Tortura

Idoia Zabalza: «Alderdi batzuek aukera galdu dute torturaren praktikatik aldentzeko»

Espainiako Gobernuak Mikel Zabalzari egindako torturen kasuarekin lotura duen Arturo Espejo guardia zibila saritu izana salatzeko, agerraldia egin dute Orbaizetan (Nafarroa).

joxerra senar
2023ko apirilaren 13a
13:09
Entzun

Mikel Zabalzari egindako torturen kasuarekin lotura duen Arturo Espejo guardia zibila mailaz igo izana salatzeko, prentsaurrekoa egin dute Zabalzaren sendiak, Torturatuak sareak, Mikel Zabalza Gogoan plataformak, eta ibarreko herritarrek eta hautetsiek, Orbaizetako Olan (Nafarroa).

«Alderdi batzuek aukera galdu dute torturaren praktikatik aldentzeko eta orria pasatzeko», esan du Idoia Zabalza torturaren biktimaren arrebak gaurko agerraldian. Espejo teniente jeneral izendatzea biktimen «duintasunaren aurka» doala deritzo. «Gogorarazi digu orain dela 37 urte ginen puntu berean gaudela».

Zabalzak gogorarazi du 37 urte direla anaiaren gorpua Bidasoko uretan agertu zela, Guardia Zibilak atxilotu eta hogei egunera. Orduan hasi zen gertatutakoa argitzeko borroka luzea, «oztopoz betea», eta, ordutik, beti jaso dute herritarren hauspoa.

Zabalzak gaineratu duenez, uste zuten instituzioek eman dituzten pausoek senideen helburura gerturatzen zituztela. Jaurlaritzak, kasurako, biktima izaera aitortu zion. «Bazirudien adostasun handia zegoela egiaren, justiziaren eta erreparazioaren irizpideak aplikatzeko». Baina esan du jenerala izendatuta horren guztiaren aurka egin dela.

Carlos Bueno Aezkoako batzarreko presidenteak eta Sergio Mugika Orbaizetako alkateak babesa adierazi diote sendiari, eta gaineratu dute auzian inplikatutako guztiak persona non grata izendatzeko tramiteak abiatuko dituztela.

Eneko Villegas Mikel Zabalza Gogoan herri plataformako eledunak adierazi du ez duela ulertzen Espejo saritu izana. «Zertara dator? Zer edo zeren beldur dira saritzeak egin ez balira? Egiari al diote beldur?». Espejo saritu izana «bereziki mingarria» izan dela azpimarratu du, hari egozten baitiote Zabalzaren kasuan emaniko gezurrezko bertsio ofizialaren erantzukizuna.

Gobernuen «babesgabetasunaren aurrean», nabarmendu du inguruko herritarrek babestuko dutela sendia.

Jorge Txokarro Torturatuak sareko kideak «aski da» esan du, ozen. Haren ustez, «eginikoa aitortzen den bitartean, ez da etikoa» arduradunak saritzea. Uste du arduradun politikoek egoerak eskatzen duen mailan egon beharko luketela elkarbizitzaren arloan, eta gaineratu du Espainiako Barne ministro Fernando Grande-Marlaska «hortik kanpo» dagoela.

Espejo Guardia Zibilaren teniente jeneral bihurtu dute, eta Guardia Zibileko Sostengu Agintaritzako burua ere izango da. Berez, iaz izendatu zuten, baina joan den astean eman zuten maila igoeraren berri, Espainiako Kongresuan egin zuen agerraldi baten harira. 1985. urtean atxilotu zuen Guardia Zibilak Zabalza autobus gidaria. Bertsio ofizialaren arabera, Mikel Zabalza bere kasa hil zen, Bidasoa ibaira salto egin ostean, Donostiako Intxaurrondoko kuarteleko bi guardia zibilekin batera zulo baten bila ari zela. Alabaina, Eusko Jaurlaritzak bizitzeko eskubidearen urraketen biktimatzat jo zuen duela urtebete pasatxo. Mikel Zabalza Gogoan plataformak salatu du Espejok zuzendu zituela Zabalzaren atxiloketa eta galdeketa saioak. Hil arte torturatu zuten gaztea Intxaurrondoko kuartelean, eta, hori estaltzeko, Espejok berak antolatu zuen gorpua Bidasora botatzeko operazioa, Madrilgo hedabideetan zabaldu zutenez. Espejok deklaratu egin behar izan zuen Donostian, akusatu gisa, baina afera 1988. urtean artxibatu zuten.

Joan den astean, EH Bilduk Grande-Marlaskaren urgentziazko agerraldi bat eskatu zuen Espainiako Kongresuan, eta galdera sorta bat ere erregistratu zuen, «teniente jeneralak Mikel Zabalzaren desagerpenean izan zuen esku hartzearen berri izateko».

Aitor Esteban EAJren Espainiako Kongresuko bozeramaileak zenbait galdera erregistratu ditu, eta Sekretu Ofizialen Legearen inguruko azalpenak eskatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.