Hutsune ugari osasun itunaren familia argazkian

EAEko osasun sistema publikoa eraldatzeko xedez sortu zen osasun mahaia. Eusko Jaurlaritza berriaren proiektu sortako izarra zenak, baina, distira galdu du bidean; Osakidetzako langileak ordezkatzen dituzten sindikatu guztiek bizkarra eman diote.

Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua, urtarrilean egindako osasun mahai batean. GORKA RUBIO / FOKU
Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua, urtarrilean egindako osasun mahai batean. GORKA RUBIO / FOKU
kristina martin
2025eko uztailaren 30a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako osasun sistema publikoa hobetzeko asmoz abiatu zuen Eusko Jaurlaritzak osasun ituna ontzeko mahaia, iazko irailean. Imanol Pradalesek bota zuen erronka, lehendakari moduan bi hilabete eta erdi besterik ez zeramala: «Osasun sistema eraldatzea eta punta-puntako osasun arreta bermatzea» zen xedea, Eusko Jaurlaritzako lehendakariak aurkezpenean esan zuenez. Horri ekiteko modua ere proposatu zuen: «Elkarrekin».

Osasungintzarekin lotutako 30 bat eragilek jaso zuten gobernuaren gonbidapena: besteak beste, sindikatuek, profesionalen elkargo ofizialek, alderdi politikoek, Confebask enpresarien elkarteak, eta unibertsitateek —EHU unibertsitate publikoak, eta bi pribatuk: Mondragon unibertsitateak eta Deustukoak—. Horiekin batera, laurehun adituk ere egin dituzte ekarpenak. Hamar hilabeteren eta hamaika bilera gorabeheratsuren ostean, parte-hartze prozesuaren amaiera eszenifikatu zuten ekainaren 27an: «Akordio historikotzat» aurkeztu zuten sustatzaileek.

Kontsultarako prozesua intentsitate handikoa izan da, eta ondorioak utzi ditu; Osasun Sailaren barne antolakuntzan, esaterako, aldaketak izan dira zuzendaritza karguetan. Alberto Martinez Osasun sailburuak uztailaren 22an azaldu zuenez, «aldaketa osasun itunaren ondorioei dagokie, hain zuzen, erronka eta konpromiso berriei aurre egiteko». Sailaren lema hartu dutenen profila aukeratzerakoan helburu bat izan dute: osasun sistema publiko «moderno, berritzaile eta digital» bat eratzea, «pertsonengan» zentratuko dena eta «iraunkortasuna» eta «eraginkortasuna» ardatz izango dituena.

Osasun itunari buruz hitz egiterakoan, nekez topa daiteke zenbat buru, hainbat aburu esamoldeari hobeto egokitzen zaion egoerarik. Izan ere, emaitzaren inguruko iritziak askotarikoak dira, norberak jantzi dituen betaurrekoen kolorearen araberakoak. «Akordio historikoa» eta «euskal gizarte osoaren lorpena» izan da prozesua sustatu dutenentzat, eta «aukera galdu bat», «handinahia», «presazkoa» eta «itxurazkoa» ituna babestu ez duten eragile batzuentzat.

Iritziak iritzi, datuek agerian uzten dute hutsune nabarmenak daudela familia argazkian: Osakidetzako langileen sindikatuek —SATSEk, ELAk, LABek, SMEk, CCOOk eta UGTk— ez dute bat egin itunarekin. Alderdi politikoei dagokienez, gobernua osatzen duten alderdiek —EAJk eta PSE-EEk— PPren babesa baino ez dute lortu. EH Bilduk eta Sumarrek ez dute sinatu ituna. Pazienteei dagokienez, osasun publikoaren alde borrokan aritu diren herri plataformei —OPA eta Lehen Arreta Arnasberritzen— ez diete aukerarik eman parte hartzeko.

Osakidetzan ordezkaritzarik handiena duten lau sindikatuen iritzia jaso du BERRIAk. Diagnostikoan ñabardurak dituzte, baina denak bat datoz ondorio nagusian: itunak ez ditu konponduko osasun sistemak dituen gabeziak eta arazoak.

SATSE erizainen sindikatuak, esaterako, uste du prozesua presaka egin dela: «Euskal osasungintza publikoaren etorkizuneko estrategiari buruzko eztabaida batek merezi zuen denbora gehixeago ematea». Euskadiko Sendagileen Sindikatuaren (SME) iritziz, «presazkoa eta oso handinahia» izan da prozesua, eta Osasun Sailari egotzi diote garrantzi handiagoa eman izana ezarritako epean amaitzeari, mamiari baino.

