Lurra zulatzeari 2006an ekin zioten, baina askoz ere lehenago hasi zen egosten AHT abiadura handiko trenaren Euskal Herriko lehen proiektua, euskal Y izenekoa. Izatez, Espainiako Gobernuak, Madril-Sevilla AHT lerroa inauguratu zuenean, 1992an, asmoa iragarri zuen Madril Espainiako Estatuko probintzietako hiriburu guztiekin tren lasterraren bidez lotzeko. Euskal Y-aren egitasmoa garai hartan hasi zen mamitzen agintarien bulegoetan. 1994an, Essenen (Alemania) egindako Europar Kontseiluaren goi bileran, proiektu hori barne hartzen zuen korridore atlantikoa aukeratu zuten Europako trenbide sarearen zazpi ardatz estrategikoen artean. Zehazkiago, Euskal Herrian eragina izango zuten bi ardatz zeuden zerrenda hartan: ardatz atlantikoa, Paris eta Madril lotu eta Euskal Herria iparretik hegora zeharkatuko zuena. Eta, Mediterraneokoa, zeina korridore atlantikoarekin Nafarroatik barrena lotzeko asmoa zuten, herrialdea hego-ekialdetik ipar-mendebaldera zeharkatuta.
Hots haiek larrituta sortu zen Euskal Herriko AHTaren aurkako lehen taldea: AHTaren Aurkako Asanblada. 1993. urtean sortu zen, ildo antikapitalista, antidesarrollista eta asanblearioa ardatz hartuta. Artean proiektu zehatzen inguruko oso informazio gutxi zegoenez, AHTaren aurkako taldeen lehenengo lana hori izan zen: proiektuen inguruko informazioa bilatzea, kalteen eta ibilbideen mapa osatzen saiatzea.
Informazioa tantaka bilduz joan ziren, askotan salatu baitute agintariek ez zutela horretan lagundu. Alabaina, biltzen hastearekin batera, kaltetuak izango ziren udalerri, herritar eta kolektiboei zabaltzen hasi zitzaizkien informazioa, eta lehen mendi martxak eta mobilizazioak antolatzen. 1996an, kanpaldi bat egiteari ekin zioten urtero, eta hori bihurtu zen aurrerantzean AHTaren aurkako oposizioaren erreferentziazko ekinaldi garrantzitsuenetako bat.
Garai hartan hasi ziren egiten agintarien lehen agerraldiak eta zabaltzen lehen adierazpenak komunikabideetan. Jose Antonio Ardanza Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren Garraio sailburuak, Jose Antonio Maturanak, babestu egin zuen proiektua, Parisekin eta Madrilekin lotzeaz gain Euskal Herriko hiriburuen arteko joan-etorria asko azkartuko zuela argudiatuz. «Gakoetako bat hori da, Gasteiztik Bilbora 30 minutuan joatea», adierazi zion Euskaldunon Egunkaria-ri 1997an egindako elkarrizketa batean. Parisekiko lotura ia galdutzat emanda, eta Madrilekikoa urte batzuetan atzeratuko dela ziurtzat jota, Jose Antonio Santano Espainiako Garraio idazkariak ere ideia horri eman dio garrantzia berriki El Correo egunkarian, hau da, EAEko hiru hiriburuen arteko lotura azkartzea dela euskal Y-aren funtzio nagusietakoa. Santanok obren inaugurazioa 2033a baino lehen egitea espero duela ere esan du.
Alvaro Amann eta zundaketak
Jaurlaritzan Juan Jose Ibarretxe lehendakariak agintzen zuela, 2000ko hamarkadaren hasieran hasi ziren egiten tren lasterraren lehen zundaketa lanak. Tokian-tokian protestak eta erresistentziak topatu zituzten arren, aurrera egin zuten, baina kontrako mugimendua ere indartuz zihoan, proiektuaren inguruko argibideak jasoz joan ahala. Hala, EHNE nekazari sindikatuak eta AHTaren Aurkako Asanbladak bultzatuta, AHT Gelditu Elkarlana sortu zuten 2001ean, sindikatu, alderdi, talde ekologista eta beste hainbat eragileren elkarlanean.
