Memoriaren egunaren harira, ekitaldi instituzionala egin dute gaur goizean Eusko Legebiltzarrean. Urtero bezala, ganberaren atarian izan da ekitaldia, indarkeria politikoaren biktimen omenez jarritako Gauerdiko iparrorratza eskulturaren alboan: lore eskaintza egin dute, eta minutu bateko isilunearen ondoren, Agur jaunak eta andreak kantatu dute. Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea eta Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria buru zutela, alderdi politiko guztietako ordezkariek hartu dute parte, PPkoek eta Voxekoek izan ezik.
Parlamentuaren kanpoko aldean, berriz, elkarretaratzea egin du Etxerat elkarteak, EH Bilduko legebiltzarkideen babesarekin. Eskaera zehatz bat egin dute: Euskal Herritik kanpoko kartzeletan zeuden presoak bisitatzeko bidean auto istripuetan zendutako hamasei senideak biktima gisa aitor ditzatela. «Urruntzea eta sakabanaketa pairatu zutenen sufrimendua eta mina aitortzea eta gehitzea falta zaio memoria kolektibo ofizialari», adierazi du Naroa Hernandez bozeramaileak.
Memoriaren eguneko ekitaldi nagusia, halere, arratsaldean izango da, Donostian, Gogorak antolatuta.