Ignacio Sanroma Ortueta
Ignacio Sanroma Ortueta, SMEren Gipuzkoako idazkari nagusia, Donostian duten egoitzan. BERRIA

«Fakultatiboen gabezia ez da arazo bakarra, noski, baina osasun sistema publikoaren egiturazko eta funtsezko arazo bat da gaur egun, eta ez zaio merezi duen garrantzia eman»

IGNACIO SANROMA SMEren Gipuzkoako idazkaria

LABek gogorrago hitz egin du: «Bai langileek bai herritarrek egin dituzten mobilizazioak ikusita, EAJk bere burua behartuta ikusi du horrelako prozesu bat egitera». Sindikatu abertzaleak salatu duenez, «zerbait egiten ari direla irudikatzeko ekintza bat izan da, baina benetan mamia aldatzeko inolako asmorik gabea». ELA ere kritiko azaldu da: «Ez dugu edukirik ikusi, ezta arazoak konpontzeko borondaterik ere». Besteek ez bezala, ELAk uko egin zion mahaian parte hartzeari.

Kritika orokorren gainetik, eragile bakoitzak bere arrazoiak ditu itunari ezezkoa emateko.

SMEren aburuz, ez zaio behar bezala heldu fakultatiboen —hau da, medikuen eta teknikari espezialisten— gabeziari. «Ez da arazo bakarra, noski, baina osasun sistema publikoaren egiturazko eta funtsezko arazo bat da gaur egun», esan du Ignacio Sanroma SMEren Gipuzkoako idazkariak. Eta, itunean aipatu bada ere, «ez zaio eman merezi duen garrantzia».

Sanromaren esanetan, horren ordez, fakultatiboez bestelako soslai profesionalak indartzean jarri dute arreta. Horrekin batera, lehen arretan beste profesional batzuk txertatzeari buruz ere hitz egin da itunean: optometristak, psikologoak... Iritzi diote arreta arazoaren muinetik desbideratzea dela hori: «Oso ondo iruditzen zaizkigu horiek guztiak, baina ez dugu uste hori denik egun herritarrek duten funtsezko arazoa osasun sistema publikora doazenean».

Lankidetza publiko-pribatua, ezbaian

Medikuen sindikatuak, gainera, ez du egoki ikusten mugak jartzea erakunde pribatuek osasun publikoan izan beharreko parte hartzeari. Sanromaren arabera, gaur egungo sistema publikoa ez da gai behar guztiak asetzeko, eta, sindikatuaren iritziz, erakunde pribatuen jakintza eta teknologia ezinbestekoak dira osasun sistema publikoa osatzeko eta hobetzeko.

Horren haritik aipatu ditu osasungintza publikoaren eta arlo pribatuaren arteko elkarlanaren zenbait adibide, herritarrentzat onuragarriak izan daitezkeenak: kudeaketa arloa, unibertsitateetako jakintza eta talentua, ikerkuntza, aurrerapen teknologikoak eta adimen artifiziala. SMEren ustez, osasungintzan «gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari dira» osasungintzan, eta «hein handi batean, eremu pribatuan daude».

Batzuen ustez, muga gehiegi; besteen iritziz, gutxiegi. Izan arrazoi batengatik edo izan beste batengatik, lankidetza publiko-pribatuak tirabira handiak sortu ditu. LAB sindikatuak, esaterako, prozesua utzi zuen hirugarren faseari zegokion agiria sinatu aurreko egunean. Argudiatu zuen Eusko Jaurlaritzak ez diola «mugarik jarri negozio pribatuari». Itunari muzin egiteko beste pisuzko arrazoia da «osasun sistema sakonki eraldatzeko neurririk eztabaidatu ere egin ez izana», Xabier Ugartemendia LAB sindikatuko Federazio Publikoko arduradunak adierazi duenez.

Lankidetza publiko-pribatuaren gaiak urrundu du itunetik SATSE erizainen sindikatua ere. «Ulertzen dugu behar guzti-guztiak ezin direla ase baliabide publikoekin, baina alor publikoaren aldeko apustu sendoa egin behar da», azaldu du Amaia Mayor sindikatuko idazkari nagusiak. Osasun Sailari gardentasun falta leporatu diote gai hori landu duten taldeetan.

«Euskal osasungintza publikoaren etorkizuneko estrategiari buruzko eztabaida batek merezi zuen denbora gehixeago ematea»

AMAIA MAYOR SATSE sindikatuko idazkari nagusia

Adibide bat ipini du: «Zerbitzuen zorroaren taldeak helburu bat jaso zuen: «Zerbitzuak sistema publikotik eskaintzea». Jaurlaritzak atzera bota zien helburu hori, argudiatuta lankidetza publiko-pribatuaren taldearen eremuan sartzen zela». Mayorrek zehaztu duenez, «beste bi taldek ere jaso zuten gai hori, baina horiek planteatu zuten arlo pribatuari modua ematea sistema publikoan parte hartzeko, eta horiei ez zieten trabarik jarri».

