Huhezik 10.000 euskal irakasle trebatu ditu mende erdian

Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea 1976an sortu zuten, irakasleak euskaraz prestatzeko beharrari erantzuteko. Gaur egin dute Huheziren 50. urteurrena ospatzeko ekitaldi instituzionala, Eskoriatzako campusean.

Pradales, Atxa eta Ipiña gaurko ekitaldian. HUHEZI
Pradales, Atxa eta Ipiña gaurko ekitaldian. HUHEZI
14789412 kepa
Eskoriatza
2026ko martxoaren 18a
16:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Denera 50 urte joan dira Mondragon Unibertsitateak Huhezi fakultatea sortu zuenetik, eta, urte horietan guztietan, 10.000 ikasle baino gehiago igaro dira hango ikasgeletatik. Horien artean daude gaur egun Euskal Herri osoko ikastetxeetan milaka haurren prestakuntzaren ardura duten euskal irakasleak, eta humanitateetako eta komunikazioaren munduko profesionalak ere bai. Gainera, ikasketa eta prestakuntza dualean aitzindaria denez, Huhezik lankidetzan dihardu seiehun enpresa eta erakunde baino gehiagorekin, eta harremana du Gipuzkoako ikastetxe gehienekin.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak emandako datuen arabera, Huhezin Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako graduak amaitzen dituzten ikasleen %82k aurkitzen dute lana dagokien arloan, eta Ikus-entzunezko Komunikaziokoa egiten dutenen %84k. Horixe bera nabarmendu dute gaur Huheziren 50. urteurreneko ekitaldi instituzionalean, Eskoriatzako campusean (Gipuzkoa).

Vicente Atxa Mondragon Unibertsitateko errektoreak azpimarratu duenez, milaka profesional trebatu dira Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean, eta, orain, horietako askok «zeregin garrantzitsuak» dituzte Euskal Herriko hezkuntza sisteman, komunikazioan, kulturan eta gizartean. «Mondragon Unibertsitatea etengabe ikasten ari den komunitate bat da, etengabe sortzen ari dena eta gizartearekin batera etorkizuna eraikitzen duena», gehitu du.

«Mondragon Unibertsitatea etengabe ikasten ari den komunitate bat da, etengabe sortzen ari dena eta gizartearekin batera etorkizuna eraikitzen duena»

VICENTE ATXA Mondragon Unibertsitateko errektorea

Bestalde, Nagore Ipiña Huheziko dekanoak adierazi duenez, «ez da  soilik etorkizuneko profesionalak prestatzen dituen espazio bat, baizik eta baita pertsonei euren ibilbide osoan laguntzen dien komunitate bat ere». 

Atxa eta Ipiñarekin batera, besteak beste, Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak parte hartu du ekitaldian. Gasteizko gobernuko buruak beharrezkotzat jo du «humanismoa eta gizabidea herri baten norabidearen lehen lerrora ekartzea»: «Pentsamendu kritikoa behar dugu, aurrerapen teknologiko-zientifikoak sortzen dizkigun erronka eta arazoak etengabe zalantzan jarriko dituena». Horiek horrela, «aurrerapauso bat ematera» deitu du, eta zera gaineratu: «Etengabe planteatu beharra dago gure ekintzek eta hitzek zenbateraino erantzuten dieten mundu honetan partekatzen ditugun idealei, baita nazio gisa ere».

Jatorria

Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak 1976an du jatorria, orduan sortu baitzen Eskoriatzako Irakasle Eskola—gerora, egungo fakultatea eratu zen hartatik—. Eskola hori hasiera-hasieratik nabarmendu zen, aitzindaria izan baitzen euskarazko irakasleen prestakuntzan.

Sortu zenetik, hauek izan dira fakultatearen helburuak: euskal irakasleak trebatzea, euskarazko hezkuntzaren bidez gizartea eraldatzea, irabazi-asmorik gabeko kooperatiba izatea eta berrikuntza sustatzea. 2000tik, hau da, Lanki ikertegia sortu zutenetik, 12.000 pertsonak baino gehiagok egin dituzte kooperatiba ikasketak, hala nola prestakuntza ikastaroak, lan saioak eta neurrira diseinatutako mintegiak.

«Etengabe planteatu beharra dago gure ekintzek eta hitzek zenbateraino erantzuten dieten mundu honetan partekatzen ditugun idealei, baita nazio gisa ere»

IMANOL PRADALES Eusko Jaurlaritzako lehendakaria

Gaur egun, Huhezik hiru campus ditu: Eskoriatzakoa, fakultatearen jatorria eta hezkuntza eta kooperatibismo ikasketak eskaintzen dituena; Aretxabaletakoa, komunikazio ikasketak eta sormen eta kultura industriei buruzkoak eskaintzen dituena; eta Bilbao AS Fabrik, humanitateei eta hezkuntzari buruzko ikasketak eskaintzen dituena. Gainera, 25 urte baino gehiago daramatza online ikasketak eta ikasketa erdipresentzialak eskaintzen, eta aitzindarietako bat da jardunbide horretan.

Fakultatea 2026an

Guztira 1.482 ikasle daude graduetan, 242 masterretan, 32 doktorego ikasketetan, 70 titulu propioetan eta 102 ikastaro laburretan. Kooperatibismoaren arloan, fakultateak 103 saiotan —2.060 pertsona baino gehiago— parte hartu du, eta 2.130 ikasle baino gehiago aritu dira hezkuntzarekin lotutako proiektuetan. Gainera, Huhezik 80 ikerketa eta transferentzia proiektu baino gehiagotan dihardu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA