Etxerat elkarteak jakinarazi duenez, Irantzu Gallastegi eta Gregorio Eskudero euskal presoak Euskal Herriko kartzelatan daude jada. Gallastegi Zaballara eraman dute, eta Eskudero, Martutenera. Bi preso horienak izan ziren Espainiako Espetxe Erakundeek martxoaren 24an iragarri zituzten euskal presoen azken mugimenduak. Horiekin, Sare-k amaitutzat eman zuen euskal presoen urruntze politika.
Gallastegi Estremerako espetxean zegoen preso, Euskal Herritik 450 kilometrora. Eskudero, berriz, Dueñasen, 310 kilometrora; duela ia bi urte hurbildu zuten Orioko (Gipuzkoa) presoa. Atzo, salbuespen legeek behin betiko desagertu behar dutela aldarrikatu zuten presoen senideek, Etxerat-ek deituta: «Amaitu da, azkenik, horrenbeste sufrikario eragin eta utzi digun aro luze hau».
Gaurko bi mugimendu horien ondoren, orain preso bat bakarrik falta da Euskal Herrira ekartzeko: Asier Borrero; Duesoko kartzelan dago. Hiru horiez gain, beste bi Euskal Herriratze iragarri zituzten martxoaren 24an. Faustino Marcos zen horietako bat, baina aske geratu zen apirilaren 8an, Euskal Herriratua izan baino lehen, Darocako kartzelan zigorra beteta. Garikoitz Etxeberria zen bestea, eta hori apirilaren 14an eraman zuten Zaballara. Etxeberriak joan den astean jakinarazi zuenez, orain gose greban da, bakartze egoeratik atera dezaten eskatzeko.
Ikusi gehiago:«Etxeratzea eskatzen ari gara, inolako pribilegiorik gabe»
Espainiako espetxe batean jarraituko du, berriz, Jaione Jauregik; Alcalako kartzelan dago (411 kilometrora, Espainia), behin-behinean. Hura 2020an atxilotu zuten, Belgikan, eta ondoren Espainiaratu. Haren aurkako auzibideak martxan daude Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta auzitegi hura da haren behin-behineko espetxealdia agindu duena. Atxilotu aurretik, Ganten (Flandria) bizi zen Jauregi, eta bere aldeko babes sare bat ere badu hiri hartan.
Ikusi gehiago:Espetxe politika tresna gisa
Euskal Preso Politikoen Kolektiboak agiri bat atera zuen joan den astean Preso Politikoen Nazioarteko Egunaren harira, eta urruntzea amaitu izana txalotu zuen: «Luzez itxarondako albistea da». Politika horrek sufrikarioa baino ekarri ez duela salatu zuen agirian, babesgabetasuna indartzeaz gain «gure senideak gupidarik gabe zigortu dituelako». Etxeratzeko egin beharreko urratsak egiteko prest dagoela berretsi zuen EPPK-k.