'Indar errepresiboak suntsitu' lelopean mobilizatu da Aske taldea

Hego Euskal Herriko eragile anitzek erran dute urriaren 12an ez dutela ezer ospatuko. Zenbait enpresatan lanegun arrunta izan da

Aske antolakundearen mobilizazioa atzo, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Isabel Jaurena.
Donostia
2023ko urriaren 13a
00:00
Entzun
«Hau ez da Espainia, Euskal Herria da», eta halako oihuak entzun zitezkeen atzo eguerdian Donostiako kaleetan. Aske antolakundeko kideek manifestazioa egin zuen Hispanitatearen Egunaren harira: Egiako epaitegien paretik abiatu ziren, eta Loiolako kuartel parean amaitu zuten, adierazpen irmo batekin: «Urriaren 12a estatuak inposatutako jaieguna Euskal Herri langilearen askapenerako borroka egun bilakatu behar dugu». Gasteizen, Mungian (Bizkaia) eta Iruñean ere mobilizazioak egin zituzten, guztiak Indar errepresiboak suntsitu lelopean.

Antolakundeak erran zuen Euskal Herriak pairatzen duen «zapalkuntza nazionala eta soziala» salatzeko eguna izan beharko lukeela atzokoak, bertze anitzendako «indar errepresiboak goraipatzeko» eguna zelako. Eta indar horiek direla, hain zuzen ere, «burgesiak Euskal Herrian aurrera daraman zapalkuntza nazionala eta soziala bermatzen» dutenak. Euskal Herrian «inposatutako» jaia bertzerik ez dela adierazi zuten: «Espainiako Estatuak Hispanitatearen Eguna asimilazio nazionalean sakontzeko baliatzen du».

Hala ere, antolakundearendako ez da nahikoa egun bakar batean mobilizatzearekin: «Beharrezkoa zaigu egunez egun Euskal Herrian antolatu behar den antolakuntza gorpuztea, Euskal Herri langileak pairatzen duen zapalkuntzaren gaindipena Euskal Herriko langile antolatuen bitartez etorriko baita soilik». Erran zuten horretarako indibidualismoa alde batera utzi eta kolektiboan lan egiten hasi behar dela.

Anitz dira Aske antolakundeak bezala atzoko eguna protesta egiteko erabili zutenak, Hego Euskal Herriko hainbat eragilek argi utzi baitzuten ez zutela ezer ospatzeko. Euskal Herrian Euskaraz mugimenduak, adibidez, elkarretaratzea egin zuen «euskararen errepublikaren alde».

Horrez gain, enpresa eta lantoki anitz irekita egon ziren: erraterako, Iruñerriko AEK, Zabaldi elkartasun etxea, Izarkom, EH Kom, Bizkaiko Bertsozale Elkartea, Talaios Kooperatiba eta SKura Kooperatiba. Sare sozialen bidez, LAB , ELA eta Steilas sindikatuek ere erran zuten atzo lan egin zutela. Gainera, LABek Euskal Herriko lan egutegi propio baten beharra azpimarratu zuen. «Espainiak Abya Yalako lurraldeak bortizkeriaz konkistatu eta kolonizatu izana eta bertan egindako gehiegikeriak gogoratu eta ospatzeko helburuz inposatua izan zaigun jaiegunean, urriaren 12an, zer ospaturik ez dugu», borobildu zuen.

Aldarrikapenak

Horrez gain, hainbat eragilek sare sozialetan zabaldu zituzten atzoko jaieguna gaitzesteko mezuak. Ernaik, erraterako, gogoratu zuen urriaren 12a «borroka eta intsumisio eguna» dela gazte independentistendako: «Indarrez espainolak izan behar dugula inposatu nahi diguten horiei hautu independentistan berresten garela inoiz baino ozenago oihukatzeko baliatzen dugu gaurko eguna».

Gazte antolakundeak adierazi zuen eurek etorkizuna ikusarazten dutela, eta Hispanitatearen Eguna ospatzen dutenek, berriz, iragana. Taldearen ustez, «agortuta» dagoelako «Espainiako Estatuaren proiektua». Euskal Herria «eraldaketarako markoa» dela adierazi zuten eta horren adibide direla Euskal Herrian eginen den Greba Feminista Orokorra eta euskalgintzak azaroaren 4rako deitutako manifestazio nazionala. «Euskal Herria martxan dago, erronka global zein propioei aurre egiteko gaitasuna irabazten eta ertz desberdinetatik herri hau eraikitzen», borobildu zuten.

Sortuk ere sare sozialen bidez zabaldu zuen bere aldarrikapena: «Zapaltzen, jazartzen, eta inposatzen diguten erregimen honen aurrean, euskal herritarrok ospatzeko ezer ez, goratzeko ezer ez». EH Bilduk, berriz, erran zuen ospatzeko ezer ez zutela, eta atzo lan eginen zutela adierazi.

GKS Gazte Koordinakunde Sozialistak ereX sare sozialaren bidez egin zituen aldarrikapenak, eta garbi adierazi zuen ez zutela ezer ospatzeko: «Espainiaren izenean eginiko sarraski kolonialen adierazpen gisa ulertzen dugu gaurko eguna. Espainiar identitatearen gorazarrearen atzean gordetzen dira klase menderakuntzaren eta egungo nazio zapalduen betikotzea».

«Erresistentzia eguna»

Hispanitatearen Egunean jarri beharrean, jatorrizko herrien erresistentzian jarri zuten arreta zenbait eragilek. Askapena Euskal Herriko mugimendu internazionalistak, adibidez, gogoratu zuen urriaren 12a «jatorrizko herrien erresistentzia eguna» dela. «Maputxeak, kolonbiarrak eta greziarrak kolpatzen dituztenean, gu ere kolpatzen gaituzte; eta alderantziz. Ez diogu errepikatzeari utziko, hamaika herri garelako, baina borroka bakarra», adierazi zuten.

Mugimenduaren iritziz, beharrezkoa da herri guztien interesak defendatuko dituen «indar batasuna» osatzea, eta hori lortzeko elkartasuna ezinbertzekoa izanen da. «Susta dezagun antolakuntza, instituzioetatik kanpo, Euskal Herria oinarri, nazioartean artikulatuz, egitura eta eraso inperialistei aurre egiteko. Horrela, eta ez bestela, lortuko dugulako munduko langileria osoaren interesei erantzutea», erran zuten.

Mugarik Gabe gobernuz kanpoko erakundeak ere antzeko aldarrikapenak egin zituen: «Urriaren 12an ez dugu ezer ospatzeko. Gaur gogoratu nahi dugu herriek izaten jarraitzen duten indarra ama lurra, eta beren lurraldea defendatzeko nazioen eta nazioz gaindiko proiektuen aurrean. Alde horretatik, Euskal Herriko Bilgune Feministak herritar guztiendako «bizitza eta lurralde askeak» aldarrikatu zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.