Ikasleei ez ezik, orduen kopuruari ere eutsi egin diote euskaltegietan

Matrikulazio kopurua iazkoaren antzekoa izan da euskaltegietan aurtengo lehen fasean. Gero eta eskola ordu gutxiago galdegiten dituzte euskara ikasleek, eta ikas-prozesuak luzatzea dakar horrek

Iñigo Urkullu lehendakaria, erdian, atzo Gasteizko IKAren Aratz-Pinto euskaltegira egindako bisitan. JUANAN RUIZ / ARP.
Garikoitz Goikoetxea.
2017ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Aurreko ikasturteko matrikulazio kopuruaren antzekoa ari dira jasotzen euskaltegiak. Irailean eta urrian izan dute lehen fasea, eta, orain arteko zenbakien arabera, iazko kopuruak dituzte bai ikasleei dagokienez, bai talde orduei dagokionez. Nabarmentzekoa da orduei eutsi izana, urteotan jasan baitute beheranzko joera ikasleen eskarian: gero eta ordu gutxiagoko ikastaroak nahi dituzte. Aurreko urtekoari eutsita, gainditutzat jo dute orain urte batzuetako beheranzko joera. Datozen hilabeteetan ere izango da izena emateko aukera. Orduan baieztatuko dute benetako bilakaera zein den.

Egunotan ari dira matrikulazio datuak ikusten. Hain justu, Eusko Jaurlaritzak bisita egin zuen atzo Gasteizko IKAren Aratz-Pinto euskaltegira, Iñigo Urkullu lehendakaria buru. Euskara ikasleen ekarpena goraipatu zuen lehendakariak: «Euskararena da gure gizartean eraiki daitekeen zubirik iraunkorrenetako bat. Euskara ikasten dutenek gure gizartea trinkotzen laguntzen dute».

HABEren arabera, 25.000 ikasle pasatxo hasi dira euskaltegian Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Emakumeak dira hirutik bi. Mailari dagokionez, B2an eta C1ean ari dira gehienak: ikasleen laurdenak ditu bakoitzak. Lehen fasea pasatuta, espero dute ikasturtean zehar beste 10.000 ikasle inguru arrimatuko direla euskaltegietara, iazko kopurura iritsiko direla.

Kanpaina bateratuak

Euskaltegi sareekin hitz eginda, antzeko joera nabari dute gehienek. IKAn eta udal euskaltegietan iazko kopuruen gisakoak dituzte ikasleetan eta orduetan; AEKn «zerbait» igo da kopurua. Euskal Herri osoan AEK-k ditu euskaltegiak, eta guztietan norabide bertsua nabari dute, Mertxe Mugika koordinatzaile nagusiaren esanetan. Nafarroan ere gorakadatxoa nabaritu dute: «Duela urte batzuk beheranzko joera zegoen, eta eten da hori». Matrikulazio kanpaina elkarrekin aurkeztu dute eragileek eta Nafarroako Gobernuak —Jaurlaritzak ere bai—. Irudi hori ona dela uste du IKAko ordezkari Joxerra Olanok, baina ohartarazi du denbora behar dela pertzepzioak aldatzeko. «Ez du berehala aldatzen kanpaina batek». Ipar Euskal Herrian ere igoera ageri da, Mugikaren arabera: «Hazkunde polita dago profesionalei jendaurrean aritzeko-eta eskaintzen zaizkien ikastaroetan».

Ordu kopuruan eskaria jaisten ari dela, bat datoz guztiak horretan. Mugikak ohartarazi du «betiko» izango dela joera hori. Udal euskaltegietan ere sumatu dute, Barakaldoko (Bizkaia) euskaltegiko zuzendari Joseba Urrizek dioenez: «Jendeak arazo gehiago ditu euskararen ikaskuntza bizitza pribatuarekin uztartzeko». Euskaltegiak ari dira eskaintza egokitzen. Urriz: «Moduluak dibertsifikatu ditugu, eta beste publiko mota bat ere etorri da: langileak, unibertsitateko ikasleak, B eta D ereduetan aritu direnak...».

Prozesua luzatzea dakarte ordu gutxiagoko ikastaroek. Mugikak dio «minimoak» jartzen dituztela. Erritmoaz aritu da Olano: «Denek euskara ikastea bagenu helburu, gure jardunak beste tamaina bat beharko luke. Erritmo honetan, zenbat urte? Herritarrei beharra sentiarazi behar zaie, eta erraztasuna eman: doakotasuna, emaitza akademikoarekin lotu gabe».

Finantzaketa handiagoa

Doakotasunarena da, hain zuzen, Jaurlaritzak helduen euskalduntzean esku artean daukan proiektu nagusia: emaitzarekin lotuta, doakotasuna bermatu nahi du B2 mailara arte. «Zain» daude pausoak noiz etorriko, AEK-ko arduradunaren esanetan. Aprobetxamenduaren araberakoa izango da doakotasuna; azterketa gainditzea da Jaurlaritzaren irizpidea. Hakoba batzordean aztertzen ari dira gaia —Jaurlaritzarekin batera, aldundiak daude hor, eta Eudel eta Uema udal elkarteak—. Asistentziari begira hasi dira Barakaldon, adibidez. «Azterketa egiteko, eskolen %80ra etorri behar da. Hori jarrita, zoritxarrez badagoenez tituluaren presio hori, asistentzia hobea izan da».

Jaurlaritzak aurreratu du datorren urtean «era adierazgarrian» igo nahi duela ikasleentzako diru laguntza, «doakotasunaren bidean». Euskaltegientzako diru sailak ere handitu nahi ditu, itunpeko sarearen finantzaketa areagotzeko. Aurrekontu proiektuan sartu du asmo hori Jaurlaritzak. Atzo hasi zituzten negoziazioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.