Euskal Herrian ere gaitzetsi dute AEB Ameriketako Estatu Batuek eta Israelek Iranen aurka hasitako erasoaldia. Palestinarekin Elkartasuna plataformak deituta, elkarretaratzeak egin dituzte gaur Iruñean, Donostian eta Bilbon, eta atzo Gasteizen. «Iranen aurkako eraso inperialista salatzeko eta AEBen eta Israelen aurkako erresistentziari babesa adierazteko» elkartu dira.
Iruñean, esaterako, ehun lagun inguruk egin dute protesta Iranen aurkako eraso inperialistari ez lelopean. Irango eta Palestinako banderak erakutsi dituzte, baita ikurrinak ere, eta «sionismoa suntsitu» eta «inperialismoa suntsitu» aldarriak bota dituzte, besteak beste.

Palestinarekin Elkartasunak adierazi du «gerra berri hau AEBen eta Israelen estrategia inperialistaren parte» dela, Ekialde Hurbila kontrolpean izan nahi dutelako: «AEBek zera nahi dute: Israel, bere kide leiala, eskualde horren jabe izatea, eta haien nagusitasuna zalantzan jarriko duen eragilerik ez existitzea. Horrela, Israelek bere proiektu koloniala aurkaririk gabe gauzatu ahal izango du». Horretarako Iran ahultzea edo garaitzea ezinbesteko baldintza dela azaldu du plataformak, «AEBen eta Israelen interes inperialisten aurka egiten duen agente indartsuena baita».
AEBek eta Iranek azken asteetan izandako negoziazioak «tranpatiak» izan direla esan dute, Washingtonek Teherani «inposatu» nahi izan baitio «uranioa aberasteari uztea, aberastutako uranio erreserbak entregatzea, kontinente arteko misil balistikoen programa bertan behera uztea eta Erresistentziaren Ardatza esaten dioten aliantza sarea haustea». «Gerraren bidez inposatu nahi dute diplomaziaren bidez egin ezin izan dutena», laburbildu dute.
Palestinarentzat txarra
Palestinarekin Elkartasunako kideek uste dute bi herrialde horien erasoaldia kaltegarria izango dela «eskualdeko herri langileentzat eta erresistentzia indarrentzat», eta Palestinako herriarentzat ere oso albiste txarra delakoan daude. Izan ere, AEBek eta Israelek gerra irabaziz gero, «sionistek are askatasun handiagoa izango dute Palestinako herriaren kontrako sarraskiarekin jarraitzeko eta haren lurrak kolonizatzeko».
Horregatik guztiagatik, Iranen aurkako erasoa gaitzetsi dute, eta AEBen eta Israelen aurkako erresistentziari babesa erakusteko deia egin.