Amaia Mayor SATSEko idazkari nagusia
Amaia Mayor SATSEko idazkari nagusia. BERRIA

Horretaz gain, Mayorrek salatu du goi kargudunen esklusibotasunari buruz ere ez zela hitz egin. SATSEk uste du profesional horiek ez luketela osasungintza pribatuan lan egin beharko, interes gatazkak sortzen direlakoan. «Gaur egun, zoritxarrez, interes gatazka horien adibide asko dauzkagu», esan du.

Beste ildo garrantzitsuak

Lankidetza publiko-pribatuaz gain, langileen kudeaketa eta herritarrentzako zerbitzuen zorroa izan dira bereziki estrategikoak, Mayorren esanetan: «Hiru talde horiek kudeatzeko moduak baldintzatzen du beste guztia». Hori azaltzeko adibide bat jarri du: «Onkologiari edo lehen arretari buruzko ildo estrategiko zoragarriak eduki ditzakegu, baina ez badugu langileen arloko politika egokirik, ez badugu zehazten enpresa pribatuekin lankidetza izango dugun eta nolakoa izango den, eta ez badugu argi zein zerbitzu eskainiko dizkiegun herritarrei, ez dugu nahi dugun emaitza lortuko».

XABIER UGARTEMENDIA
Xabier Ugartemendia, LABeko Federazio Publikoko arduraduna. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

«Ez dute hitz egin nahi izan ez pribatizazioaz, ez goi kargudunen esklusibotasunaz, ezta zerbitzu zorroen zabaltzeaz ere»

XABIER UGARTEMENDIA LAB sindikatua

LABek bat egin du horrekin. Salatu duenez, prozesuan ez da sistema eraldatzeko neurririk hartu. «Ez dute hitz egin nahi izan ez pribatizazioaz, ez goi kargudunen esklusibotasunaz, ezta zerbitzu zorroen zabaltzeaz ere».

ELAk, bestalde, nabarmendu du osasun publikoa hobetzeko ezinbestekoa dela langileen baldintzak hobetzea. «Beste faktore batzuk ere badaude, noski, baina langileen baldintzak hobetzen ez badira, ez da kalitatezko osasungintza publikorik izango», adierazi du Esther Saavedra ELAren Osakidetzako arduradunak. Horretarako, ELAk uste du Osakidetzarako aurrekontua nahitaez handitu behar dela, baina «gobernu berriak ez du diru gehiago jarri». Beraz, «buelta asko emanda ere, baliabide gehiago egon ezean arazoak ez dira konponduko».

Esther Saavedra,
Esther Saavedra, ELAren Osakidetzako arduraduna. BERRIA

«Beste faktore batzuk ere badaude, noski, baina langileen baldintzak hobetzen ez badira, ez da kalitatezko osasungintza publikorik izango»

ESTHER SAAVEDRA ELA sindikatuko Osakidetzako arduraduna

«Foro berritzailea eta aberasgarria»

Eragile batzuek nabarmendu dute prozesuak alderdi onak ere izan dituela nahiz eta hobetzeko asko dagoen. SATSEk, adibidez, begi onez ikusi du Eusko Jaurlaritzak atea zabaldu izana osasungintzako eragileek politika publikoetan lan egin dezaten: «Foro berritzailea eta aberasgarria izan da, askotariko eragileen arteko elkargune bat izan baita, eta elkar ezagutzeko eta lan egiteko aukera eman digu, gainera».

Bereziki, hirugarren fasearen balioa azpimarratu du Mayorrek —ildo estrategikoak jorratu dira hartan—. Guztira bostehun pertsonak parte hartu dute. Prozesuan parte hartu duten eragileek aukera izan dute adituak gonbidatzeko, 24 ildoetako bakoitzean ekarpenak egin zitzaten. «Intentsitate handiz lan egin dugu denok, eta askotan presaka, epeak oso laburrak ziren eta. Beraz, espero dezagun esfortzu hori guztia alferrik ez galtzea».

LABen ikuspuntua ez da horren baikorra, baina Ugartemendiak «egin beharreko bidaiatzat» jo du foroan parte hartzea. Ugartemendiak gogorarazi duenez, kalean egon diren mobilizazioengatik sortu du gobernuak mahai hori, eta, alde horretatik, LABek «arduraz» jokatu du : «Proposamenak egin ditugu, eta, borrokatu ondoren, batzuk kontuan hartu dituzte».

SMEk ere balioa eman dio itunean parte hartzeari, eta iritzi dio prozesua, oro har, aberasgarria izan dela. «24 lantaldeetan parte hartu dugu, proposamenak egin ditugu, eta oro har lan egiteko modua eta giroa onak izan dira», kontatu du Sanromak. «Zorte handia opa diegu, eta espero dugu itunean adostutakoak onuragarriak izatea hala profesionalentzat nola pazienteentzat, baina ez dakigu hemendik aurrera zer gertatuko den. Guk dakigula, hurrengo bilera apirilean da, eta bitarte horretan ez dago ezer».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.