IAk bertan behera utzi du Herri Unibertsitatea, «EHUren izaera poliziala» salatzeko

Bart gauean, Ertzaintzak indarrez atera ditu zenbait gazte Gasteizko campusetik. Horren harira, 13:00etan mobilizazioa egin dute.

IA
IAren manifestazioa, gaur, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2024ko otsailaren 29a
08:52
Entzun

IA Ikasle Abertzaleak taldeak antolatuta, atzo eta gaur Herri Unibertsitatea egitekoak ziren EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen Gasteizko campusean. Alabaina, atzo gauean Ertzaintzak indarrez kanporatu zituen Letren Fakultatean gaua pasatzen ari ziren zenbait gazte, eta, ondorioz, IAk gaurko egitaraua bertan behera uztea erabaki du.

Hain zuzen, atzo abiatu zuten Herri Unibertsitatea, eta bi eguneko egitaraua zuten aurretik. Gauean, Gasteizko Letren Fakultatea hartu zuten. IAren arabera, batetik, Herri Unibertsitatea antolatzeko jarri dizkieten «trabak» salatzeko asmoa zuten hala. Eta, bestetik: «Ikasle langileok independenteki politika egiteko espazioen eta Herri Unibertsitatea bezalako egitasmoen beharra ere azpimarratu nahi genuke». Halaber, EHUri egindako lau exijentziaren berri ere eman zuten: Polizia unibertsitatetik kanporatzea, masterrak doan izatea, ordaindu gabeko praktikarik ez egotea, eta etxebizitzako gastuei aurre egiteko dirulaguntzak denentzat izatea.

Ordea, Ertzaintza campusean zeuden gazteei oldartu zitzaien gauean, eta kanporatu egin zituzten. Hori horrela, gertatutakoa eta «oro har EHUren izaera poliziala salatzeko», bertan behera utzi dute gaurko egitaraua, eta 13:00etan mobilizazio bat egin dute, «jasandako errepresioa salatzeko».

IAren hitzetan, «larria» izan zen atzo gertatutakoa, eta EHUri egotzi diote errua: «Erantzukizun osoa EHUrena da, eta ekimen politiko oro erreprimitzeko prest daude, elkarrizketarako aukerarik eman gabe».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.