Egoera politiko hartan jakin zuten egitasmoaren bultzatzaileek Europako Batasunak lehentasun bereziko hamahiru proiektuetatik kanpo utzi zuela euskal Y-a, eta, beraz, estatuaren finantzaketaren esku geratuko zela proiektua gauzatzea.
Urte batzuetako geldialdiaren ostean, lanei ekiteko urrats handia egin zuen administrazioak 2006ko apirilean, orduan sinatu baitzuten egitasmoa finantzatzeko akordioa Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak. 4.178 milioi euroko aurrekontua ordaintzeko modua zehaztu zuten: Jaurlaritzak Gipuzkoako zatiaren lanak aurreratzea hitzartu zuten —1.642 milioi euroko aurrekontuarekin—, ondoren kupo bidez estatuari deskontatzeko; gainerakoa Madrilen esku geratuko zen. Bistan da aurrekontu hori oso urruti geratu dela jadanik gastatu denaren aldean. Duela bi urte, Oscar Puente Espainiako Garraio ministroak adierazi zuen 9.000 milioi euro gastatzea aurreikusten dutela euskal Y-a egiteko.
Nola finantzatu zehaztuta, proiektu teknikoa ere lotuta utzi zuten: 172 kilometroko plataforma bat, tartean 80 tunel —ibilbidearen %60tik gora lur azpitik doa— eta 71 zubibide. Hiru geltoki aurreikusten zituen hiriburuetan, eta beste hiru Irunen, Ezkio-Itsason eta Astigarragan. Azken horiek —Ezkio-Itsasokoa kenduta— proiektutik kanpo geratuz joan dira hamarkada hauetako proiektuen moldaketetan.
Makinak lanean hasterako, kontrako mugimendua ere indartsu zebilen, eta garai hartan antolatu zituen AHT Gelditu Elkarlanak proiektuaren aurka inoiz egin diren manifestaziorik handienak. Besteak beste, Arrasaten, 2007an milaka lagun batu zituzten —15.000, antolatzaileen arabera—. eta baita Irun eta Hendaiaren arteko protestan ere. Garai hartan egin zuten Gelditour ekinaldia ere, Euskal Herriko hainbat herritatik igaro zen informazio bira, eta horretan ere makina bat jendek parte hartu zuen.
Egoera politiko hartan, ahaleginak egin ziren ezker abertzaleak agintzen zuen hainbat herritan AHTaren inguruko herri galdeketak egiteko. Epaileek, alabaina, ekinaldi haiek oztopatzeko jarrera hartu zuten. Sonatua izan zen Aramaioko kasua (Araba). Udalak 2007an egindako galdeketagatik, Asier Agirre EAE-ANVko alkateari zazpi urterako inhabilitazioa ezarri zioten, galdeketa antolatzea eta prebarikazio delitu bat egin izana egotzita. Gasteizko epaitegi batek jarritako zigorra atzera bota zuten gero Arabako Probintzia Auzitegian. Beste zenbait herritan, eragileek antolatu zituzten galdeketak, udalak lokalak utzita: esate baterako, Elorrion eta Atxondon (Bizkaia).
ETAren esku hartzea
Loiolako prozesuak porrot egin eta su-etena amaitu ostean, ildo armatuari berriz heldu eta hainbat ekintza egin zituen ETAk AHTaren aurka. Lanak egiten ari ziren zenbait enpresaren aurka Zarautzen, Orion eta Hernanin egindako hiru sabotaje ekintza txiki bere gain hartu zituen. Baina, batez ere, Inaxio Uriaren, Altuna y Uria eraikuntza enpresako enpresaburuaren aurkako atentatuak eragin zuen lurrikara politikoa —Azpeitian hil zuen, 2008ko abenduan, tiroz—. Enpresa horrek obrekin zuen loturagatik justifikatu zuen ETAk, besteak beste, ekintza hura.
