Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastoletako langileak ordubeteko lanuzte bat egitera deitu ditu LAB sindikatuak. Ostegunean izango da protesta keinua. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin 2023an izenpetutako akordioan jasotako neurri asko garatzeko daudela salatu nahi du modu horretan. Lehendik ere egin ditu LABek tankerako kritikak, eta hainbatetan atera da kalera protesta egitera. Berritu egin du gaur kezka, prentsa ohar baten bitartez: «Lan akordioan jasotako konpromisoek bete gabe jarraitzen dute».Â
2023ko ekainean, LABek, UGTk eta Interinoak taldeak lan akordioa izenpetu zuten Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin. LABen arabera, batetik, ikastoletako langileen soldatak sare publikokoekin parekatzea hitzeman zuen Jaurlaritzak, baina ez du hori bete langile guztiekin. Bestetik, lan baldintzak sare publikoko beharginenekin homologatzearen inguruko azterketa bat egitea ere adostu zuten, baina horretarako ezarritako biderik ez du ireki gobernuak. Horixe bera berretsi dute gaur sindikatuko ordezkariek: «Lan baldintzen azterketari dagokion urrats bakar bat ere ez da egin, eta, horrez gain, 2027rako langile guztien soldatek parekatuta egon behar duten arren, hori ez da gertatzen ari langile guztien kasuan, lan akordioan espresuki langile guztientzat izango zela jaso zen arren».Â
Egoera «bidegabea eta baztertzailea» dela salatu du LABek, eta Jaurlaritzaren jarrera aldatzen laguntzeko eskatu dio Ikastolen Elkarteari. Hezkuntza Sailarekin dituen negoziazioetan gai hau jorratzeko eskatu dio, era horretan akordioan hitzartutakoak lehenbailehen gauzatu ahal izateko.Â
Â