Nafarroako Kontuen Ganberan Miguel Angel Aurrekoetxea ikuskatzaileak irekitako krisi instituzionala oso irmo itxi du Ignacio Cabeza ganberako presidenteak. «Zorrotz eta garden jokatu dugu. Ez da ezer ezkutatu», esan du gaur eguerdian Nafarroako Parlamentuan. Haren esanetan, 2024ko kontu orokorren aldaketan Aurrekoetxeak proposatutako ohartarazpenak atzera bota zituen, zorroztasun teknikorik ez zutelako. Gaineratu du erakundeko gainerako ikuskatzaile guztiek eta zerbitzu juridikoak bat egin dutela bere ikuspegiarekin, eta horregatik azpimarratu du «erakundearen defentsan» jokatu duela, haren objektibotasunari eta zorroztasunari eutsi ahal izateko.
UPNk eta PPk eskatuta bertaratu da Cabeza parlamentura. Urtero, kontu orokorren gaineko azterketa azaldu ohi du ganberako presidenteak, baina oraingoan haren edukia baino gehiago erakundea bera jarri da fokuen pean. Eskuineko oposizioak eraso politikorako baliatu du afera. UPNko Javier Esparzaren arabera, «Nafarroako Gobernuaren abokaturik hoberena» bihurtu da Cabeza, eta «albo batera baztertzea» iradoki dio.
Nafarroako Kontuen Ganberak landutako azterlan bakoitzak bere prozesua du, eta, ikuskatzaileek landutako testuetan aldaketak ohikoak badira ere, gizarteak azken bertsioa baizik ez du ezagutzen. Alta, atzera bota zaizkion aldaketen gaineko desadostasunak argitara ateratzeko klausula baliatu du Aurrekoetxeak. Cabezaren arabera, «guztiz ezohikoa» da erabilera hori, eta azaldu du horrek erakundeari berari kalte egin diola.
Aurrekoetxearen lana, auzitan
Presidenteak, baina, ikuskatzailearen beraren lana jarri du auzitan. 2024ko kontu orokorrak lantzeko azterlanaren eztabaidan, Aurrekoetxeak proposatutako lehen zirriborroari, adibidez, 502 ohar egin zizkioten. «Ez ziren zuzenak: ez zuten ganberari exijitu beharreko zorroztasunik». Era berean, hainbat irregulartasun azpimarratzen zituen, baina zerbitzu juridikoek horiek zehazteko eskatzean, ez zuen hala egin.
Gogora ekarri du administrazio batek erabat itxitako jarduera bat ikuskatzea dela ganberaren funtzioa. «Aurrekontuak parlamentuaren eskumena dira, eta ezin gara sartu esateko nola landu diren, edo nola antolatu behar den gobernua», esan du. «Horrek eraman gaitu presidentea eta ikuskaritza talde guztia txostena zuzentzera eta berregitera».
Puntu polemikoenetako bat Belaterena da. Aurrekoetxeak proposatzen zuen tunelaren gainkostuen espedientean delitu zantzuak egon zitezkeela eta ganberak ontzat joz gero fiskaltzara eraman beharko litzatekeela. Horren aurrean, Kontuen Ganberak oso irmo jokatu du. «Ez beste ikuskatzaileek ezta zerbitzu juridikoek ere ez dute legez kanpoko ezer ikusten. Hark proposatutakoa ez da zuzena, ezta zuzenbidearen araberakoa ere».
«Ez beste ikuskatzaileek ezta zerbitzu juridikoek ere ez dute legez kanpoko ezer ikusten. Aurrekoetxeak proposatutakoa ez da zuzena, ezta zuzenbidearen araberakoa ere»
IGNACIO CABEZA Kontuen Ganberako presidentea
Beste puntu polemikoak sozietate publikoen ingurukoak dira. Aurrekoetxeak Nafarroako Finantza Institutua eta Nafarbide desegitea proposatzen zuen. Cabeza: «Jakina, Kontuen Ganberak orotariko gomendioak egin ditzake, baina betiere egoera aztertuz eta erakundeen desegitea aintzat hartu gabe».
UPNk eta Voxek egindako dimisio eskaerei ere erantzun die ganberako presidenteak: «Ikuskatzaile gisa ohorerik handiena da parlamentu honek Kontuen Ganberako presidente izendatu izana. Duintasunez eta arduraz jokatu dut. Nire kargua parlamentuaren eskuetan dago, ez talde baten edo biren eskuetan. Hala erabakitzen bada, etxera joango naiz lasai asko».