Indarraldira jotzeko lehen urratsa izan dadila

Euskalgintzako dozenaka ordezkarik bat egin dute Bilbon, Euskalgintzaren Kontseiluak abenduaren 27ko ekitaldia iragartzeko antolatutako agerraldian. Haien hitzetan, euskaltzaleok indarra dute larrialdiari aurre egin eta egoerari buelta emateko.

Euskalgintzaren Kontseiluak agerraldia egin du gaur Bilboko Kafe Antzokian. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Euskalgintzaren Kontseiluak agerraldia egin du gaur Bilboko Kafe Antzokian. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
Bilbo
2025eko urriaren 7a
15:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Larrialditik indarraldirako jauzia egitea ezinbestekotzat jo dute euskalgintzako eragileek, eta Euskalgintzaren Kontseiluak abenduaren 27rako antolatu duen ekitaldia izango da horretarako lehenengo urratsa. Kontseiluak Bilbon egin duen agerraldiko argazki jendetsuak argi adierazi du prest daudela larrialdiari aurre egin eta «euskarari pizkunde berria emateko».

«Euskararen etorkizuna jokoan dago, eta garrantzitsua da euskaltzaleok aktibatzea eta egoera horri bulkada emateko indarrak batzea», adierazi du Aize Otaño AEK-ko Artezkaritza Kontseiluko kideak. Eta antzera mintzatu da Joanmari Larrarte Elkar fundazioko lehendakaria: «Larrialdian gaudela esan dugu, baina euskaltzaleoi eta euskalgintzako eragileoi dagokigu esatea larrialditik atera egin behar dugula eta horren aldeko lanean jarri behar dugula».

Kontseiluaren zuzendaritzaren parte dira AEK eta Elkar. Dinamika abian jarri eta ekitaldia antolatzeko, gogoeta prozesu batean murgilduta egon dira. Are gehiago, «gogoeta prozesua etengabea» dela azpimarratu du Larrartek. Horrek eragin du «larrialdian egotearen kontzientzia» hartu izana eta «bestelako neurri batzuen premiaz» ohartu izana. Horrez gain, Larrartek gogoratu du hainbat eragile aritu direla Batuz Aldatu dinamika garatzen: «Hor badago adostasun bat zehazteko etorkizuneko hizkuntza politikek zer oinarri izan beharko lituzketen».

«Bada garaia egoerari buelta emateko, gure indarrarekin pizkunde horri begira jarri, abenduaren 27an elkartu eta euskarari bere tokia eman eta erdigunean jartzeko»

NEKANE ARTOLA Ikastolen Elkarteko lehendakaria

Nekane Artola Ikastolen Elkarteko lehendakariak gogoratu du ez dela lehenengo aldia euskara larrialdian dagoena. Hori gertatu denean, baina, «euskaltzaleok indarra» izan dute egoerari buelta emateko. «Orain ere bada garaia egoerari buelta emateko, gure indarrarekin pizkunde horri begira jarri, abenduaren 27an elkartu eta euskarari bere tokia eman eta erdigunean jartzeko», nabarmendu du.

Norabide baten beharra

Hain justu, Ainara Lasa BERRIAko Marketin Saileko arduradunak azaldu du gaur egungo egoeraren ezaugarriak direla «egunerokoaren parte bihurtu den oldarraldi politiko, judizial eta mediatikoa, eta hizkuntzaren auziari eragiten dioten mundu mailako beste fenomeno batzuk; globalizazioa, besteak beste» —Ikastolen Elkartea eta BERRIA ere badira Kontseiluaren zuzendaritzaren parte—. Hala ere, Lasak argi adierazi du Euskal Herriak baduela gaitasuna erronka horiei aurre egiteko, baina horretarako beharrezkoa dela «norabide bat eta indar egituratu bat» izatea. Abenduaren 27a aktibazio horren lehenengo ekintza izan dadin nahi dute.

BERRIAko kideak esan du euskaltzaleen «aktibazio soziala» erdigunean jarriko duela ekitaldiak. Era berean, ekitaldiaren «arnasa kolektiboak» norbanakoengan eragina izan dezan nahi dute. «Biharamunean egon dadila gogo bat, herriz herri, auzoz auzo eta sektorez sektore, pizkunde horretan nork bere alea jar dezan». Haren ustez, gaur egun ezinbestekoak dira «keinu pertsonalak» ere, eta garrantzitsua da euskaltzale guztiei «agentzia» ematea. «Interesgarria litzateke norbanako bakoitzak bere tokitik egitasmoak sustatzea, benetan hizkuntzaren auzia lehen lerroan egon dadin eta elkarrekin bultza dezagun, hizkuntzak behar dituen babes sozial, juridiko eta politiko guztiak eraiki daitezen. Horretarako, gizarte gisa bultza egin behar dugu, eta gizartea ez da inor berau osatzen duten norbanakorik gabe».

«Interesgarria litzateke norbanako bakoitzak bere tokitik egitasmoak sustatzea, benetan hizkuntzaren auzia lehen lerroan egon dadin eta elkarrekin bultza dezagun, hizkuntzak behar dituen babes sozial, juridiko eta politiko guztiak eraiki daitezen»

AINARA LASA BERRIAko Marketin Saileko arduraduna

«Ez gara etsipenean geldituko, bagoaz indarraldira. Dinamika eta jarrera berri batzuen hasiera berri bat izango da ekitaldia», nabarmendu du Artolak. AEK-ko kideak, bestalde, espero du abenduaren 27ko ekitaldia «jendetsua» izatea eta Bilbo Arena betetzea: «Miribilla betetzea lortzen badugu eta Euskal Herriko leku guztietako eta belaunaldi guztietako jendea etortzen baldin bada, horrekin helburua betea izango dugu». Espero du «indarra» eragitea, «euskararen normalizazioari eta biziberritzeari begira» bakoitzak bere aletxoa jartzeko gogoa izan dezan.

Larrartek, berriz, jendearengan «ilusioa eta itxaropena» piztu dadin nahi du. «Askotan geure buruan sinestea falta zaigu; egoera honi buelta emateko gai garela sinetsi behar dugu, eta Euskal Herri euskaldun baterako norabide bat markatu dezakegula». Argi utzi du ekitaldia lehenengo urrats bat besterik ez dela izango: «Honek ez dauka bukaerarik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.