Nafarroako ikastolei eta ikastetxe pribatuei soilik ez: datorren ikasturtean zenbait ikasgela murrizteko erabakiak ikastetxe publikoei ere eraginen die bete-betean. Iragan astean, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilari Carlos Gimenok iragarri zuen 33 gela itxiko dituztela heldu den ikasturtean, jaiotza tasaren beheranzkoari lotuta: 14 lerro itunpeko zentroetan, eta 19 sare publikoan. Itunpekoei dagokienez, ikastolek kolpe gogorra jasoko dute: gela bat gutxiago izanen dute bost zentrotan, eta beste hirutan, gobernuak atzera bota die lerro gehiago irekitzeko eskaera. Murrizketak nola eraginen dion sare publikoari, hori ez du azaldu Hezkuntza Departamentuak. Steilas sindikatuaren arabera, ordea, itxi nahi dituzten ikasgelen ia erdiak D eredukoak dira. Izan publiko ala izan itunpeko, euskarazko hezkuntzak pairatuko du kimatzerik handiena.
«Murrizketa politiko argi bat da, eta oso zentratua euskarazko eskoletan», laburbildu du Steilaseko Raul Lopez Ekaik, sindikatuak gaur Iruñean egin duen elkarretaratzean. Itxiko dituzten ikasgela publikoen inguruko informazioa «duela hilabete bat» eskatu zioten Hezkuntza Departamentuari, baina oraindik ez dute erantzunik jaso. Horiek horrela, ikastetxeetara jo dute zuzenean: «Oraingoz, jakin dugu gelaren bat ixteko mehatxupean direla eskola publiko hauek: Arbizu, Santa Barbara (Elo), San Frantzisko (Iruñea), Irain (Lesaka), Irulegi (Mutiloa), Auzalar (Orkoien), Joakin Lizarraga (Sarriguren), Uharte Arakil eta Zubiri. Horietatik, zortzi dira D eredukoak, eta batean —Eloko Santa Barbaran—, A eta G ereduak eskaintzen dituzte».
Ikusi gehiago
Herri horietako batzuetan, gainera, ikasgelak murriztuko dituzte hala D ereduko ikastetxe publikoan nola ikastolan: «Lesakako Tantirumairu ikastolan, esate baterako, gela bat desagertuko da, baina horrek ez du ekarriko sare publikoko eskaintzari eustea, D ereduko Irain ikastetxetik ere kenduko baitute beste lerro bat. Murrizketa horren ondorioz, gainera, galtzeko arriskuan dago Irain eskolan lanean den administrariaren lanpostua», salatu du Lopez Ekaik.
Kaltea eskola txikiei
Hizkuntza eredua gorabehera, Steilaseko kideek salatu dute neurriak eragina izanen duela, batez ere, landa eremuko eskola txikietan. Eloko Santa Barbara ikastetxe publikoa eta Uharte Arakilgo eskola jo dituzte horren adibidetzat. Uharte Arakilen, esate baterako, erdira murriztuko dute Haur Hezkuntzako eskaintza: bi ikasgela dituzte orain, eta bakarra izanen dute 2026-2027ko ikasturtetik aurrera. «Migratutako biztanleen tasa oso handia duen herri txiki batean, eragina handia izan daiteke», ohartarazi du sindikatuko kide den Miren Ustarrozek. «Kalte eginen dio euskararen normalizazioari, eta bereziki, euskara etxean jaso ez dutenei». Ustarrozek esplikatu duenez, seme-alabak Uharte Arakilgo eskolan matrikulatu dituzten familia asko migranteak dira, «egoera sozioekonomiko zaurgarrian» bizi dira, eta baliabide gehiago behar dituzte: «Eskola txiki bat da Uharte Arakilgoa, eta ikasle askok ez zuten euskararen ezagutzarik. Egoera oso tenkatuta dago, baina Hezkuntza Departamentuak ez du baliabiderik jarri hori konpontzeko eta ikasleei arreta egokia emateko».
Ikusi gehiago
«Hipokrisiaz» jokatzea egotzi diote Gimeno kontseilariari: «Beti esaten du gobernua lanean ari dela eskola txikien alde, despopulazioari aurre egin nahi diotela... baina ikasgelen murrizketak, hain zuzen, eskola txikiei eraginen die». Lopez Ekaik nabarmendu du Gimeno kontseilaria «liskartia» dela eta haren dimisioa eskatu dutela behin baino gehiagotan, baina arazoa ez dela mugatzen pertsona bakar baten erabakietara. Orokorra dela, alegia: «Hau da gobernu disfuntzional baten sintoma. Zazpi urte daramatzagu horrela, eta murrizketek ez dute etenik. Hau ez da hezkuntza publikoaren aldeko neurri bat; inondik inora ere ez. Eskola segregazioa bukatu nahi badugu, adostutako antolaketa baten eta inbertsio handiagoen bidez bukatu beharko dugu, ez murrizketak aplikatuta», laburbildu du.
Ezezkoa moratoriari
Auziak polemika bizia piztu du Nafarroako Parlamentuan, eta lehendik agerikoa zen arrakala areagotu du Maria Txibiteren gobernuari eusten dioten taldeen artean. Ikasgelak ixtearen aurka azaldu dira EH Bildu eta Geroa Bai; PSNk eta Zurekin Nafarroak, berriz, neurria babestu dute. Itunpeko gelen itxiera urtebetez geroratzeko eskaera aurkeztu zuen Geroa Baik legebiltzarrean, eta ikasgela kopurua murriztu ordez ratioak jaistea planteatu zuen. Mozioa aurrera atera da gaurko saioan, EH Bilduren eta UPNren botoei esker.
Hasiera batean, Maria Txibite lehendakariak esan zuen eskaera «aztertu» eginen zutela, baina berehala itxi dute bide hori ere: Nafarroako Gobernuko eledun Javier Remirezek esan du erabakia ezin dela geroratu, eta hori egitea «prebarikatzea» izanen litzatekeela. Remirezek argudiatu du eskola itunak berritzeko epea lau urtekoa dela, eta legearen arabera ezin dela atzeratu. Hezkuntza Departamentuak eskatutako txosten juridiko bat erabili du erabakia justifikatzeko: «Txostena argia da, eta segurtasun juridikoa bermatzera behartzen gaitu. Funtzionario batek, nahita, araua urratuko balu, prebarikazio administratibo delitu bat izanen litzateke hori».