«Nafarroa osoan gaude hedatuta ikastolak». Nafarroako Ikastolen Elkarteko lehendakari Oier Sanjurjok gogora ekarri nahi izan ditu gaur banaka-banaka herrialde osoan zabalduta dauden ikastolak; euskararen biziberritzean zentro bakoitzak duen garrantzia gogora ekarri du, eta Nafarroako Gobernuak heldu den ikasturtean ikasgelak murrizteko adierazi duen asmoak ekarriko dituen arazoez ohartarazi. Lehengo astean jakin zen murrizketaren berri, eta berehala ozendu zuten kexa ikastolek: «harrituta eta oso haserre» hartu zuten albistea, uste baitute eurek nozituko dutela murrizketarik handiena, eta horrek bete-betean eragingo diola euskarazko hezkuntzari. Gaur arratsaldean kalera atera dira protesta egitera; Hezkuntza Departamentuaren egoitza nagusiaren parean elkartu dira, Iruñean.
Nafarroa osoko ikastoletako familia, langile eta ikasleak izan dira protestan. «Gaur hemen gaude haserre gaudelako, eta haserre egoteko arrazoiak sobera ditugu», azaldu du Sanjurjok denen aurrean irakurri duen oharrean. «Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak kolpe latza eman die Nafarroako Ikastolei, eta bereziki, gure komunitatea osatzen duten milaka familiari. Aldebakarrez, elkarrizketari ateak itxita eta inposaketaren bidea hartuta, zazpi ikastolari Haur Hezkuntzako itunak ukatu edo murriztea erabaki du datozen lau urteetarako».
Murrizketak egiteko arrazoibidea jaiotza tasaren beherakada dela argudiatu du Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak, baina ikastoletako ordezkariek gaur azaldu dute ez datozela bat argudio horrekin. «Erabaki hau ez da erabaki tekniko bat, erabaki politiko eta arbitrarioa baizik. Jaiotza tasa bereziki baxuko urte bat erabili dute aitzakia gisa gure sareari murrizketak ezartzeko. Orain arteko irizpideak aplikatu izan balira eta berdintasun printzipioa mantendu, orain arteko itun guztiek berdin jarraituko lukete, eta are gehiago, gela batzuk gehitu ere egingo lirateke. Beraz, zergatik ezarri zaigu zigor hau?».
Ikastolen ezaugarri berezkoak aintzat hartu behar direla esan dute. «Auzolana gara. Auzolanean eta gizarte onuran sinesten dugu. Ez dugu pribilegiorik eskatzen, ez dugu beste inor baino gehiago izan nahi. Baina ez dugu onartuko gutxiago izatea. Izateko eskubidea eskatzen dugu, besterik ez». Erabakian atzera egin eta negoziazio mahaian esertzeko eskatu diote Nafarroako Gobernuari, eta bitartean mobilizatzen jarraituko dutela aurreratu dute.