Indarkeria matxistaren aurkako aldarriak Euskal Herriko herri eta hiriburuetako kaleak hartuko dituen honetan, Euskal Herriko erakunde eta indar politiko ugarik ere bat egin dute emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko egunarekin.
Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak deituta, elkarretaratzeak egin dituzte eguerdian Gasteizen eta Iruñean. Gasteizen, Eusko Jaurlaritzak hamabost minutuko bilkura egin du lehendakaritzako egoitzaren eskaileratan, Imanol Pradales lehendakaria eta Miren Elgarresta Emakunderen zuzendaria buru. Pankartarik gabe eta isilean egin dute elkarretaratzea.
Jaurlaritzak bat egin du Emakundek gaurko egunari begira ondu duen kanpainarekin. Ez da zure arazoa soilik, gurea ere bada leloa du kanpainak, eta gizartea aktibatzea eta indarkeria matxista jasaten duten emakumeen inguruan «sareak eta komunitatea» sortzea du helburu.
Nafarroako Gobernuak, bestalde, egunerokoan izaten den «ezkutuko» indarkeria matxista identifikatu eta argitara emateko eskatu du adierazpen instituzional batean. Ana Ollo bigarren lehendakariordeak eta Begoña Alfaro hirugarren lehendakariordeak irakurri dute adierazpena, euskaraz eta gazteleraz.
Ohartarazi dutenez, eguneroko keinuetan, hizkuntzan, arazoaren ukazioan edo kontrolaren justifikazioan ezkutatzen diren bortxak «esplizituagoak eta larriagoak» diren beste indarkeria batzuen icebergaren punta baino ez dira: «Indarkeria ekonomikoa, psikologikoa eta sinbolikoa askotan ikusezina eta sozialki justifikatua da, baina gizarte demokratiko bat garatzeko oztopo larria eta iraunkorra da».
Eusko Legebiltzarrak puntu morea paratu du eraikinaren aurrealdean. Gainera, indarkeria matxistaren inguruko jardunaldi bat egingo du Indarkeria matxistak: bistakoak eta ikusezinak gure egunerokotasunean lelopean, Maite Asensio Lozano BERRIA egunkariko kazetariaren eskutik. Ondorengo solasaldian, egunerokoan gertatzen diren egoerak aztertuko dituzte indarkeria matxisten adierazpideak hobeto ulertze eta identifikatze aldera, agerikoenak zein sotilenak, mikromatxismoak barne.
Nafarroako Parlamentuak, berriz, ekitaldi instituzionala egin du Iruñeko Iturrama ikastetxeko DBHko 4. mailako ikasleekin batera. Ikasleek egun honetarako propio prestatutako Kateak apurtuz eraiki pieza interpretatu dute. Unai Hualde parlamentuko presidenteak lankidetza hori goraipatu du, gazteak berdintasunaren alde inplikatuta daudela erakusten duelako.
Hualdek berretsi du parlamentuak «konpromiso argia» duela emakumeen eta nesken aurkako zaurgarritasun egoerak eta indarkeriak sortzen dituzten desberdintasun guztien aurka aktiboki lan egiten jarraitzeko. Hala ere, erakundeen lana gorabehera, aitortu du ez dela indarkeria matxista desagerraraztea lortu, eta, are, matxismoaren eta emakumearen aurkako indarkeriaren negazionismoa agertu dela, baita erakundeetan eta komunikabideetan ere.
Horregatik, emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko konpromiso aktiboari eusteko eskatu die herritarrei. «Herritarrei eskatzen diegu gaitzespena eta konpromisoa adierazten jarrai dezatela, eta urtean zehar antolatutako jarduera guztietan parte har dezatela, bereziki azaroaren 25ean», gaineratu du.
Sare komunitarioen beharra
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek adierazpen instituzionalak onartu dituzte gaurko egunaren harira. Hiru instituzioek sare komunitarioaren balioa nabarmendu dute emakume biktimen erreparaziorako bidean.
Arabako Foru Aldundiak adierazi du gaitzespenetik harago joan beharra dagoela bortxa matxista errotik desagerrarazteko. Horretarako, politika publiko «eraldatzaileak» behar direla esan du, bai eta baliabide egokiak eta begirada feminista ere, zaintza, justizia eta erreparazioa erdigunean jartzeko. Arabako aldundiaren ustez, indarkeria legitimatzen duten diskurtsoak baliogabetzeko funtsezkoa da komunitate sareak indartzea, ingurune seguruak sustatzea eta gizartea kontzientziatzeko kanpainak egitea, besteak beste.
Gipuzkoako Foru Aldundiak, bestalde, gaurko eguna baliatu du iragartzeko indarkeria matxistaren aurkako foru protokoloa eguneratu dutela. Berrikuspena dela eta, besteak beste, indarkeria matxista digitalaren adierazpen berriak txertatuko dituzte protokoloan eta beren-beregi kokatuko du emakumearen erreparazio integrala erantzun publikoaren ardatz nagusi gisa.
«Gaur egun bereziki beharrezkoa da emakumeen aurkako indarkeria digitala ikusaraztea, askotan ez baita indarkeria gisa ikusten, eta ondorioz, ez dira erasoak salatzen», adierazi du Eider Mendoza ahaldun nagusiak. «Aldundiak uste du sare sozialetan edo espazio digital eta publikoetan emakumeen aurkako erasoak eraso matxistak direla, eta beharrezkoa dela kontzientziatzeko eta gaitzesteko ahalegin gehigarria egitea», gaineratu du.
Bizkaiko Diputazioak Desinstalatu matxismoa izeneko kanpaina baten berri eman du. Gizarte osoari zuzenduta dago kanpaina, baina bereziki gizon gazteei, eta gaur kirol sektorean aritzen diren gizonak animatu dituzte harekin bat egitera.
Alderdien gaitzespen mezua
Alderdi politikoek ere izan dute ahotan gaurko egunaren garrantzia. EH Bilduk esan du PP, UPN eta Vox «mehatxua» direla emakumeen eskubide, gorputz eta bizitzentzat. Nerea Kortajarena EH Bilduko programa idazkariak azpimarratu du «bloke erreakzionarioaren» aurrean ezin dela ekidistantea izan, eta «emakumeen eskubideen defentsarako konpromisoa» hartzeko deia egin die indar politiko demokratikoei. Iruñeko Udalak azaroak 25erako deitutako elkarretaratzean parte hartu du Kortajarenak, Nahia Fernandez EH Bilduko Idazkaritza Feministako idazkariarekin batera.
PSNk, berriz, konpromisoa hartu du emakumeen eskubideen defentsan eta indarkeria matxista mota guztiak desagerrarazteko bidean lan egiteko. Eta PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezak indarkeria matxistaren biktimekiko konpromisoa agertu du, eta eskuinak eta ultraeskuinak errealitate «lazgarri» hori ezkutatzeko egiten dituzten ahaleginak salatu ditu.
EAEko PPko presidente Javier de Andresek esan du urteko egun guztiak direla emakumearen «duintasunaren» egunak, eta popularrek «gaitz» hori desagerrarazteko lanean jarraitzeko konpromiso irmoa dutela erantsi.
Bestalde, Ahal Duguk antifeminismoaren mehatxuaz ohartarazi du, eta horri aurre egiteko «justizia feminista» defendatu. Eta Sumarreko idazkari nagusi Alba Garciak zera esan du: «Oroimena, antolaketa eta elkartasuna dira indarkeria matxistak gure bizitzetan eta gure herri eta hirietan lekurik ez izateko bermerik onena».