horren aurrean, batzuek entzungor egin dute, eta beste batzuek, aztertuko dituztela esanda, ezer gutxi proposatu dute egoera iraultzeko». Horiek horrela, gaur berriro eskea egin die: «Lege babes eta mekanismo zorrotzak eta betebehar irmoak ezartzea behar dugu, bai espazio publikoan, bai sozioekonomikoan». 

«Euskara erabiltzeko mugaz eta oztopoz betetako gizarte bat eraiki eta legitimatu dugu»

AGURNE GAUBEKA ERAUSKIN

 Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendaria

Izan ere, mende laurden honetako dinamikaren ondorioak agerikoak direla gogorarazi du Gaubekak: «Euskara erabiltzeko mugaz eta oztopoz betetako gizarte bat eraiki eta legitimatu dugu, eta aurrerabidean emandako pausoek sentsazio faltsua eragin dute gizartean: dena eginda dagoelako itxura sortu dute». Urtemuga ospakizunetan aurrerabideei-eta erreparatzen zaie usu, mezu pozgarriak gailentzen dira, baina goibeletik ere izan du gaurkoak. Besteak beste, herritar askok duten «etsipen sentsazioa» hizpide izan du Gaubekak.

(ID_16490346) (Iñigo Uriz/@FOKU) 2026-09-29, Iruñea
Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren 25 urteak ospatzeko ekitaldia, IÑIGO URIZ / FOKU

Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabel Larrañagak ere hartu du hitza ekitaldian. Hain justu ere, Euskalgintzaren Kontseiluak berak sortua da Hizkuntz Eskubideen Behatokia. Bereziki goraipatu du Behatokiak hiztunen kontzientzia pizten egiten duen lana. «Menderakuntzaren mekanismo bortitz eta eraginkorrena menderakuntza bera antzemanezin bihurtzea izan ohi da», gogoratu du. Eta, hortxe, hain justu, irmo eragiten saiatzen da Behatokia. «Asko izan dira 25 urte hauetan Behatokiak euskararen normalizazioari eta biziberritzeari egindako ekarpenak, baina guztien artean azpimarragarriena horixe da: behin eta berriro ohartaraztea euskaldunoi bigarren mailako herritar izatera zigortuta egotea ez dela onargarria, baina, batez ere, ez dela normala».

«Zoritxarrez, sortu zutenean bezain ezinbestekoa da oraindik ere Hizkuntz Eskubideen Behatokia»

IDURRE ESKISABEL LARRAÑAGA Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia

Horiek horrela, abiatutako borrokan irmo jarraitu behar dela adierazi du Eskisabelek: «Zoritxarrez, 25 urte geroago, sortu zutenean bezain ezinbestekoa da oraindik ere Hizkuntz Eskubideen Behatokia». Euskalgintzaren Kontseiluak xede nagusi bat du jarria euskararen biziberritzea bultzatzeko: «Euskaraz bizitzeko behar den dena lortzea». Eta, hain justu ere, hor «eragiten» segitzeko berebiziko tresna da gaur ere Behatokia. 

Ibilbidearen «erretratua»

Iruñean jarri duten erakusketa erakundeak 25 urteotan egindako bidearen «erretratua» dela esan dute gaurko ekitaldian. Batetik, urteotan hizkuntza eskubideen arloan egindako aldarrikapenak, prentsa agerraldiak eta borrokak gogoratu dituzte, eta, bestetik, jasotako urraketak azaleratzeko ahalegin bat egin dute. Bidea Iruñean abiarazi dute, baina aurreratu dute erakusketa «beste herri eta hiri batzuetara» zabaltzeko modua ere badagoela. 

 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA