Astebete igaro da Zaldibarko (Bizkaia) Eitzaga auzoko zabortegian luizia gertatu eta bi langile desagertu zirenetik. Zabortegiaren kudeaketari buruzko irregulartasunak argitara atera dira, egunez egun. Gaur elkartu da aurrenekoz koordinazio eta jarraipenerako mahai teknikoa, Zaldibarko udaletxean; egunero egingo dute bilera. Eusko Jaurlaritzak Verter Recycling 2002 enpresari egotzi dio ardura, eta oposizioak kontuak eskatu dizkio gobernuari.
Herritarrek egunak daramatzate protestan. Atzo elkarretaratzeak egin zituzten Gipuzkoako zenbait herritan, eta larunbaterako mobilizazio batera deitu dute. Martxak egingo dituzte Eibartik, Ermutik eta Elgetatik, eta Eitzagan elkartuko dira.
Iñigo Urkullu lehendakariak eta haren gobernuko zenbait sailburuk asteartean emango dituzte auziaren inguruko azalpenak, Eusko Legebiltzarraren Diputazio Iraunkorrean, oposizioko alderdiek eskatuta.
Zabortegiaren egoera ez da ona. Langileak erreskatatzeko lanak etenda daude, geologoek ohartarazi zutelako lurra ez zela egonkorra. Segurtasuna bermatzeko lanean ari dira orain. Bestalde, suak bost egun daramatza piztuta.
Lehendakaria, Iñaki Arriola Ingurumen sailburua eta Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburua langileen senitartekoekin elkartu ziren atzo, Zaldibarren. Haietako batek BERRIAri adierazi dio «are haserreago» geratu zirela bileraren ondoren.
Urkullu ezustean joan zen zabortegira, eta ez zuen adierazpenik egin. Ezbeharra gertatu eta lau egunera hitz egin zuen gaiaz aurrenekoz, prentsaurreko batean. Dena dela, hori ez zen prentsaurrekoaren gai nagusia izan; hauteskundeak apirilaren 5era aurreratu dituela iragartzeko deitu zuen agerraldira. Han, Gara egunkariko kazetari batek galdetu zion ez al zuen sentitu zabortegira joateko beharrik. «Twitterren antolatzen diren kanpainengatik? Ez», erantzun zion. Esan zuen ez duela «hondamendi naturalen eta lan istripuen» lekuetara joateko ohiturarik.
Ordutik atzoko bisitara, lehendakariak jarrera aldatu du, baina Eusko Jaurlaritzaren jarrera argia da: Verter Recycling enpresari egotzi diote ardura guztia. Elena Moreno Ingurumen sailburuordeak joan den larunbatean eman zituen azalpenak; hura izan zen Jaurlaritzako lehena hitz egiten. Orduan esan zuen Ingurumen Saila enpresa hari zigor txosten bat jartzeko zorian zegoela, 2019an egindako ikuskapenetan irregulartasunak aurkitu zituztelako.
Gaur, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak jakinarazi du espedientea ireki diotela Zaldibarko zabortegiaren jabe eta kudeatzaile den Verter Recycling 2002 enpresari.
Erkorekak azken egunetan esan dituenek ere eman dute zeresana. Asteazkenean, Radio Euskadi irratian egindako elkarrizketa batean, kritikatu zuen «sarraskijale» batzuek EAJren kontra erabili nahi dutela ezbeharra.
Oposizioak gogor kritikatu du Jaurlaritzaren jarduna. EH Bilduk, PPk eta Elkarrekin Podemosek eskatu dituzte lehendakariaren eta sailburuen agerraldiak.
Irregulartasunak zabortegian
Ostegun gauean eman zuten informazioa: konturatu ziren amiantozko piezak ere bazeudela amildutako zakarren artean, sorosleek eta desagertutakoen bilaketa lanean hasi ziren brigadek ez zutela horren berririk, eta, beraz, ez zutela erabili egoera horretara egokitutako segurtasun protokoloa. Ordutik, luzatu egin da irregulartasunen zerrenda.
BERRIAk sektoreko iturrietatik jakin zuen Zaldibarko zabortegiaren estali gabeko eremuak zegokion baino askoz ere eremu handiagoa hartzen zuela. Gutxienez lau hektareako eremua zuten itxi gabe luizia gertatu zenean, eta bakarra edukitzeko baimena zuten.
Enpresak izan bazuen amiantoa edukitzeko baimena, baina BERRIAk jakin du nahastuta zegoela beste hondakin batzuekin. «Honek erakusten du Bizkaiko zabortegietan oro har dagoen kontrol ez-erabatekoa», salatu zuen Ekologistak Martxan elkarteko amiantoaren kutsaduraren kanpainako arduradun Javi Vazquezek.
Vocento taldeko egunkariek, baina, jakinarazi zuten beste substantzia arriskutsu bat ere hartu izan dutela Eitzagako zabortegian: poliklorobifeniloak —hidrokarburoak kloroarekin nahastuz sortzen diren konposatu batzuk dira, olio edo erretxin itxura har dezaketenak. Minbizia sortzen dute, eta 1987an guztiz debekatu ziren, nahiz eta obretan-eta zigilatzaile gisa eta elektrizitate instalazioetan isolatzaile gisa erabili izan ziren ordura arte, besteak beste—. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren 2015eko epai batek ohartarazi zuen Eitzagako zabortegian poliklorobifeniloen isurketa kontrolgabeak egin izan direla, Vocentoren informazioaren arabera.
Ezbeharraren lekura aurrena iritsi zen suhiltzaileetako batekin hitz egin du BERRIAk: uste zuten luizi batean ibilgailuetan harrapatutakoak erreskatatzera zihoazela. Bertara iritsi zirenean ikusi zuten, kamioitik bertatik, zabortegi batean gertatu zela, eta zabortegia bera erori egin zela. Haserrea adierazi du.
Orain, arazoa auzitara eraman du Eusko Jaurlaritzak, eta eremua egonkortzea da gobernuaren lehentasuna, lanean jarraitzeko. Oraindik ez dute erabaki nora bidali zabortegitik ateratzen ari diren materiala. Esan dutenez, hondakinak amiantoarekin nahasita daude, eta, beraz, dena «hondakin arriskutsu gisa» tratatuko dute, baina EAEn ez dago horrelako hondakinak jasotzeko gauza den zabortegirik.