Ibarrolarentzat Txibite eta Sanchez «beharrezko konplizeak» izan dira ustezko ustelkeria sarea «lasai ibiltzeko»

UPNk batzarra egin du Iruñean. Alderdiko presidenteak uste du PSNk soberan duela 'N' hizkia.

Cristina Ibarrola, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Cristina Ibarrola, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
jakes goikoetxea
2026ko maiatzaren 23a
13:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

PSN. Nafarroako Alderdi Sozialista. Cristina Ibarrola UPNko presidentearentzat, ordea, PSNk soberan du N hizkia, «foraltasuna defendatzeari utzi baitio, jada ez dute Nafarroa defendatzen». Nafarroa babestu ordez, Ibarrolaren iritziz, «PSNk bere burua eta boterean irautea babesten ditu».

UPNko presidenteak agerraldia egin du alderdiaren 46. batzarrean, Iruñean. Urtebete falta da udal eta foru hauteskundeetarako. «UPN da Nafarroak behar duen aldaketa zuzentzeko alternatiba erreal bakarra», esan die Ibarrolak afiliatuei. Uste du herritarrek ez dituztela «barkatuko», «Nafarroan eta Espainian ikusten ari garen gertaerak».

«Helmuga propioa»

Mugak gainditzea egotzi die Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidenteari eta Pedro Sanchez Espainiakoari: «Legegintzaldiak ahalik eta gehien luzatzen saiatu dira, gailurrari eusteko; haien balioei traizio eginda igo ziren gailur hori».

Ibarrolarentzat Santos Cerdan PSOEko Antolakuntza idazkari ohia eta Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidente ohia izan dira Txibiteren eta Sanchezen «euskarri, erreferentzia eta babesle nagusiak». Akusazio zuzena eta larria egin du Txibiteren eta Sanchezen kontra: «Txibite eta Sanchez, gutxienez, beharrezko konplizeak izan dira ustezko ustelkeria sare hori herrialde honetan lasai ibiltzeko. Umiliagarria da nafarrontzat».

Ibarrolak nabarmendu du UPNk «helmuga propioa» duen Nafarroa babesten duela. Horregatik, lanean jarraitzeko asmoa agertu du, Espainiako Konstituziotik laugarren xedapen iragankorra indargabetzeko. Xedapen horrek Nafarroa eta Euskal Autonomia Erkidegoa batzeko aukera eskaintzen du. UPNk orain arte ez du lortu indargabetzea.

Hezkuntza eta Athletic

Ibarrolarentzat «arrakasta» izan da bere alderdiak itunpeko haur hezkuntzako ikasgelak ez ixteko egindako lege proposamena. UPNko presidenteak argi utzi du ez dutela utziko «familiek ikastetxea aukeratzeko eskubidea arriskuan jartzen». Uste du hezkuntza sistema osoan ikasle kopuru bera ezarri behar dela ikasgelako, eta irakasle guztiek soldata bera jaso behar dutela, nola sare publikokoek, hala itunpekoek. 

PSNz, hurrengo urteko hauteskundeez, xedapen iragankorraz, ikasgelen itxieraz eta PSOEren ustelkeria kasuez gain, Ibarrolak hitz egin du Athleticeko elastiko berriaz ere. Euskal Herriko mapa ageri da elastikoan, ikurrina barruan duela. UPN auzitara jotzeko prest dago, Ibarrolak aste honetan bertan esan duenez. Gaurko batzarrean Ibarrolak kargu hartu dio Txibiteri, «berdin diolako Athleticen elastiko berriak nafar gehienak mintzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA