Hondarribiko (Gipuzkoa) udaltzain batek gizonezko bat hil zuen tiroz atzo arratsaldean. Ertzaintzaren arabera, «behin baino gehiagotan» saiatu zen ertzain bat arma zuriz zauritzen, eta, ostean, tiro egin zioten. Gaur Igor Enparan Hondarribiko alkateak auziaren inguruko xehetasun batzuk eman ditu Euskadi Irratian. Haren esanetan, gizona ezaguna zuten gizarte zerbitzuetan, eta lanketa bat egiten ari ziren, gizarte zerbitzuekin ez ezik, baita Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko buru osasuneko atalarekin ere, gizona «egoera oso zaurgarrian» baitzegoen eta buru osasuneko arazoak baitzituen. Dena den, onartu du zerbaitek huts egin duela: «Eragotz zitekeen egoera bat da; gizarte bezala, ez gara gai izan egoera honi aurre egiteko».
Erlazionatuta
Enparan zuhurtziaz mintzatu da, ez du propio azaldu zer gertatu zen, eta nabarmendu du «ikerketa inpartzial bat» egin beharko dela hori zehazteko: «Ikertzea ez ezik, gertatutakoak hausnarketa bat egitea ere eskatzen du». Alkatearen irudiko, gizartea ez da gai izan gizonaren egoerara «egokitzeko», ezta «beharrezko tresnak» emateko ere: «Uste dut gizarte bezala hausnartu beharra daukagula. Ikerketak esango du zer gertatu den. Aurrez ere neurri batzuk hartzen saiatzen ari ginen, baina ez gara gai izan gizarte bezala pertsona honen egoerara egokitzeko eta baliabide nahikoa emateko». Halaber, erakundeen artean koordinazioa sustatu behar delakoan dago: «Koordinazio handiagoa behar dugu».
Horretaz gainera, hildakoaren familiari, lagunei eta ingurukoei ere mintzatu zaie: «Gertatutakoa oso lazgarria izan zen: pertsona baten heriotzarekin amaitu zen, eta doluminak eta elkartasuna adierazi nahi dizkiegu hildakoaren senideei, lagunei eta ingurukoei». Gizona «Saharaz hegoaldeko afrikar jatorrikoa» zen, eta komunitate senegaldarrak elkarretaratze bat egin du gaur, 17:00etan, Martxoak 8 plazan.
«Beste modu bat egon behar zuen»
Manifestazioan, gertatutakoa salatu ez ezik, «biktimari omenaldia» ere egin diote, eta amaieran adierazpenak egin dituzte. Martxoak 8 plazatik abiatu da, eta gizona hil zuten lekuan amaitu. «Kandelak piztuko ditugu, eta lore eskaintza bat egingo dugu haren omenez», azaldu du aurrez Awa Seck Mankosengal elkarteko presidenteak. Mankosengal Hondarribian eta inguruko herrietan bizi diren emakume senegaldarrek sortutako elkartea da. Gizonaren herrikideekin batera, Hondarribiko udal ordezkaritza batek eta Senegalgo kontsulatuko kideek ere parte hartu dute manifestazioan.
Mankosengal elkarteko presidenteak minez eta amorruz hitz egin dio BERRIAri: «Beste modu bat egon behar zuen». 46 urteko senegaldarrak «buruko nahasmendu larriak zituen, eta labana bat hartuta zihoan, baina ez zen lehenengo aldia, eta inoiz ez zion inori minik egin», nabarmendu du Seckek.
Hamar edo hamabost aldiz gertatu izan zitzaizkion horrelakoak: «Krisiak izaten zituenean, labana hartu ohi zuen, eta poliziek bazekiten. Beste batzuetan ospitalera eraman izan dute, eta han tratamendua ematen zioten. Ez dugu ulertzen oraingoan zergatik hil duten odol hotzean. Hemengo komunitate senegaldarrekoak ez gaude ados egin dutenarekin, eta hemengo zuriak ere ez daude ados», azpimarratu du. «Esaten dute poliziek beren burua defendatzeko egin zutela, baina hiru tiro? Beste edozer egin zezaketen hura gelditzeko, baina modu horretan hiltzea... ez da bidezkoa», adierazi du.
Hildakoak urteak zeramatzan Hondarribian bizitzen, eta lan askotan aritu izan da. «Eraikuntzan aritu izan da», azaldu du Seckek. Haren anaia bat ere bizi da Hondarribian.
ERNE, taser pistolen eske
ERNE sindikatuak oharra atera du gertakariaren harira. Ertzainek taser pistolak gainean eramateko eskatu du: «Atzera-bueltarik ez duten gertaerak eragotziko genituzke». Horretaz gainera, babesa agertu diete Hondarribian aritu ziren udaltzainei eta ertzainei.
Azpeitian (Gipuzkoa) hilaren 2an gizon bat hil zuten tiroz jota; orduan, ERNEk taser pistolak ez, udaltzainek pistolak eraman ditzatela eskatu zuen.
LABek eztabaida eta aldaketak eskatu ditu
LAB sindikatuarentzat, Hondarribian gertatutakoa ez da «kasu bakana», «Poliziaren indarkeria hauspotzen duen segurtasun ereduaren beste adibide bat baizik». Uste du ez dagoela inolako arrazoirik «udaltzainen neurrigabeko indarkeria hori zuritzeko, ezta arma zuri bat eramatea ere». Gertakariak argitzeko eta ardurak zehazteko eskatu du, bai udaltzainenak, bai haien arduradunenak, bai politikarienak.
LABentzat ezinbestekoa da segurtasun ereduari eta polizien esku hartzeei buruzko eztabaida abiatzea. Sindikatuaren iritziz, «kasu honek erakusten du ezinbestekoak direla segurtasun ereduaren eta polizia ereduaren inguruko premiazko eta errotiko aldaketak, esku hartzeetan prebentzioa, pertsonen babesa eta eskubideen errespetua lehenetsi daitezen». Horretarako, LABek gatazkak konpontzeko bitartekaritza metodoetan oinarritutako prestakuntza eskatu du polizientzat. Baita kulturarteko eta arrazakeriaren kontrako prestakuntza ere.