Sortuko militanteek atzo arteko epea zuten alderdiko Nazio Kontseiluak proposatutako zuzendaritzaz bestelako hautagaitzak aurkezteko, baina ez da halakorik izan. Beraz, Xabi Iraolak bidea libre du alderdi independentistaren gidaritzan Arkaitz Rodriguezi erreleboa hartzeko. Sortuko kideek hilaren 21etik 23ra bozkatuko dute zuzendaritza berria, eta 24an emango diote amaiera laugarren kongresuari, Irungo Ficoban (Gipuzkoa).
Nazio Kontseiluak joan den astean eman zuen bere proposamenaren berri. Lehen kolpean, Xabi Iraola koordinatzaile nagusi gisa proposatzeko arrazoiak aurkeztu zituen alderdiak. Gazte hasi zen ezker abertzalean militatzen, eta Sortun zenbait kargu izan ostean, azken urteetan Herrigintza idazkari aritu da. Hala, «ezker independentismoa herri honentzako proiektu politiko sendo, erakargarri eta eraldatzaile bat bihurtzeko lanean» egindako lana aitortu diote.
Denera hamabost lagunek osatuko dute Nazio Idazkaritza berria. Iraolarekin batera, zortzi emakume eta sei gizon arituko dira. Horietatik bederatzi, aurrez ere zuzendaritzan aritutakoak; besteak beste, Nuria Altzugarai, Oihana San Vicente, Haimar Altuna, David Pla, Elena Beloki eta Paul Laka. Eskarmentua ez ezik gaztetasuna ere txertatu nahi izan dute taldean, ordea, eta belaunaldi berriek leku nabarmena izango dute zuzendaritzan. Sei hautagaiak 35 urte baino gutxiago dituzte: Iraola bera, Oihana Agirre, Maialen Kortabarria, Asier Zamorano, Maialen Arteaga eta Txomin Poveda. Horiekin guztiekin, idazkaritza berrian aritzeko hautagaiak dira Itsasne Fernandez, Iker Araguas eta Idoia Zengotitabengoa ere.
Iaz jakinarazi zuen urtebete aurreratuko zutela Sorturen IV. Kongresua, berez 2027an egin asmo zutena. Bidean, Herri gogoa txosten politikoa onartu dute militanteek, eta hura praktikara eramatea egokituko zaio zuzendaritza berriari.