Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunean kalera atera da LAB sindikatua, «patronalari eta erakundeei exijitzeko politika integralak ezar daitezela indarkeria matxistari aurre egiteko». Sindikatu abertzaleak antolatzeko deia egin du Hegoaldeko hiriburuetan egindako mobilizazioetan, Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean.
Argi mintzatu da Maddi Isasi LABeko idazkari feminista Bilboko elkarretaratzean, erakundeen politiken inguruan, indarkeria matxistari dagokionez: «Instituzioak eta patronala bultzatzen ari diren politikek porrot egin dute». Horren adibide da, haren ustez, Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Berdintasun sailburuak helarazitako informazio bat: «Bortxa pairatutako andre gehienek ez dutela nora jo enpresaren barruan». Datuek erakusten dute, era berean, indarkeria matxista jasaten duten emakumeen %4k baino ez dutela salatzen.
Egoera horrek «erantzuleak» dituela oroitarazi du Isasik. Batetik, patronala: «Enpresek, gehienetan, ez dute legez arautua dagoena ere egiten. Protokolo eraginkorrik ez da jartzen, eta ez da prestakuntza plan eraginkorrik garatzen». Bestetik, erakundeak garatzen ari diren politiken «porrotaz» hitz egin du. Indarkeria matxista «lehen mailako arazo politiko eta sozial moduan hartzeko garaia» dela uste du LABek, eta, politika integralak eskatu ditu: «Bitartekoak eta politika integralak behar ditugu, ez paperean jaso arren ezerezeaan gelditzen diren legeak eta neurriak». Indarkeria matxistari aurre egiteko bitartekoak ez jartzea «hipokrisiatzat» jo du Isasik.
Indarkeria matxistari aurre egiteko «bitartekoak ez jartzea «hipokrisiatzat» jo du salatu du LAB sindikatuak.
Halaber, LABek antolatzera deitu ditu langileak. Sindikatu abertzaleak uste du sindikalismo feminista dela langileek «autodefentsarako duten tresnarik eraginkorrena». «Ez gara besoak gurutzatuta geratuko, eta enpresaz enpresa borrokatuko gara instituzioek eta patronalak dagokien ardura har dezaten», adierazi du Isasik. Hala, indarkeria matxistaren inguruko formakuntza eta diagnostiko «errealak» egin daitezela exijituko du LABek, eta ahalik eta inguru seguruenak sortzeko lanean jarraituko du, «lantokietan aske izateko».
Arratsaldean, Euskal Herriko Mugimendu Feministak mobilizazioak egingo ditu Euskal Herri osoan, eta mobilizazio horiekin bat egiteko deia egin die LABek langile guztiei.
ELA, Altsasun
ELA sindikatuak, berriz, ekitaldi berezi bat egin du Altsasun, Nafarron, Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Egunean. Hiruki Larroxa kooperatibako Joseba Gabilondo gonbidatu du sindikatuak, eta hainbat auzi ekarri ditu hizpidera: boterea, maskulinitateak, gizonen erantzukizun politikoa, gizonak borroka feministan inplikatzeko beharra, sindikalismoaren barruko kultura patriarkala...
Sindikatuak esan du «sarri isilarazia eta funtsezkoa den gai bati» heldu diola Altsasuko ekitaldian: «Gizonek indarkeria matxista erreproduzitzeko eta desaktibatzeko orduan duten rola eta zuzeneko erantzukizuna». ELAk, sindikatu mistoa izanik, «organizazio feminista eraikitzea» du helburu, eta «barrura begiratzeko ariketa» da Altsasun egin duena.

CCOO eta UGT, Bilbon
CCOO eta UGT sindikatuek elkarretaratzeak egin dituzte, Bilbon. CCOOk kalera ateratzeko beharra azpimarratu du, «indarkeria matxista delako gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunaren ondoriorik gordinena». Ohartarazi du eskuina eta eskuin muturra «kolokan» jartzen ari direla «berdintasun politikak».
Bilboko Pio Baroja plazan egindako protestan, pankarta bat zabaldu dute: «Sexu jazarpenik gabeko lan libreak» zioen. Han izan dira EAEko CCOOko idazkari nagusi Santi Martinez eta Emakumeen Alorreko idazkari Estibaliz Montero. Martinezek nabarmendu du garrantzitsua dela sindikatuek konpromisoa azaltzea indarkeria matxistaren aurka, «lantokian hierarkia jakin batzuk egoten baitira, eta horien inguruan indarkeria matxista sor daiteke».
Lantokian «hierarkia jakin batzuk» egoten direla azaldu du CCOOk, eta horien inguruan indarkeria matxista sortzeko arriskua dagoela.
EAEko UGTk Moiua plazan egin du agerraldia. Xuria Arza idazkari nagusiak indarkeria matxistaren aurka egitera deitu du, «esparru guztietan, eta, sindikatuei dagokienez, lan zentroetan». Azaldu du feminismoaren aurkakoek indarkeria matxista ukatzen dutela, eta gobernuei eskatu die jabetzeko «arazo izugarri» horretaz. Esan die «lehentasun politiko eta sozialtzat» hartu behar dutela ildo horien aurka egitea. Bizirik, libre, berdintasunaren alde batuak lelopean aritu dira elkarretaratu direnak.