Abokatua

Irma Iglesias Arran: «Indarkeria egoeretan, gizatasunak zerbait egitea eskatzen du, baina sistema ez da beti aukerarik onena emakumearentzat»

Gertuko emakume bat bortizkeria matxista jasaten ari bada, hari entzutea eta haren borondatearen eta erritmoaren arabera jokatzea gomendatzen du Iglesiasek; eta salaketa jartzea, soilik biktima konbentzituta badago.

Irma Iglesias Arran, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Irma Iglesias Arran, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2026ko azaroaren 25a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Abokatua da Irma Iglesias Arran (Bilbo, 1972), familiaren eremuan espezializatua: «Uste den baino genero indarkeria gehiago ikusten dugu hor». Joan den astean, bortizkeria matxistaren aurkako Bizitu elkarteak gonbidatuta, hitzaldi bat eman zuen Bilbon, Koloretxe etxean, bikote erlazioetan tratu txarrak daudenean nola jardun daitekeen azaltzeko. Lagundu nahi dutenentzat, jarraibide bat nabarmendu du: «Oso garrantzitsua da emakumeei entzutea».

Urte dezente dira indarkeria matxistek eremu publikora jauzi egin zutela, eta asko ikertu, hitz egin eta salatu da gaiaren inguruan. Horretan jarraitzea beharrezkoa da oraindik?

Bai, argi eta garbi. Aurrerapauso nabarmenak izan dira batik bat indarkeria fisikoaren eremuan, oso agerikoa baita, baina, bortizkeria xehe aztertzen hasi garenean, ohartu gara askotarikoa dela: bada indarkeria bikarioa, ekonomikoa, psikologikoa... Eta horiek ez dira hainbeste tratatu. Emakumeek gizarte patriarkalean duten lekuarekin lotuta daude, eta, beraz, indarkeria horiek desagerraraztea askoz zailagoa da; hezkuntzan askoz baliabide gehiago jarri beharko lirateke.

Non jarri behar da arreta bortizkeria identifikatzeko?

Emakumeak bikote harremanean normaltzat hartzen duen horretan. Adibidez, kontrolaren gaia nahiko esanguratsua da, eta sare sozialekin nabarmen areagotu da: sakelako telefonoa begiratzea, bikotekideari kokapenaren berri etengabe eman behar izatea; eta, horrekin batera, gizonak esatea andreari ez zaiola komeni lagun jakin batekin geratzea edo jarduera batzuk egitea... Halakoak kanpotik ikus daitezke, eta adieraz dezakete harremana ez dela osasuntsua.

«Gutxitan bururatzen zaigu emakume elkarteek egoerari neurria hartzen lagun gaitzaketela. Bizirik irtendakoen elkarteetan oso ondo dakite indarkeria gainditu dutenek zer prozesu egiten dituzten»
Zer egin behar da inguruko emakume batek bortizkeria jasaten duenean?

Egoera bat indarkeriazkoa dela argi identifikatu denean, gizatasunak zerbait egitea eskatzen du, jendeak zerbait egin nahi izaten du lehenbailehen, baina sistema ez da beti aukerarik onena emakumearentzat. Nire ustez, lehenik eta behin, egoera ondo aztertu behar da. Indarkeria jasaten ari den emakumearekin hitz egin behar da, ea bera ere bortizkeria identifikatzen hasi den, txarto sentitzen den... Eta hortik abiatuta, konfiantza eremu bat sortzen saiatu behar da, apurka kontzientzia feministara hurbiltzeko eta erakusteko badirela gauzak ulertzeko beste modu batzuk.

Solasaldi hori, baina, ez da beti erraza...

Ez. Eta erabaki badugu zerbait egitea, serio hartu behar dugu: pertsona horrekin egon behar da, une aproposa bilatu, eta kontu handiz hitz egin behar da harekin, ez okerrago sentiarazteko, eta ez dadin aldendu. «Zu ez zara konturatzen ari» eta halakoak ez da komeni esatea, adibidez. Eta ez da komeni, ezta ere, bortizkeria izatea harekiko harremaneko hizpide bakarra. Denbora behar da pertsona hori ohartzeko gertatzen ari zaionaz eta irtenbideez.

Biktimen arretarako zerbitzu asko daude. Lagungarri dira halakoetan?

Sarri ez dugu jakiten zer egin, Poliziarengana edo epaitegira joan behar dugun, eta gutxitan bururatzen zaigu emakume elkarte batzuek oso lan interesgarria egiten dutela, eta egoerari neurria hartzen lagun gaitzaketela. Izan ere, bizirik irtendakoen elkarteetan oso ondo dakite indarkeria gainditu duten andreek zer prozesu egiten dituzten. Noski, instituzioen gizarte zerbitzuak ere hor daude, baina kontuan izan behar da emakumeak sistema horretan sartu nahi duen ala beste bide bat hartu nahi duen.

«Oso urrats garrantzitsua da salaketa jartzea. Soilik emakumea konbentzituta badago egingo nuke nik hori»

Hortaz, salaketa jartzea ere biktimarekin adostea komeni da?

Oso urrats garrantzitsua da salaketa jartzea. Soilik emakumea konbentzituta badago egingo nuke nik hori: ondo aztertu baldin badu zer gerta daitekeen salaketak aurrera egiten badu edo bere horretan geratzen bada. Izan ere, salaketak ondorio asko ditu andreengan; ikerketa askok erakutsi digute nolako frustrazioa sentitu duten sistemarekin, ez dielako laguntza egokirik eman, ondorio okerragoak eragin dizkielako... Ondo prestatuta eta planifikatuta eman behar da pausoa. Eta emakumeak pausoa ematen badu, haren alboan egon behar da prozesuan zehar: konpromiso feminista serio bat da.

Duela hogei urte ez bezala, egun asko esaten da sistemak maiz ez duela funtzionatzen. Zertan egiten du huts?

Nagusiki hiru arazo daude. Bat: baliabide gehiago behar dira; ematen du asko jarri direla, baina talde forentse, funtzionario, epaile eta trebakuntza askoz gehiago behar da. Bi: legea orokorra da, baina praktikan oso kasu zehatzak eta konplexuak aztertu behar dira, eta horrek denbora eskatzen du, konponbide egokiak eman nahi badira. Eta hiru: indarkeria egoera bakoitzak erantzun diferentea eskatzen du; ez da berdina tratu txar bikarioak jasatea, edo bortizkeria ekonomikoa, edo emakume bat psikologikoki hondoratuta egotea egunero etxean esaten diotelako zabor hutsa dela. Legea zehatzagoa izan beharko litzateke, kasuistika gehiago kontuan hartu, eta egoera edo delitu bakoitzari erantzun gradu diferente bat eman; erasotzaile guztiei ezin zaie urruntze agindu bat ezarri; batzuekin beste neurri batzuk har daitezke, hala nola ikastaro batera bideratu. Kasu bakoitzera egokitutako konponbideak bilatu behar dira.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA