Urte berria hastearekin batera, 2026a amaitzerako nolako Donostia nahi duen irudikatu du Jon Insausti alkateak gaur, udaletxean eginiko gosari informatibo batean. Eta datozen hamabi hilabeteetarako ikusten dituen bi berrikuntza nabarmendu ditu: batetik, 2.300 etxebizitza eraikita edo eraikitzeko bidean egotea; bestetik, Donostiako metroko pasabidearen lanak bukatu eta trena hiri erdialdetik igarotzea udararen amaierarako.
Etxebizitza arazo «nagusitzat» jo du: «Gaur egun arazo handienetako bat da, eta gai horretan azeleratu egingo dugu». Ehun milioi eurotik gorako inbertsioa egin nahi du udalak, eta bidean diren proiektuak zerrendatu ditu alkateak: Lorategi Hiria, Añorga Txiki, Infernua, Kanpandegi, Illarra, Igara, Txomiñenea II, Apostolutza, Loiolako Erribera eta Morlans. Horiek urte amaierarako eraikita edota eraikitzen egotea nahi du Insaustik, baina, horietaz gain, beste lan lerro batzuk ere aipatu ditu etxebizitzaren arloan: bereizketak, erabilera aldaketak, etxeetarako lokalen aprobetxamendua eta erabilera turistikoko etxebizitzen «kontrol zorrotza».
Bigarrenari dagokionez, Insaustik azaldu du Topoa erdialdetik Antiguara joateak «mugarri bat eta geroaldi bat» eragingo duela hiriaren eguneroko mugikortasunean, eta data orokor bat aipatu du: uda amaiera. «Errailak falta dira, eta aste batzuetan bidaiaririk gabeko proba batzuk egingo dira, baina udararako martxan egon beharko luke». Gaur egun, Easo plazako geltokitik Lugarizkora doa trena, Errotaburu ingurura, baina, lanak amaitzean, trena lur azpitik sartuko da Donostiako erdialdean, eta beste bi geltoki izango ditu, Kontxako hondartza parean eta Benta Berrin. Insasutik esan du trenbidea lur azpitik sartzeak «oinezkoentzako gune atseginagoak» sortuko dituela, mugikortasunean eragina izateaz gain.

Gipuzkoako hiriburuaren kanpo proiekzioak biztanleen bizimoduan duen eragina maiz eztabaidagai den honetan, udal gobernuak nabarmendu du Insaustiren hitzaldian goiburu hau izan dela ideia nagusia: «Donostia donostiarrentzat. Barrurantz eraldatuko gara». Ildo horretan, etxebizitzaz eta mugikortasunaz gain, segurtasuna ere lehentasunen artean jarri du: «Donostia hiri segurua da, baina ez dugu normalizatuko ezinegona». Kargua hartu zuenetik, segurtasunaz eta delituak behin baino gehiagotan egin dituztenez mintzatu izan da, eta lehen neurrietako bat izan zen Espainiako Justizia Ministerioari eskatzea Donostiako Udaltzaingoak eskura izan dezala herritarren zigor aurrekariak jasotzen dituen erregistroa. Gaur, berriro heldu dio gaiari: «Konplexurik gabe hitz egin behar dugu, eta delituak behin eta berriz errepikatzen dituztenak arazo iturri dira; konpontzen saiatuko gara». Gaineratu du herritarren segurtasun pertzepzioa garrantzitsua dela: «Ordena eta bizikidetza ez dira aukerakoak». Bide horretan, jakinarazi du aztertzen ari direla Antiguako ertzain etxea Infernura lekualdatzea eta hiriaren ekialdean beste komisaria bat zabaltzea.
Insaustik urriaren amaieran hartu zuen Eneko Goiaren lekua Donostiako alkatetzan, eta hura izango da EAJren alkategaia 2027ko maiatzeko udal hauteskundeetan.