Eusko Legebiltzarreko talde abertzaleen balizko ekintza batasun baterako, behintzat, ez zen ederki hasi EAEko autogobernuaren egitasmo berria, lantaldea sortzea erabaki bezperan hautsi baitzen EAJren eta EH Bilduren akordioa —PSE-EErekin egin zuen hitzarmena EAJk; iazko otsaila zen—. Eta orain jakin da lantaldeak legealdi hau lanak bukatzeke amaituko duela. Izan ere, EAJk eta Eusko Jaurlaritzak legealdi honetan estatutu berriaren testu artikulatu bat egongo zela hitzeman zuten arren, EAJk jendaurrean aitortu du hori ez dela posible izango.
Jone Berriozabal autogobernuaren lantaldeko koordinatzaileak iazko maiatzetik aurtengo maiatzera hamabost saiotan izandako 28 adituen agerraldien laburpenak eman dizkie legebiltzar taldeei, eta zehaztu die datorren abenduaren 29rako egin beharko dituztela estatutu berriari buruzko proposamenak. Urtarrilaren 13an bilduko dira berriro, proposamenak aztertzeko, eta handik aurrera hasiko lukete eztabaida, akordioa lortzeko asmoz. Legealdi honetan ez dute erdietsiko, Joseba Egibar EAJko eledunak hedabideen aurrean onartu duenez: «Ez da zaila asmatzea legegintzaldi honetan ez dela testu artikulatu bat egongo. Aukera hori ez da erreala». Taldeek proposamenak egiteko duten «konpromisoa» azpimarratu du Berriozabalek. «Inork ez du ezetzik esan».
Aurrerapenik ezean, datorren urteko urrian izango dira Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Denbora balegoke Gasteizko parlamentuan itun berriaz akordio bat lortzeko eta hura bozkatzeko, baina gaur-gaurkoz taldeen arteko desadostasunak handiak dira eta, gainera, datorren abenduaren 20an Espainiako bozak izango direla ere kontuan hartu behar da. Horrez gain, Idoia Mendia PSEko idazkari nagusia esanda dago EAEko estatutuberria baino lehen konstituzioaren erreforma bat egin beharko litzatekeela, estatua federal bihurtzeko, eta gero, gerokoak.
Orain, «oinarriak»
Egibarrek atzo zioen orain helburua «oinarriak finkatzea» izan behar dela, ondoren haien gainean eraikitzeko testu artikulatua. «Lantaldean gai izan behar dugu adostasunak eta desadostasunak antzemateko». Ildo beretik jo du Berriozabalek: «Espero dut legegintzaldia amaitzerako finkatuta izatea autogobernua eguneratzeko oinarriak». EAJk «ahal den proposamenik xehatuena» aurkeztuko du abenduaren 29rako, haren bozeramaileak adierazi duenez. Halaber, Egibarrek gogoratu du Eusko Legebiltzarrak 2001-2005 legealdian jardun zuela gai horretaz lanean, Juan Jose Ibarretxe lehendakariaren garaian estatutu berria egin zutelako —Madrilek ez zuen onartu—.
Oraingo lantaldea abiatzeko akordioan EAJk eta PSEk zioten autogobernuaren «garapena» eta «lorpenak» aztertzeko izango zela, helburutzat estatutuaren «eguneratzea» jarrita. Hasier Arraiz EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu zuenez, jeltzaleekin zeukaten akordioak esaten zuen itun berriak «muga bakar» moduan herritarren erabakitzeko eskubidea jaso beharko lukeela.
EH Bilduk estatus politiko berriaren kontuarekin luzamendutan aritu izana leporatu dio EAJri. Egibarrek ukatu egin du estrategia hori dutela, eta gaineratu du ez dela azkarregi aritu behar: «Normalean, presarekin ari denak ez du gauza askorako ematen. Presak ez dira bidelagun onak izaten. Horrelako gaiek denbora, perspektiba eta adostasun handiak eskatzen dituzte».
Borja Senper PPko legebiltzarkideak ere uste du EAJk «lantaldeko eztabaida luzatu» egin nahi duela, «denbora irabazteko eta busti gabe jarraitzeko», eta «argitzeko» eskatu dio. «Hauteskundeetako kalterik ez izateko EAJk ez du bere jarrera argitzerik nahi, eta horrela zaila da harekin eztabaidatzea». Senperren esanetan, PPk ez dio uko egingo Gernikako Estatutua erreformatzeari edo «modernizatzeari», bainalehentasuna emango dio 1979ko adostasuna zabaltzeari. Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak «presentzia eta ardura politiko handiagoa» izatea bilatuko dute, betiere «nahasmen handiagorik sortu gabe». «Ulermena egon dadin lan egingo dugu».
Gorka Maneiro UPDko legebiltzarkidearen ustez ere EAJk «denbora irabazi» nahi du, eta talde denei «argitasuna» izateko galdegin die. «Mugak legeak,Zuzenbide Estatuak eta Espainiako Konstituzioak ezartzen dituzte». Haren iritzian, EAJk era EH Bilduk muga horiek gainditu egin nahi dituzte autodeterminazio eskubidea erabiliz.
Hurrengorako utzi du EAJk
Egibarrek aitortu du legealdi honetan ez dela EAEko estatutu berriaren testu artikulaturik izango.Taldeek proposamenak abenduaren 29rako egin beharko dituzte.Urtarrilaren 13an bilduko dira

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu