Nafarroako Gobernuak etxebizitza parkearen «erabilera egokia bermatzea» jarri zion helburu gisa bere buruari. Eta bide horretan beste neurri bat jarri du martxan gaur: hutsik dauden etxebizitzak detektatzea eta jabeekin harremanetan jartzea. Horrela, bi helburu bete nahi ditu foru gobernuak: alde batetik, Nafarroan dauden etxebizitza hutsen erregistro ahalik eta eguneratuena izatea; eta, bestetik, jabeei etxebizitza horiek merkatura ateratzeko bide bat eskaintzea.
Etxebizitza, Gazteria eta Migrazio Politika Sailak ustez hutsik dauden 115 etxebizitza identifikatu ditu egunotan, eta jabeengana jotzen hasi da gaur. Etxebizitza hutsik ez dagoela justifikatu beharko dute jabeek, gehienez ere hamar eguneko epean. Bestela, etxebizitza hustzat joko da, Nafarroako erregistroan sartuko dute, eta jabeari zerga berezia ordainaraziko diote. Udalei dagokie zerga hori kobratzea; hortaz, behin hutsik daudela baieztatuta, Nafarroako Gobernua udalekin jarriko da harremanetan.
Horren helburua da etxebizitza horiek merkatura ateratzea eta Nafarroako parkea handitzea. Hori dela eta, jabeei ohar baten bidez jakinaraziko zaie gobernuak susmoa duela etxea hutsik dagoela, eta, jakinarazpen horretaz gain, informazioa bidaliko diete etxe horiek nola merkaturatu argitzeko. Besteak beste, etxebizitza horiek nola alokatu eta zaharberritze lanetarako diru laguntzak nola eskatu jakinaraziko zaie.
Etxebizitza Sailak analisi tresna berri bat jarri du martxan etxe hutsak errazago identifikatzeko. Tresna horrek modua ematen du ur eta elektrizitate kontsumoa katastroko datuekin alderatzeko. Jarduteko era berri horrek etxe hutsen «identifikazioa azkartuko» duela adierazi du Etxebizitza Sailak, ohar baten bidez. Identifikatu dituzten etxebizitza gehienak Iruñerrian daude: 85. Beste 30 lurraldean sakabanatuta daude.
Denak juridikoak
Baina zer esan nahi du etxebizitza bat hutsik egoteak? Norbaitek bere bigarren etxebizitza urtean zehar ez badu erabiltzen, Nafarroako Gobernua ez da harekin harremanetan jarriko. Izan ere, etxebizitza bat hustzat jotzeko bi egoeratako bat bete behar da: pertsona fisikoen kasuan —hau da, norbanakoak—, administrazio publikoa hirugarren etxebizitzatik aurrera hasten da zenbatzen etxebizitza hustzat jotzeko; pertsona juridikoen kasuan —enpresak, adibidez—, ordea, ez dago gutxieneko kopuru bat: ez badago ur edota elektrizitate gasturik, etxea hustzat jo daiteke. Ustez hutsik dauden 115 etxebizitza horiek bigarren multzokoak dira.
Neurria etxebizitzaren kontrol eta ikuskatze planaren barnean kokatzen da. Gobernuaren plan horrek xede du Nafarroako etxebizitza parkea era egokian erabiltzen dela ziurtatzea. Horiek horrela, zenbait ekintza eraman dituzte aurrera hutsik dauden etxebizitzak identifikatzeaz gain, hala nola eraikuntza bultzatzea, birgaitzeak areagotzea, etxebizitza babestuen eskualdatzea erraztea eta alokairuen eta jabe handien erregistro bat osatzea.
Bestelako neurriak
Etxea eskuratzeko bidea errazteko ahaleginetan, Nafarroako Gobernuak zenbait neurri martxan jarri ditu azken urtean. Iragan irailean, esaterako, EtxeON egitasmoa aurkeztu zuten. Egitasmo horren bidez 735 etxebizitza publiko eraikitzea aurreikusten dute: alokairu babestuko 493 etxebizitza, erabilera mugatuko salerosketarako 128, eta etxebizitza kooperatibei lagatzeko 114. Eraikuntza lanak 2030. urtera arte luzatuko zirela jakinarazi zuten egitasmoa aurkeztu zutenean.
Gainera, bestelako etxebizitza eredu bat bultzatzeko bidea urratzen hasi zen otsailean: bizitoki kooperatibak. Etxebizitza Kolaboratiboen Foru Legearen aurreproiektua aurkeztu zuten orduko hartan. Testu horretan jaso zutenez, kooperatiba batek izango du etxebizitza multzo baten titulartasuna, eta haren partaideak ez dira eraikinaren jabeak izango, baina eskubide osoa izango dutela hor bizitzeko eta eremu eta zerbitzu komunak erabiltzeko.