Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastoletako langileak «oso kezkatuta» daude Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 2023ko lan hitzarmena betetzeko dituen konpromisoei «bizkar eman» dielako. «Hori erakusten du gaurko deitutako ordubeteko lanuzteak izandako erantzun zabalak», LABek adierazi duenez. Sindikatu horrek egin zuen protestarako deia, eta, zehaztu duenez, langileen %80k egin dute bat lanuztearekin goizean, eta beste hainbatek egingo dute arratsaldean. «Beste behin ere, langileek ozen adierazi dute badela garaia Hezkuntza Sailak hartutako konpromisoak betetzeko, luzapenetan ibiltzeari uzteko eta adostutakoa gauzatzeko», esan du LABek.
2023ko ekainean, LABek, UGTk eta Interinoak taldeak lan akordioa izenpetu zuten Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin. Sindikatu abertzaleak azaldu duenez, hitzarmenean hezkuntzako sare guztietako langileengan eragina izan behar zuten hainbat konpromiso jaso zituzten; besteak beste zera adostu zuten: ikastoletako langile guztien soldatak sare publikoko ikastetxeetako beharginekin parekatuko zirela, 2027rako.
Bestalde, LABek gogorarazi duenez, ikastoletako langileen lan baldintzak aztertzeko mahai tekniko bat osatuko zela jaso zuten akordioan, «bi sareen arteko langileen baldintzak homologatzeko lehen mugarria». Mahai teknikoak iazko ekainerako amaituta behar zituen lanak —ikastoletako langile guztien lan baldintzen azterketa, hain zuzen—. «Hala ere, epea amaitu eta urtebetera, mahai tekniko horren arrastorik ez dago», gaitzetsi dute.
Beraz, lan hitzarmenean jasotako konpromisoak bete gabe daude oraindik, LABek salatu duenez: «Lan baldintzak aztertzeari dagokion urrats bakar bat ere ez da egin». Horrez gain, 2027rako langile guztien soldatak parekatuta egon behar zuten arren, sindikatuak jakinarazi du langile batzuenak oraindik ez daudela parekatuta.
Soldata igoera
LABen eta Hezkuntza Sailaren artean zehaztu zuten 2023tik 2027ra bitartean, urtez urte, diru kopuruaren igoerak zenbatekoak izango ziren. LABen arabera, Eusko Jaurlaritza «erdizka» ari da betetzen sinatutakoa: «2024. urteari zegokion igoera Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastoletako langile guztiei aplikatu zitzaien; ez, ordea, 2025ari eta 2026ari dagozkienak».
Halaber, gehitu du Hezkuntza Sailak ez ziela aplikatu zegokien igoera Haur Hezkuntzako hezitzaileei, hezkuntza laguntzaile espezialistei, jarduera osagarrietako langileei, administrazioko langileei, IKT teknikariei, sukalde eta jantokiko langileei, mantentze lanetako arduradunei, atezainei, eta garbiketako nahiz garraioko langileei.
Lan baldintzen azterketari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak egin duena «hutsaren hurrengoa» da LABen iritziz, «aspaldi gainditu baitziren» mahai teknikoari azterketa hori egiteko ezarri zitzaizkion epeak: «Eta ez dago arrastorik ere lan horri ekiteko Hezkuntza Sailak duen borondateaz». Are, «hitza ez betetzea» egotzi dio LABek Hezkuntza Sailari. Sindikatu abertzaleak orain urtebete egin zuen salaketa hori, eta mobilizazioak egingo zituela jakinarazi. Ordutik egindako mobilizazio ugarien segida da gaurko lanuztea.
ELAk beste hitzarmen bat nahi du
Gaurko lanuztera LABek bakarrik deitu arren, ELA ere horri buruz mintzatu da. ELAren ustez, «beharrezkoa» da LABek, UGTk eta Interinoak taldeak 2023an Hezkuntza Sailarekin izenpetutako lan akordioaren «esparrua gainditzea», eta eskaera nagusiak jasoko dituen hitzarmen baten aldeko negoziazioa eta mobilizazioak abiaraztea.
Zehaztu duenez, 2025etik aurrerako hitzarmena negoziatzeko mahaia zabalik dago dagoeneko, eta bertan ordezkaritza duten bi sindikatuek, ELAk eta LABek, beren eskaerak aurkeztu dizkiete Ikastolen Elkarteari eta EIB Eusko Ikastola Batzari.
Horiek horrela, ELAk mobilizazioen bidea jorratuko du, «negoziatzen ari diren lan hitzarmen berrian ikastoletako langile guztientzako hobekuntzak jaso daitezen». Bide hori egiteko «batasun sindikala» lehenetsiko luke ELAk. Ziurtatu duenez, hala helarazi die gainerako sindikatuei.