Sare bat. Egunero harilkatzen. Egunero eraikitzen. Euskal Herri osoan. Euskal Herri osoa. Horixe dira ikastolak, gaur arratsaldean Hernanin (Gipuzkoa) egin duten agerraldian nabarmendu dutenez. Ikastolen bueltan azken boladan izan diren auziez aritu dira, eta horiei emandako erantzuna eta ikastolen ekarpena goratu dituzte. «Ez dugu irudikatzen ikastolen ekarpenik gabeko Euskal Herririk», adierazi du Nekane Artolak, Ikastolen Elkarteko lehendakariak.
Euskal Herriaren luze-zabaleko 115 ikastoletako lehendakariak agertu dira elkarrekin oholtza gainean. Nabarmendu dute azkenaldiko oztopoen aurrean ere halatsu aritu direla: elkarrekin. Bereziki aipatu dituzte bi kasu: Nafarroan ikastoletako ikasgelak ixteko saiakera eta Ipar Euskal Herrian baxoa euskaraz egin ahal izateko garatutako dinamika.
Oier Sanjurjo Nafarroako Ikastolen Elkarteko lehendakariak hartu du hitza, eta ikastolen lana eta horien bueltako komunitatea nabarmendu ditu: «Ikastola batzuetan lelo gisa ere erabiltzen duten moduan, 115 ikastola gara, baina herri bat. 115 komunitate eta komunitate bera». Adierazi du sare horren babesa agerian geratu dela Lodosako ikastolaren kasuan —HHko itun bakarra du, eta Nafarroako Gobernuak erabaki zuen kentzea— eta Nafarroako osoko ikastoletan: «Ibaialde ikastolaren aurkako neurria ez da soilik Ibaialde ikastolaren aurkako neurria izan. Herriko eta eskualde osoko eragileak izan dira erantzun dutenak, proiektua babestu dutenak, haren etorkizunaren alde mugitu direnak». Sanjurjoren esanetan, horrek bistan lagatzen du ikastolak herriari egiten dion ekarpena: «Ikusi dugu, beraz, eragina duela Lodosako komunitateak bere eskualde osoan egiten duen lanak, eta herritarrek nahi dutela eta behar dutela ikastola, eta, beharrezkoa denean, hura babesteko prest daudela».
Hain zuzen, Sanjurjok nabarmendu du ikastolen sare «sendoak» erantzun duela: «Hauxe da sarearen indarra, balioa, ahalmena, ikastola bat ataka larrian jartzen dutenean edo haren etorkizuna ito nahi dutenean guztiak itotzen saiatzen ari direlako, herriak ikastola bat mapan kokatzen duenean ez dagoelako ikastola hori mapatik kentzeko adinako aurkako indarrik».
«Herriak ikastola bat mapan kokatzen duenean, ez dago ikastola hori mapatik kentzeko adinako aurkako indarrik»
OIER SANJURJO Nafarroako Ikastolen Elkarteko lehendakaria
Ikastolek herriari egiten dioten ekarpena goretsi du Erik Etxart Seaskako lehendakaritzako kideak ere: «Ikastolak gara Euskal Herria josten duten hezkuntza proiektua. Euskaraz, gure hizkuntzan; gure curriculumetik; gure pedagogiatik; gure aisialdi eredutik; gure gizarte onura ikuspegitik. Behetik gora antolatzen gara, gure autonomiatik, gure askatasunetik, gure arduratik. Gure ikastola bakoitzaren ardura geure gain hartzen duten komunitate inplikatuak ditugulako: auzolanaren bidez, konpromiso sozialaren bidez, laneko bikaintasunaren bidez». Hots, ikastolen «komunitate zabalaren eta sendoaren» ekina nabarmendu du: «Langileak, ikasleak, gurasoak, irakasleak eta herritar ikastolazaleak ditugu; komunitate zabala eta sendoa, tokiko errealitateari erantzuten lanean ari dena, etorkizuneko euskal herritarrak hezten ari dena. Komunitate zabal bat, bere behar eta kezka propioetatik harago herri honen premia eta kezkak lehen lerroan jartzen dituena».
Beren-beregi aipatu du Etxartek baxoa euskaraz pasatu ahal izateko ezina eta horren aurrean egin duten borroka: «Euskaraz bizitzeko eta ikasteko eskubidea dugu, hasieratik bukaeraraino, eta oso harro gaude gure ikastolen komunitatea baxoa euskaraz egiteko egiten ari diren borrokarekin eta borroka horrekin lortzen ari garenarekin». Izan ere, dioenez, «aurrerapauso batzuk» lortu dira, oraindik bide luzea urratzeko badago ere. Eta babesa adierazi diete bihar Matematika azterketa euskaraz pasatuko duten ikasleei. «Harro gaude, bereziki, gure ikastoletako ikasleek erakutsi dutelako hezkuntza proiektu bat ez dela ikasgelara mugatzen, baizik balio sistema oso bat lantzen dela bertan: mundu ikuskera kritikoa, gizartearekiko ardura, pertsona buruaskiak eta barne sendotasun handikoak heztea...».
«Harro gaude, bereziki, gure ikastoletako ikasleek erakutsi dutelako hezkuntza proiektu bat ez dela ikasgelara mugatzen, baizik balio sistema oso bat lantzen dela bertan»
ERIK ETXART Seaskako lehendakaritzako kidea
Bi adibide
Lodosa eta baxoa bi adibide baino ez dira, Artolaren irudiko: «Euskal Herria alderik alde josten duten gure 115 ikastoletako bakoitzean jar ditzakegu adibide ugari: Bilbon, Gasteizen, Senperen, Beasainen edo Lizarran ikastolek ikastola izaten jarrai dezaten egunero ari direlako lanean gure komunitateak». Eta horretan jarraituko dutela ziurtatu du: «Indartzen ari gara, gure hezkuntza proiektua sendotzen, gure lana biderkatzen, gure sarea trinkotzen. Badugu zer egina, badugu lana eta badugu gaitasuna. Harro gaude egindakoaz, baina ez da nahikoa: egiten jarraituko dugu, biharko herria eta hezkuntza amesten. Eta ametsak egia bihurtzen. Elkarrekin eta elkarlanean».
«Badugu zer egina, badugu lana eta badugu gaitasuna. Harro gaude egindakoaz, baina ez da nahikoa: egiten jarraituko dugu, biharko herria eta hezkuntza amesten»
NEKANE ARTOLA Ikastolen Elkarteko lehendakaria