Azken ikasturtea da. Irakasleak alfabetatu edota euskalduntzeko Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren Irale programak hamarraldiak egin ditu irakasleei euskara hobetzeko aukerak ematen, euskal kulturara hurbilarazteko ateak ere irekitzen; hain justu ere, programaren osagairik ezagunenak izan dira irakasleek propio euskararen munduan murgiltzeko liberatuta egin ahal izan dituzten ikastaro trinkoak. Baina ez dira gehiago egingo heldu den ikasturtean. Horrek ekar ditzakeen ondorioekin arduratuta, egun programan lanean ari diren profesional ia guztiek bat egin dute testu baten inguruan: Euskaran ardaztutako formakuntza irakasleentzat: erabateko lehentasuna. Euskararen oihartzuna kale askotan apalduta dago, ikasgeletan eta ikastetxeetako korridoreetan ere hauspoa falta zaio gehiegitan, eta ataka horretan hezkuntzako profesionalak euskaran eta euskal kulturan trebatzen jarraitzeak duen garrantzia gogorarazi nahi izan dute hausnarketa horren bidez: «Irakasle gaituak izango dira, inor izatekotan, ikastetxeetako egoera larriari erantzuteko gai».
Premia bada. Horra, adibidez, Eusko Jaurlaritzak ikasleen euskara gaitasunaren inguruan emandako azken datuak: lehengo hilean plazaratutakoak. Lehen Hezkuntzako ikasleen %36k hasierako maila dute euskaran; DBHn, %42,2k. Oso ondo gaitutako irakasleak behar dira hor jarduteko. Aldiz, Iraleko irakasleen aburuz «oso kezkatzekoa» da usu irakasleen eta irakaslegaien euskara maila. C1 titulua dute egun gehienek, baina herdoildua dute askok euskara. Halaber, irakasle ikasketak osatzen dituzte askotan euskara hizkuntza minorizatua dela barneratu gabe eta euskal kulturaren gaineko ezagutza oso azalekoekin. Ikastaroetan maiz ikusi dute: «Kultur erreferenteak eta haien lanak ez dituzte ezagutzen». Beste kezka bat ere badute irakaslegaien prestakuntzara begira, sistemak berak atea irekitzeko duen moduarekin lotuta: «Irakasle ikasketak euskaraz egiten badituzte, irakasle zerrendetan izena eman dezakete C1 titulua ateratzeko premiarik gabe. Alegia, batzuek ez dute C1 titulua ere».
Iraleko irakasleen aburuz, «oso kezkatzekoa» da usu irakasleen eta irakaslegaien euskara maila
Argi utzi dute irakasleek: aldaketak ez ditu beldurtzen. «Aztertu behar dira orain arteko prestakuntza hobetzeko bideak», onartu dute. Beren lan eskakizunen aldeko borroka ere ez da: Iraleko irakasle guztiek lanpostuak ziurtatuak dituzte. Hainbat hamarralditan mamitutako lan eredu berezitu bat galtzeak ekar ditzakeen ondorioen beldur dira.
Ikastetxeetan
Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak orain euskararen gaineko langintza egin nahi du ikasleengan eta ikastetxeetan arreta jarrita. Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutuak izango du jardun horren gaineko ardura. Iaz eratu zen formalki erakunde hori. Ikastetxe bakoitzak bere hizkuntza proiektua lantzea da helburua orain aro berri honetan, eta hor hizkuntza kudeatzaile izateko ardura hartu beharko du zentro bakoitzeko profesional batek. Trebakuntza handia eskatuko du horrek ere.
Irakasleek beren gogoetak jakinarazi dizkiote Hezkuntza Sailari. Aintzat hartzekoa baita Iraleren itzala; 45 urte egin ditu martxan: 1981-1982ko ikasturtean abiarazi zuten, eta propio liberazioen bidez irakasleek egin ahal izan dituzten ikastaroak martxan daude 1998-1999ko ikasturtetik. Iraleko irakasleek nabarmendu dute, gainera, premia berriak ikusi ahala, «egokitu eta dibertsifikatu» egin dituztela ikastaroak Hezkuntza Sailarekin elkarlanean, eta programa, oro har, emankorra izan dela: «Ikastarootan irakasleek segurtasuna hartzen dute ahozkoan eta idatzizkoan, euskarazko baliabideak ezagutzen dituzte, euskararekiko harremana estutzen dute, eta ikasleekiko duten eragile rolaz jabetzen dira, besteak beste». Urteotan, hain justu ere, askotariko ikastaroak eskaini dituzte: hizkuntza gaitasuna hobetzeko, curriculumaren euskal dimentsioa lantzeko, ahozko jarduna sustatzeko eta ikasketa materiala sortzen ikasteko.
Lehen urteetan, Mikel Zalbideren ardurapean, programaren gaineko «koordinazioa» sendoa izan zela gogoratu dute: «Azken hamar urteotan, ordea, inor ez da arduratu ikastarootako hobekuntzak proposatzeaz, ez gurekin elkartzeaz, ez ezertaz. Ez dira eguneratu beharrak, eta guk, irakasleok, ez geneukan eskumenik horiek proposatzeko, eta ez da egon fororik, ez da egon deus».
«Irakasleek beharrezkoak dituzte euskaran ardaztutako prestakuntza jasotzeko espazioak eta formatzaileak», gogora ekarri dute beren gogoetan
Euskara ardatz
«Irakasleek beharrezkoak dituzte euskaran ardaztutako prestakuntza jasotzeko espazioak eta formatzaileak», gogora ekarri dute beren gogoetan Iraleko irakasleek. «Irakasleek eguneroko zeregin eta ardura ugari dituzte, gero eta eginkizun konplexuagoa dute, gizartea bera ere halakoxea delako». Bide horretan, propio nabarmendu dute irakasleei ezin zaiela egotzi egungo egoera zailaren gaineko erantzukizuna. «Euskararekin dugun arazoa soziala eta estrukturala da, ez norbanakoena», nabarmendu dute. «Horregatik, ezin zaie irakasleei modu pertsonalean eskatu norabidea aldatzeko; prozesuak eta programak prestatu behar dira aldaketa egituretan eta maila sozialean eragiteko». Langintza horretan irakaslegaien formakuntza eremuek «babesgune» izan behar dutela esan dute, eta prozesu horiek eskatzen duten «segurtasun emozionala» bermatu behar dela beti. Horixe ikasi dute Iralen.
Irakasleen trebakuntza osoa zeinen garrantzitsua den agerian uzteko asmoz, Iraleko irakasleek eranskin batekin osatu dute beren kezken berri emateko egin duten hausnarketa. Han jaso dituzte Iraleko ikastaroetan ikasle jardundako irakasleen hainbat balorazio. Argigarriak dira. Horra, adibiderako, lekukotasun hau: «Eguneroko irakurketa tartea izugarri gustatu zait. Aspaldi ez nituela liburuak irakurtzen. Esango nuke euskaraz eta plazerarengatik irakurtzen dudan lehenengo aldia izan dela». Edo beste hau: «Lau hilabete hauetan euskaran bete-betean murgilduta egoteak asko lagundu dit nire euskalduntze prozesuan. Ez dut uste bestela lortuko nuenik. Ez naiz ezagutzaz bakarrik ari, baizik eta sentimenduaz eta nortasunaz ere bai».
«Hezkuntza Sailak auzitan jarri du Iraleren eraginkortasuna, inolako ikerketarik egin gabe», salatu dute
Jaurlaritzak Irale bertan behera uzteko eman dituen argudioetako bat da C1 maila dutela egun irakasle gehienek, hots, erruz aldatu dela irakasleen euskara gaitasuna programa abiarazi zutenetik. Baina egiaztagiri hori izatea usu ez da nahikoa ikasgelan euskaraz ahaltsu jarduteko, eta hizkuntzaren transmisioan eragile aski eraginkorra izateko. Eta arazo larria da hori, Iraleko irakasleen arabera. «Ikasteko funtsezkoa da hizkuntza oinarri sendo bat izatea, ideiak eta ezagutza hizkuntzaren bitartez eta hizkuntzarekin batera eraikitzen baitira, ezinbestean. Horregatik, irakasle guztien zeregin nagusia da ikasleei hizkuntza jabetzen laguntzea», gogoratu dute. Eta horregatik egiten zaie zaila, hain justu ere, Jaurlaritzaren portaera ulertzea. «Hezkuntza Sailak auzitan jarri du Iraleren eraginkortasuna, inolako ikerketarik egin gabe», salatu dute. «Albo batera utziko ditu irakasleentzako murgiltze ikastaroak, zartada batean».