Atentatu horrek harrabots handia eragin zuen gizartean, eta baita obren aurkako mugimenduan bertan ere. Besteak beste, mugimendu ekologistako zenbait kidek salatu zuten ETAren esku hartzea —Iñaki Antiguedad, Mikel Alvarez, Rosa Lago eta Iñaki Barcenak—. AHT Gelditu Elkarlana ere, ez horren modu esplizituan, baina desmarkatu egin zen ekintzatik.
Edonola ere, atentatu hark abaroa eman zion aurretik ere bazetorren aurkarien kriminalizazioari. Eta, handik hilabete eskasera Urbinan lanetara egin zuten protesta martxan, Ertzaintzak gogor jo zuen bertaratutako ehunka lagunen aurka. Egun hartako atxilotuei «terrorismo delitua» egotzi zieten, nahiz eta gero haien aurka egin zen prozeduran epaileek baztertu egin zuten delitu hori.
Ertzaintzaren eta Jaurlaritzaren jarrera gogor haren erakusgarria da BERRIAk garai hartan publikatu zuen Polizia Autonomikoaren barne zirkular bat. Haren arabera, agenteei agindu zieten terrorismo gisa hartzeko AHTaren aurkako ekintzak, eta auziak Espainiako Auzitegi Nazionalera bidaltzeko. Urbinan atxilotu eta auzipetu zituztenen kasuan, hori egin zuten, baina Auzitegi Nazionalak ez zuen auzia beretzat hartu. Lanek aurrera egiteak eta errepresio gogorrak eragin dezentekoa eduki zuten kontrako mugimenduan ere, eta 2010eko hamarkadan apalduz joan zen taldeen dinamika.
Nafarroako obren hasiera
Araba, Bizkai eta Gipuzkoan AHTaren lanak martxan jartzea kosta egin bazen ere, are eta gehiago atzeratu ziren Nafarroan. 2010ean sinatu zuten Nafarroako eta Espainiako gobernuek hitzarmena herrialdean tren lasterraren lanak egiteko. Horren arabera, Nafarroak aurreratu egin behar zuen dirua, eta ondoren Adif-ek itzuliko zion —Espainiako trenbide azpiegituretarako kudeatzaileak—, interesik gabe. Herrialdean hiru zatitan banatu izan da AHTaren proiektua: Aragoi-Castejon, Castejon-Zuasti, eta Zuasti-euskal Y-a.
Lanek oso poliki egin dute aurrera herrialdean 2011n martxan jarri zirenetik. 2010eko krisialdi ekonomikoak bete-betean eragin zien, eta urte batzuetan —2014 eta 2016 artean— guztiz geldirik egon ziren makinak. Oraingoz lanak martxan daude Castejon eta Zuasti artean, eta hasi gabe beste bi zati nagusietan. Proiektu osoa gauzatzeko 3.200 milioi euro beharko direla kalkulatu dute. Obrak bukatuta daude Castejon eta Iruñerri arteko bost zatietatik bitan, eta martxan besteetan. Azken bi azpizatiak —Ezkirotz-Campanas eta Zuasti-Ezkirotz— azterketa informatiboak bukatzeko zain daude, obrak hasteko. Nafarroako korridorearen eta euskal Y-aren arteko lotura, berriz, nondik egingo den erabakitzeko dauka Espainiako Gobernuak oraindik. EAJk gogor egin izan du lotura hori Ezkiotik barrena egin dadin, baina horrek berekin dakar 20 kilometro inguruko tunel bat zulatu beharra Aralarren.
Lanak hainbeste atzeratu dira, gaur egun inor gutxi ausartzen baita esatera noizko egongo den prest proiektu osoa, hiriburuetako lur azpiko geltokiak barne. Izan ere, aurreikusten da behin-behineko geltokiekin hasiko direla funtzionatzen lehen tren lasterrak, Bilbon eta Gasteizen behin-behinean atonduko baitituzte geralekuak.
