Migratzaileei begirako hizkuntza harrera eta murgiltze estrategiak hizpide, hiztun berrien emozioetara heltzeko zidorrez hitz egin zuen Bartzelonako Unibertsitateko irakasle eta neurohezkuntzako aditu Anna Foresek asteazkenean Donostian, Ikastolek antolatutako Jardunaldi Pedagogikoetan: «Arimaren arkitekturak egin behar ditugu, pertsona bakoitzak senti dezan besteekin loturak dituela». Pompeu Fabra Unibertsitateko irakasle eta ikertzaile eta hizkuntza politiketako aditu Vicent Climent-Ferrandok oso bestelako ikuspegi batetik heldu zion gaiari: datuetan eta hizkuntza politika zehatzetan oinarritu zuen mintzaldia, eta eskolaz kanpo ere katalana txertatzeko Bartzelonan egiten ari diren ahaleginetan ikasten ari diren lezioetan: «Migratzaileek-eta ikusten badute katalana hizkuntza markatua dela, jende gutxik igo nahi du gurdi horretara. Garrantzitsua da normalizatzea: goitik ezartzea hizkuntzaren beharrezkotasuna». Elkarren ondoan jarrita, tarte bat hartu zuten elkarrizketa honetarako. Katalanari dagokionez ere, ezagutza eta erabileraren arteko aldea handitzen ari da, eta horrek sorrarazitako gogoeten eta ekinbideen inguruan ardaztu zituzten gogoetak.
Jendearen bihotzetara begira bat; hizkuntza politika eraginkor batek behar dituen neurri zehatzen azterketan bestea. Zeinen garrantzitsuak bi begiradak, ezta?
VICENT CLIMENT-FERRANDO: Osagarriak dira. Datuen bidez erakutsi nahi nuen emotibotasuna ere jarri behar diogula hizkuntzari: ezin du kontu administratibo hutsa izan, ezin da beti derrigortasunarekin, eskolatzearekin eta arauekin lotu. Annak, ekarri dizkigun metaforen bidez, ondo azaldu digu nola heltzen den pertsona bakoitza bere mundu ikuskerarekin, eta horregatik lotu behar da hizkuntza afektuekin: zerbaiten parte izatearekin.
ANNA FORES: Obligatuta bada, oso zaila da zu ekosistema batean sartzea. Parte sentitzen bazara, ordea, egiten duzu bat. Datuek argi esaten dute egun harrotuta dauden haizeak ez direla hizkuntza gutxiagotuen aldekoak, eta, beraz, bestelako norabideak behar direla.
«Desabantailan dagoen hizkuntzari behar diren lanabesak eman behar zaizkio hiztunek benetako berdintasuna izan dezaten: hori lortzeko bideetako bat dira hizkuntza klausulak» VICENT CLIMENT-FERRANDO Hizkuntza politiketan aditua
Emozioen garrantziaz ari zarete biak, baina Vicentek bere hitzaldian azaldu du, adibidez, aisialdi eremuetan-eta katalanaren erabilera sustatzeko estrategietan enpresei «hizkuntza klausulak» ezartzeak zenbateko garrantzia duen. Emozioen bidez jendearengana heltzeaz aparte, hizkuntza politika sendoak behar direla erakusten du horrek?
CLIMENT-FERRANDO: Hain justu ere. Klausulek ekitatea dakarte, hizkuntza gutxituari elementuak ematen dizkiote berdintasuna lortzeko. Desabantailan dagoen hizkuntzari behar diren lanabesak eman behar zaizkio hiztunek benetako berdintasuna izan dezaten: hori lortzeko bideetako bat dira hizkuntza klausulak. Izan ere, hizkuntza minorizatua babesten ez baduzu, handiak jan egingo du.
Eskolarako beste murgiltze eredu bat aztertzeko topaketan mintzatu zarete, Ikastolen Elkarteak gonbidatuta. Umeek eskola «etxe» sentitu behar dutela esan duzu, Anna. Nola lortzen da hori?
FORES: Sarritan, egoera zaurgarrietatik edo migrazio prozesuetatik datozen umeek zama handiagoa dakarte. Toki batera heldu eta oztopoak jartzen dizkietela sentitzen badute, ez dira etxean bezala sentituko. Orduan, eskolak trabarik gabeko zorua izan behar du, mundu guztia sar dadin, eta, behin sartutakoan, maitemindu egingo ditugu ikasleak hizkuntzarekin, kulturarekin, historiarekin. Hortik, gauza asko egin daitezke. Baina eskolara heldutakoan dena traba eta elkarren berri izateko zailtasuna bada, nekez sentituko dira haurrak etxean.
«Eskolara heldutakoan dena traba eta elkarren berri izateko zailtasuna bada, nekez sentituko dira haurrak etxean»
Neurohezkuntzan aditua
ANNA FORES
Baina maitemintze hori gertatzeko, hizkuntza hori bizirik sentitu behar dute ume horiek, ezta? Eta, adibidez, duten azal koloreaz harago, lehen hitza hizkuntza gutxitu horretan egiten zaiela igartzeak berebiziko garrantzia du.
CLIMENT-FERRANDO: Bai, batez ere emozioekin lotutako eremu horietan: futbolean jokatzeko garaian, dantzatzerakoan, sare sozialetan jendearekin harremanetan jartzerakoan... Hizkuntza emozioekin lotutako eremuetan badago, hor marko mental jakin bat lortzen duzu. Gainerakoan, katalana hizkuntza markatu moduan hartzen da, eta katalana hitza entzun orduko garunean irudi jakin bat pizten da: erradikala, inposizioa, askatasun falta... Nola zuzendu hori? Hizkuntza aisialdi eremuetara eramanda. Eskolak ezagutza bermatzen du, baina hizkuntzak aisialdira ere heldu behar du; gainerakoan gazteek pentsatuko dute: «Zertarako behar dut hau? Zertarako, eskolatik aterata ez badut inon entzuten?». Baliteke hizkuntza gutxituen latinizazioaren hasiera izatea: hizkuntza hori da administraziorako, derrigorrezkoa den horretarako; bestea, berriz, emozioetarako, aisialdirako. Beharrezkoa da, beraz, hizkuntza gutxituak aisialdi eremuetan sartzea, hiztunek senti dezaten natural dagoela hor.
«Baliteke hizkuntza gutxituen latinizazioaren hasiera izatea: hizkuntza hori da administraziorako, derrigorrezkoa den horretarako; bestea, berriz, emozioetarako, aisialdirako»
Hizkuntza politiketan aditua
VINCENT CLIMENT-FERRANDO
Eta egoera horretan, hain justu ere, errazagoa da jendearen maitemina lortzea, ezta?
FORES: Guztiz. Katalunian gazteak katalanera erakartzeko aldagai indartsuenetarikoa, esaterako, katalanez egiten duten musika taldeak dira: Oques Grasses, edo Txarango bere garaian... Edota telesailak. Beraz, bai, lan egin behar da hizkuntzarako sarbide unibertsala bermatzeko, baina baita beste esparru sotilago batzuetara eramateko ere, horiek egiten baitute gazteentzat hizkuntzak zentzua izatea.
CLIMENT-FERRANDO: Hortxe dago Zetak taldeak izan duen garrantzia. Milaka pertsona ikusten dituzu haien kantuak kantatzen. Horrek eramaten zaitu euskara emotibitatearekin lotzera; zatozen tokitik zatozela, komunitate baten parte izateko gogoa pizten dute halakoek. Gainerakoan, hizkuntza gutxitua beti da hizkuntza adjektibatua. Besteak, berriz, inoiz ez du adjektiborik.
Hizkuntza gutxituek «kohesio tresna» izan behar dutela esaten da usu. Horretarako, batez ere, gizaki guztiok batzen gaituzten elementu bateratzaileei erreparatu behar zaiela azaldu du Annak. Nola egiten da hori?
CLIMENT-FERRANDO: Bai, eta hizkuntza aurrerapenarekin lotu behar da, aukerekin. Ez da katalana ala gaztelania; hizkuntzak ez dira erlijioak: ezin zaitezke izan agnostikoa, katolikoa eta musulmana aldi berean, buruak eztanda egiten dizu. Baina izan zaitezke euskara etxean jaso duen hiztun bat, edo gurasoetako bat euskalduna duena, edo hizkuntza erabiltzen duena eremu jakin batzuetan. Beraz, aukerekin lotzea garrantzitsua da. Ez baduzu katalanez edo euskaraz hitz egiten bizi zaitezke? Dudarik gabe. Orain, oso modu partzialean. Ez duzu giro guztietan egoteko modurik izango, ezingo dituzu zenbait lanpostu eskuratu. 80ko hamarraldian Kataluniara heldutako hainbat pertsonak obsesio hori bazuten: nire seme-alabek katalana ikasi behar dute, hori delako bertakoa izateko modua, eta igogailu soziala delako. Gakoetako bat hori da: hizkuntzak igogailu sozial izan behar du aurrerantzean ere.
«Lan egin behar da hizkuntzarako sarbide unibertsala bermatzeko, baina baita beste esparru sotilago batzuetara eramateko ere, horiek egiten baitute gazteentzat hizkuntzak zentzua izatea» ANNA FORES
Neurohezkuntzan aditua
Eta hori bihotzean sentitzeko zer egin?
FORES: Nik, adibidez, ez dakit euskaraz, eta zaila ematen du. Garrantzitsua da jendeari zera sentiaraztea: nahi badu lortuko duela hizkuntza ikastea. Administratiboki, adibidez, ezin da pentsatu kanpotik datozenak ezin direla, esaterako, ikastola batera eraman ezingo dutelako ikasi. Bestalde, mundu liluragarri bat dela sentitu behar dute, sartu nahi dutela. Beraz, hesiak jarri beharrean, hori da bidea: «Begira zer eskaintzen dizudan».