Hirugarrenean ere, kale: UPNk porrot egin du Nafarroa eta EAE batzeko aukerari bidea ixteko ahaleginean

Laugarren xedapen iragankorra indargabetzeko proposamena aurkeztu du UPNk Nafarroako Parlamentuan. PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroa taldeek kontra bozkatu dute, eta «antzerkia» egitea leporatu diote Esparzari.

UPNko Javier Esparza, banderatxoa aldamenean duela, laugarren xedapen iragankorrari buruzko eztabaida parlamentarioan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
UPNko Javier Esparza, banderatxoa aldamenean duela, laugarren xedapen iragankorrari buruzko eztabaida parlamentarioan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Ion Orzaiz.
2026ko apirilaren 30a
14:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

UPNk nola edo hala sartu nahi du eztabaida Nafarroako agenda politikoan. Alderdi erregionalista eroso aritzen da konfrontazio politikoa Nafarroaren eta EAE Euskal Autonomia Erkidegoaren artekoa denean —«Iruñearen eta Gasteizen» arteko dikotomian, Javier Esparza bozeramailearen hitzetan—, eta maiz saiatzen da mahai gainean jartzen Espainiako Konstituzioko laugarren xedapen iragankorra indargabetzeko aukera. Izan ere, xedapen horrek zirrikitu bat zabaltzen du Espainiako legedian, inoiz Nafarroa eta EAE batu daitezen. Ate hori betiko itxi nahi du UPNk, eta, horretarako, zenbait bide jorratu ditu orain arte: duela hilabete eta erdi, zuzenketa bat aurkeztu zuen Espainiako Kongresuan, eta adierazpen instituzional bat sustatu nahi izan zuen gero, Nafarroako Parlamentuko Eledunen Batzordean. Bietan porrot eginda, hirugarrenez saiatu da gaur: lege ekinbide bat aurkeztu du parlamentuan, Espainiako Gobernuak laugarren xedapen iragankorra baliogabetu dezan. Kale, oraingoan ere. UPN, PP eta Vox taldeen babesa baino ez du lortu proposamenak, eta gainerako guztiek kontra bozkatu dute.

Talde bakoitzaren jarrera zein den jakinda, kartak agerian zeuden hasieratik. Esparzak berak argi zuen proposamena ez zela aurrera aterako, eta halaxe aitortu du hitza hartu duenean: «Apustua egin dugu alderdi barruan. Nik argi dut PSNk kontra bozkatuko duela, baina inuzenteagoa den alderdikideren batek kafeak ordaindu beharko dizkigu gero». Hortaz, saioak gehiago izan du performancetik eta PSNren «kontraesanak» agerian uzteko ahaleginetik, eztabaida politikotik baino. 

Agenda politikoan eragin nahi izan du eskuin erregionalistak, eta arreta osoa bereganatu; baina ez argudiaketaren bidetik, baizik eta iruditeriaren eta keinuen bitartez. Kolore gorria eta banderak. Horixe lehenetsi dute osoko bilkuran. UPNko parlamentari guztiak gorriz jantzita azaldu dira legebiltzarrera: soineko edo jaka gorria zeramaten emakumezkoek; gizonezkoek, berriz, gorbata gorria. Janzkera arau hori gonbidatuen harmailaraino ere hedatu dute, horrela jantzita baitzihoazen UPNko presidente Cristina Ibarrola eta alderdiko beste kargudun batzuk ere. Nafarroako banderatxo bana ere paratu dute beren eserlekuen parean, eta Esparzak, hitza hartu duen bakoitzean, hizlariaren atrileraino eraman du berea.

