Donostiako osoko bilkuraren gehiengo absolutuarekin ez, baina boto gehien bildutako zerrendaren hautagai gisa izendatu dute alkate Jon Insausti Maisterrena (Donostia, 1989), eta, horrenbestez, Eneko Goiak utzitako kargua hartu du. Goiak berak eman dio aginte makila, izendapenaren ondoren, nahiz eta jada ez den Donostiako udalbatzako kide. Nekane Arzallus behin-behineko alkateak gidatu du ezohiko udalbatza, eta Insautik orduan esan ditu lehen hitzak alkate gisa: «Donostiak donostiarrentzat» izan behar duela ziurtatu du birritan, eta PSErekin batera duen koalizio gobernuaren lehentasunak finkatu: «Etxebizitza, segurtasuna, lana eta eguneroko bizitza», ordena horretan zerrendatuak.
Gainontzeko talde politikoek boto zuria eman dute Insausti aukeratzeko bozketan; aurretik, denek berretsi dute ez zutela hautagairik aurkeztuko. EH Bilduko eledun Juan Karlos Izagirrek zoriondu egin du EAJko Kultura, Euskara eta Turismo zinegotzi ohia, eta «onena» opa dio esparru pertsonalean, baina, aurretik, «aldagai tekniko» bat argitu nahi izan du. Izagirrek esan du udalbatzak ez duela aukeratu «hauteskundeetara aurkeztu den alkategai bat», baizik eta «EAJk aukeratu duena», eta badagoela «aldea» bien artean. Halaber, gogorarazi du koalizio subiranistak beste eredu bat duela Donostiarentzat: «Bi eredu daude: EAJ eta PSErena, eta Euskal Herria Bildurena». Hala ere, elkarlanean aritzea eskaini dio, errespetuzko harreman baten barruan.
Harro eta umil
Insausti izendatu aurretik, Tomas Pascuak (PP) eta Idoia Graciak (EAJ) zinegotzi karguaren zina egin dute, Jorge Motaren eta Eneko Goiaren hutsuneak betetzeko. Bigarrenak «legeak hala behartuta» formula erabili du zin egitean. Insaustik berak ez du halakorik esan alkate karguaren zina egin duenean. Euskaraz aritu da gehienbat alkate berria, baina baita gaztelaniaz ere. «Harro eta umil» hartu du kargua, «ohoretzat eta arduratzat» daukalako alkate izatea. Amak esan ei dio esker oneko izateko, eta aitak, gazteekin gogoratzeko.
Elkarlanean aritzea eskaini die talde guztiei, «Donostia donostiar guztien artean» egin behar dela argudiatuta. Segurtasunari buruz aritzean, Egia auzoan zabalduko den komisaria aipatu du, Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren artean kudeatuko dena: «Hori da gure eredua, euskal poliziarena, gertuko poliziarena». Etxebizitzak eraikitzeko promesa ere aipatu du, Auditz Akularreko proiektua hizpidera ekarrita.

Hitzaldia amaitzean hasi dira txaloak, bostekoak eta besarkadak. Goiak dimisioa eman zuen osoko bilkuran bezala, udalbatzan ere izan da EAJko presidente Aitor Esteban. EBBko buruzagiak bostekoa eman dio Insaustiri, hark alkate makila jaso eta gutxira.
«Donostiak donostiarrentzat izan behar du. Etxebizitza, segurtasuna, lana eta eguneroko bizitza dira gure lehentasunak»
JON INSAUSTI Donostiako alkatea
EAJren bazkide PSEk zoriondu egin du Insausti, Ane Oiarbide eledunaren bidez, baina sozialistak alde batzuk azpimarratu nahi izan ditu, azken asteetako adierazpenekin bat eginda. Oiarbidek berretsi du aurrera jarraitzen duela gobernu koalizioak, eta «pluraltasunari eutsi» behar zaiola «gorroto garaiak gerturatzen ari direla ematen duen honetan». Azpimarra egin du berriro «desberdinen arteko akordioan», eta «ETAren terrorismo izugarria» gogoratu du, esanez «lortutako askatasunari eutsi» behar zaiola.
Beste ziklo bat martxan
PPk, Borja Corominas eledunaren bidez, gogoratu du Insaustik boto gehien bildutako zerrendaren hautagai gisa hartu duela aginte makila, eta EAJk ez duela akordiorik egin nahi izan PPrekin. Zuri bozkatu dute PPko zinegotziek, «baina aurkako botoak dira». Elkarrekin Podemoseko eledun Victor Lasak ere garbi esan du Insausti izendatu izanak ez duela ezer aldatu. «Alkatea aldatu da, baina alderdien arrazoiak tarteko. Gardentasun gabeziari begira, ez dago aurrerapausorik».

Horrenbestez, Insausti diktaduraren osteko Donostiako zazpigarren alkate bihurtu da, agintaldia martxan izanda hautatutako lehenengoa. Izan ere, Goiak hasi zuen egungo agintaldia, hark PSEren aldeko botorik gabe, gobernu akordioa ondoren egin baitzuten. Gaur bai, EAJren hautagaiak sozialisten babesa jaso du. Horiek horrela, beste ziklo bat abiatu da Donostiako Udalean, eta ziklo horren amaiera 2027ko udal hauteskundeak izango dira. Alkate berriak bi urte izango ditu bere soslaia indartzeko, eta gainontzeko udal taldeek horri begira egin beharko dute lan, PSEk dagoeneko argi erakutsi duen moduan.