Ipar Euskal Herriko loturari dagokionez, berriz, Frantziako Gobernuak gutxienez 2042ra arte atzeratu du Lapurditik barrena euskal Y-arekin lotura izateko aukera. Nabarmentzekoa da, Bidasotik iparraldeko lurraldeen kasuan, bertako agintariek beti izan dutela halako errezelo bat tren lasterraren inguruan, Hego Euskal Herriko agintariek ez bezala. Jarrera hori instituzionalizatu egin zen 2024ko Euskal Hirigune Elkargoaren batzarrean egin zen bozketa batean. Frantziako Hego-mendebaldeko Trenbide Egitasmo Handiaren aurka bozkatu zuten 137 hautetsik, eta soilik hogeik egin zuten haren alde. Egitasmoaren aurka azaldu izan da, esate baterako, Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakari ohia. Gaur egungo lehendakari Alain Iriart EH Baiko kidea ere AHTaren aurka azaldu da, eta Elkargoak berak kontrako jarrera finkatu zuen bozketa batekin amaitu zen eztabaida saio batean. Azpimarratzekoa da nolako lana egin duen jarrera hori finkatzeko CADE Ingurumenaren Aldeko Elkarteen Taldeak, zeinak dozenaka urte eman baititu gizartean AHTaren aurka lanean.
Tunela zulatzeari ekin eta hogei urtera, beraz, esan daiteke oraindik urrun dela AHTak argia ikusiko duen eguna.
Kronologia
- 1992. Espainiako Madril-Sevilla AHT lerroa inauguratu zuten. Espainiako Gobernuak iragarri zuen asmoa zuela Madril gainerako probintzietako hiriburu guztiekin AHT bidez lotzeko.
- 1993. Euskal Y-aren proiektuaren lehen berriak hasi ziren zabaltzen. AHTaren Aurkako Asanblada sortu zuten.
- 1994. Essenen (Alemania) egindako Europar Kontseiluko goi bileran zazpi ardatz estrategiko zituen AHT bidezko plana onartu zuten. Tartean zegoen Euskal Herria zeharkatuko zuen ardatz atlantikoa.
- 1996. AHTaren Aurkako Asanbladak lehenengo kanpaldia antolatu zuen.
- 2000. AHTaren proiektuko lehen zundaketak egiten hasi ziren, Juan Jose Ibarretxeren Jaurlaritzaren garaian.
- 2001. AHT Gelditu Elkarlana sortu zuten, EHNE nekazarien sindikatuak eta AHTaren Aurkako Asanbladak bultzatuta. Sindikatu, alderdi, talde ekologista eta beste eragile batzuek bat egin zuten harekin.
- 2006. Euskal Y-a egiteko finantzaketa sistema sinatu zuten Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak apirilean. Udazkenean, lanei ekin zieten, Arratzua-Ubarrundian (Araba).
- 2007. Milaka lagunek manifestazioa egin zuten Arrasaten —15.000, antolatzaileen arabera— AHTaren aurka ordura arte egindako mobilizaziorik handiena.
- 2008. ETAk Inaxio Uria Altuna y Uria eraikuntza enpresako enpresaburua hil zuen tiroz, enpresa horrek AHTko lanetan zuen esku hartzearengatik.
- 2009. Protesta jendetsua egin zuten Urbinan, lanak egiten ari ziren tokian. Ertzaintza oldartu egin zitzaien, eta hainbat lagun zauritu zituen. Hainbat atxiloturi «terrorismo delitua» egotzi zieten, baina Espainiako Auzitegi Nazionalak ez zuen halakorik onartu.
- 2010. Espainiako eta Nafarroako gobernuek herrialdean tren lasterra egiteko hitzarmena sinatu zuten.
- 2011. AHTaren lanak egiten hasi ziren Nafarroan, Castejon inguruan.
- 2014. Krisi ekonomikoaren ondorioz, bertan behera geratu ziren AHTaren Nafarroako lanak, bi urtez.
- 2024. Euskal Hirigune Elkargoko batzar batean, 137 hautetsik Lapurdiko proiektuaren aurka bozkatu zuten. Hogeik bakarrik bozkatu zuten alde. Frantziako Gobernuak iragarri zuen Akize eta euskal Y-aren arteko lotura goizenez 2042rako gauzatuko zela.
- 2026: Jose Antonio Santano Espainiako Garraioko estatu idazkariak iragarri zuen espero duela euskal Y-a 2033rako inauguratu ahal izango dela.