UPNko kideak parlamentuan
Miguel Sanz, Cristina Ibarrola eta UPNko beste kargudun batzuk, gorriz jantzita, gonbidatuen harmailan. J. MANTEROLA / FOKU

Hitzaldian ere, «sentimenduei» egin die aipamena UPNko eledunak, argudio juridikoak eta politikoak bazter utzita. «Ez dizuet hitz eginen UPNko bozeramaile gisa, baizik eta nafar gisa, gure foruei harro begiratzen dien herritar gisa», esan du. Nafarroako banderak sortzen dion «sentimenduaz eta harrotasunaz» mintzatu da Esparza, eta «zerbaiten parte» sentitzeaz. Esan du beste parlamentari batzuek nahiago dutela «Nafarroa Euskadiren parte» izatea, eta berak sentimendu hori «errespetatzen» duela, baina ez duela bat egiten: «Ulertzen ez dudana PSNren jokabidea da; horiek ez dute sentimendurik edo atxikimendurik, beren aulkiarekikoa eta boterearekikoa ez bada». «Karguaren truke» Nafarroa «saldu» izana egotzi die agintari sozialistei.

PPk eta Voxek bat egin dute UPNren proposamenarekin. Alderdi Popularreko Javier Garciak «zabalik dagoen ate baten gisara» irudikatu du laugarren xedapen iragankorra: «Nafarroako herritar gehienek zeharkatu nahi ez duten atea». Horregatik, hura behin betiko ixtea galdegin du, Nafarroa egon ez dadin «etenik gabeko linbo juridiko batean». Nafarroa eta EAE batzeko aukeraren aurka egin du Voxeko Emilio Jimenezek ere, bere alderdia «Nafarroa espainolaren alde» dagoelako, eta uste duelako laugarren xedapen iragankorrean jasota dagoela, hain zuzen, «ETAk betidanik lortu nahi izan dituen helburuetako bat».

Kritikak eskuinaren «antzerkiari»

Gobernuari eusten dioten talde politikoek kontrako botoa eman diote proposamenari. PSNko Ainhoa Unzuk Esparzari leporatu dio «kontsentsua» bilatu ez izana: «Hona ez zarete akordio bila etorri, baizik eta polemika eta kalapita pizteko asmoz». Sozialisten bozeramaileak eskuineko taldeei gogorarazi die hogei urtez gobernatu zituztela bai Nafarroa eta bai Espainia, eta denbora horretan inoiz ez zutela eskatu laugarren xedapen iragankorra indargabetzeko: «Zer gertatu da orain? Bada, Vox gainetik pasatzen ari zaizuela, eta banderan bilduta agertu behar duzuela, zuen marka indartzeko».

UPNren «antzerkiari» buruz mintzatu da EH Bilduko Laura Aznal ere. «Horrela jantzita ikusi zaituztedanean, pentsatu dut Osasunak lehen mailari eutsi izana ospatzen ari zinetela», esan du, ironiaz. Haren irudiko, ordea, «Nafarroako herritarrei hitza eta erabakia kentzeko ahalegin bat» dago eskuin espainolistaren «performance» horren atzean. Aznalek gaineratu du Espainiako Konstituzioaren laugarren xedapen iragankorra ez dela EH Bilduren eredua, baina UPNk «erabakitzeko eskubidea kimatu» nahi duela, eta koalizio independentistak ez dutela halakorik onartuko: «Guk Euskal Herriko errepublika konfederala dugu jomugan, eta burujabetza ezinbesteko tresna da guretzat».

Geroa Bairen izenean, Pablo Azkonak UPNri egotzi dio erabakitzeko eskubidea kendu nahi izatea, «herritarrek zer erabakiko duten beldur»: «Laugarren xedapen iragankorrak ez du inor ezertara behartzen, baina hura kentzeak bai. Finean, zer da autogobernua indartzea? Ahalmen eta baliabide gehiago ematea, ez aukerak kentzea».

Azkenik, Zurekin Nafarroa koalizioko Carlos Guzmanek adierazi du UPN «hauteskunde lasterketa zoro batean» dabilela, eta horregatik azaleratzen dituela «bere obsesio identitarioak». Nafarroa eta EAE batzeari buruzko eztabaida «oso urrun» ikusten du «gizarteak benetan dituen beharretatik eta arazoetatik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA