Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoak absoluzioa agindu du Iratxe Sorzabalentzat, 1995ean Irunen lehergailu bat jarri izanaren akusazioaren harira. Horretaz gainera, Espainiako justiziak bere epaian aitortu du akusatuari «tratu gizagabea» eman ziola Guardia Zibilak «atxiloketan, 2001eko martxoan». Sorzabalek Irungo ekintzan parte hartu zuela idatzi zuen, eta epaiak jaso du idatzi hori «zuzenbideari begira baliogabea» dela, «akusatuaren oinarrizko eskubideak urratuta lortu zelako (elektrodoak aplikatuta)». Sorzabalen atxiloaldian gertatu ziren tortura horiek, eta Auzitegi Nazionalak dio «helburua» zela «esan bezala idatz zezala bere deklarazioa». Halaber, epaian erantsi dute «akusatuaren aldeko errugabetasuna hausteko bestelako frogarik ez» dagoela. Hori dela eta, Sorzabalen absoluzioa ebatzi du.
Ikusi gehiago
Era berean, Auzitegi Nazionaleko epaimahaiak azpimarratu du akusatuak ez zuela berretsi bere autoinkulpazioa epaiketan, eta jakinarazi zuela torturapean egin zituela. Gainera, jaso dute 1995eko akusazio horri lotutako prozesu judiziala zabaldu zutela Sorzabalen idatzia aurkitu zutenean. Epaiak dio Sorzabal atxilotu eta egun batzuetara azaldu zela erruduntasun aitorpena, eta hark egindako «deklarazioa bezala baliogabea» dela, «zeharka bada ere». Eta ondorio bat atera dute: «Deklaraziorik egon izan ez balitz ez zen izango erruduntasun idatzirik».
Torturapean egindako autoinkulpazioa
Espainiako Auzitegi Nazionalak torturapean egindako autoinkulpazio batean oinarrituta epaitu du Sorzabal. Hamabi urteko kartzela zigorra eskatu du fiskalak haren aurka, 1995ean egindako atentatu bat egotzita. Sorzabalek epaiketan esan zuen 2001ean atxilotu orduko inkomunikatu eta «bortizki» torturatzen hasi zirela, Hernanin (Gipuzkoa). Beste atxilotu batek deklarazio batean haren izena esan ostean hasi zen prozesua. Bost egunez eduki zuten inkomunikatuta, eta gero bost hilabete egin zituen espetxean, aske utzi zuten arte. Orduan egindako deklarazioetan eta Sorzabalek kartzelatik idatzitako gutun batean oinarrituta, 1995. urtean Irunen izandako atentatu bat egotzi zioten, eta otsailaren 27an epaitu zuten, Madrilen. Fiskalak hamabi urteko kartzela zigorra eskatu zuen haren aurka; defentsak, berriz, absoluzioa, «torturapean egindako deklarazio bat eta gaizki itzulitako gutun bat» delako aurkeztutako froga bakarra.
Epaimahaia bat dator Guardia Zibila torturarekin lotzen duen tesiarekin: «Sorzabal zaintzen zuten funtzionarioek elektrodoak ezarri zizkioten deklaratzera behartzeko, eta hori oinarrizko eskubideak urratzea da»
Epaia defentsaren aldekoa izan da erabat, Sorzabalen absoluzioa deliberatzearekin batera aitortzen baitu Guardia Zibilak «tratu gizagabea» eman ziola, eta «elektrodoak» aipatzen ditu. Auzitegia ondorio batera iritsi da: «Akusatuari, atxiloaldian, tratu gizagabea eman zioten», eta azpimarratu du «proba fisikoak eta psikologikoak bat datozela tortura alegazioekin». Eta Guardia Zibila torturarekin lotzen duen tesiari jarraitzen dio: «Iratxe Sorzabal zaintzen zuten funtzionarioek elektrodoak ezarri zizkioten deklaratzera behartzeko, eta hori oinarrizko eskubideak urratzea da». Fernando Andreu aretoko presidenteak eta Ana Revuelta eta Javier Mariano Ballesteros epaileek sinatu dute epaia.
Otsaileko epaiketan, Sorzabalek, negarrez hasteko zorian, abokatuari kontatu zion autoan sartu orduko hasi zitzaiola Guardia Zibila torturatzen: burua estali ziotela eta elektrodoak jarri zizkiotela azaldu zuen: «Autoan, kaputxa jarri eta elektrodoak jartzen zizkidaten bitartean, gorputza ukitu zidaten denek». Guztiak gizonak zirela esan zuen, eta tortura sexisten berri ematen segitu zuen, estu: «Haientzat ez nintzen pertsona edo militante bat; emagaldu puta bat nintzela esaten zidaten». Behin Madrilera iritsitakoan autoko erasoak areagotu zirela gaineratu zuen, guztiz biluztu zutela eta poltsaren teknika aplikatu ziotela. Torturak «bortitzak» izan zirela esplikatu zuen, «etengabeak», eta «txikituta» bukatu zuela. «Uste nuen han bertan hilko nintzela. Ez nekien pertsona batek horrenbeste sufritu zezakeenik». Ondorioak urteetan izan dituela azpimarratu zuen.

Bigarren absoluzioa segidan
Irungo atentatuarekin lotutako akusazioarena ez da Sorzabalen aurtengo lehen absoluzioa. Apirilaren 4an ere, errugabea zela erabaki zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak, Alacanteko (Herrialde Katalanak) aireportuan jarritako lehergailu bati lotutako auzian. Epaiketa horretan, haren aurkako «froga sendo» bakarra ustez Sorzabalek ETAren zuzendaritzari bidalitako gutun bat izan zen, baina, epaimahaiaren arabera, ez dago baieztatzerik hura Sorzabalek idatzi zuela.
Martxoaren 17an eta 18an epaitu zuten Sorzabal, 1995ean Alacanteko aireportuko zaborrontzi batean lehergailu bat uztea egotzita. Epaiketan, euskal presoak adierazi zuen inkomunikazio aldian eta torturapean hartu zituela bere gain ETAren zenbait ekintza, tartean Alacanteko hura. «Polizia deklarazioa egiten ez banuen, okerrago izango zen, eta ezin nuen gehiago», esan zuen, eta ukatu egin zuen berak inolako zerikusirik izatea.
2022an, ordea, Auzitegi Nazionalak ez zituen aintzat hartu Sorzabalek egindako tortura salaketak, eta 24 urteko kartzela zigorra ezarri zuen Xixongo atentatu baten harira. Epaileak esan zuen Sorzabalen tortura akusazioak ez zirela «erabat» frogatu.
Gaur jakin da, berriz, Irungo atentatuarekin lotutako akusazioaren epaiketan absoluzioa izan dela emaitza. Epaiketa horretan, Sorzabalen tortura salaketak oihartzun zabala izan zuen. Aiert Larrarte abokatuak berak adierazi zuen Auzitegi Nazionalean epaiketa askotan aritu behar izan duela defentsa lanetan, eta Sorzabalen kasuan froga argi bat izan zutela gutxitan bezala: elektrodoen markak. Inkomunikazio aldian jasandakoaren lekukotasuna eman zuen Bi arnas dokumentalean eta Euskaldunon Egunkaria-ri emandako elkarrizketa batean. Istanbulgo protokoloa ere aplikatu zioten.