Eta ikastaro horietan egin izan den lana eta lan modua kontuan hartzekoak dira irakasleen ustez. «Izan ere, formazio eraldatzailea eta eraginkorra behar da, trinkoa; ezagutzan, bizipenetan eta atxikimenduan oinarrituta sendabidea eta berradiskidetzea posible egingo dituena, irakasleei hizkuntzazko funtzio eta rolak bere egitea ahalbidetuko diena», gogora ekarri dute. Jaso duten informazioaren arabera, lanaldiaren osteko trebakuntza saioak eskaintzea da orain nagusiki Hezkuntza Sailaren asmoa, eta uste dute horiekin bakarrik ezin zaiela ondo erantzun egun dauden premia larriei. Argi dute eraldaketa eragingo duen formakuntza bat eskaini behar dela: «Modu sistemikoan eta sistematikoan».
Administrazio publikoari eskatu nahi diote aski baliabide jar ditzala euskarak egun hezkuntzan eta gizartean duen «egoera kritikoari» bultzada bat emateko
Teilatupe bakarra
Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutuaren eraketa Hezkuntza Legean jasotako eginkizunetako bat da: 2022ko hezkuntza akordioan eta 2023ko Hezkuntza Legean jaso zuten hura sortzea. Hezkuntza sailburu Begoña Pedrosak gaiari buruz egindako agerraldietan azaldu izan duenez, lau lan ildo nagusi izango ditu: prestakuntza eta aholkularitza; hizkuntzen gaitasuna eta jarreren lanketa; euskararen normalizazioa eta didaktika; eta ikerketa, dokumentazioa eta hedapena.
Institutuak arloan ari diren profesional eta eragile guztiei «teilatupe bat» emango diela uste dute Iraleko lantaldeetako irakasleek, eta pozik daude horrekin. Ez baitaude institutuaren kontra. «Bat egiten dugu, neurri batean, institutuaren egitasmoekin», azaldu dute. «Baina, gure iritziz, horiek ezin dira egin irakasleentzako formaziorako baliabideak gutxituta eta baliabide horiek beste bide eta zeregin batzuetara desbideratuta». Eta hortxe eragiteko asmoz erabaki dute, hain justu ere, hitza hartzea. Funtsean, administrazio publikoari eskatu nahi diote aski baliabide jar ditzala euskarak egun hezkuntzan eta gizartean duen «egoera kritikoari» bultzada bat emateko. Era berean, hezkuntza eragileei eta euskalgintzari ere eskatu nahi diete indarrak batzeko «baliabideak eusteko eta areagotzeko» aldarriaren inguruan.
Zifrak
45Programaren urteak. 1981-1982ko ikasturtean abiarazi zuen Eusko Jaurlaritzak Irale programa, eta propio liberazioen bidez irakasleek egin ahal izan dituzten murgiltze ikastaroak izan dira programaren osagai ezagunena.
1998Ikastaroen hasiera. liberazioen bidez irakasleek egin ahal izan dituzten ikastaroak martxan daude 1998-1999 ikasturtetik.
Irakasleen soslaia
Hezkuntzako profesionalek egungo hezkuntza premiei erantzuteko eta euskararen biziberritzean eragile izateko zer soslai behar duten zehaztu du Rosa Ramos ikertzaileak bere azterlanetan. Bat egiten dute Iraleko langileek soslai horrekin, eta gogora ekarri dituzte ezaugarriok beren hausnarketan:
Adierazkortasuna. Ahoz eta idatziz hizkuntza adierazkortasun aberatsa izan behar dute irakasleek.
Atxikimendua. Euskararekiko atxikimendua izan behar dute, ezagutza soziolinguistikoa, eta arlo horretan sendo aritzeko arrazoibideak.
Kultura. Euskarazko kulturaren ezagutza izan behar dute, eta ikasleei transmititzeko gaitasuna.
Eragiletza. Eragile rolaren kontzientzia izan behar dute.
Tresnak. Euskararen didaktikarako tresnak izan behar dituzte irakasleek, eta erabiltzen jakin.