Atzo Iruñean egin zuten Iratxe Sorzabal euskal presoari babesa erakusteko ekitaldi bat, eta gaur, berriz, Irunen (Gipuzkoa), haren jaioterrian. Irungo Mosku auzoan, Kabigorri pareko eskaileretan elkartzeko deia egina zeukaten Iratxeren Bidasoaldeko Lagunek, eta 13:00etan dozenaka lagun azaldu dira Sorzabali elkartasuna adieraztera. «Iratxe, guk ere sinisten dizugu: kontatu gurekin» mezua idatzita zeraman pankarta baten atzean bildu dira.
Atzo Nafarroan eginiko agerraldian, mugimendu feministako eta sindikaleko hamar eragile batu ziren euskal presoari elkartasuna adieraztera, eta Sorzabalek instituzioetatik jasan duen «bortizkeria» salatzera. Gaurko ekitaldian atzoko babes adierazpena errepikatu dute, eta, ondoren, Bidasoaldeko Lagunen adierazpena irakurri.
Gogora ekarri dute 2001. urtean Iratxe Sorzabali sinetsi ziotela hark salatu zituenean guardia zibilen esku jasandako tratu txar eta torturak. Gero, Sorzabalentzako sostengu hitz batzuk irakurri dituzte: «24 urte geroago, Espainiako Auzitegi Nazionalak frogatutzat eman du orduan salatutakoa, eta zuk, jakinda ere horrek nola astinduko dituen zure barrenak, ausart, indartsu, hori guztia berrikustea eskatu duzu». Orduan egin bezala, orain ere esan diote «sinisten dizugu». Horretaz gain, torturaren gogorra eta basakeria jarri dute lehen lerroan: «Ez dugu ahazten, inola ere, torturen ondorioz argazkietan ikusi genuen erretako eta zanpatutako bizkar hura».
Irunen bildutakoek hitzeman dute Sorzabalek ondoan izango dituela prozesuan: «Azken urteetan bezala, gure elkartasuna eta maitasuna hor izango dituzu, Soto del Real, Fresnes, Fleury Merogis, Reau, Estremera, Zaballa eta Martuteneko kartzeletan bahituta egon zaren momentuetan bezala». Maitasun mezu batekin amaitu dute ekitaldia: «Kalean berriro ikusi arte, ondo ezagutzen duzun Moskuko txoko honetatik besarkadarik beroena, Iratxe».
Auzia zabaltzeko eskaera
Joan den maiatzean, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoak absoluzioa agindu zuen Iratxe Sorzabalentzat, 1995ean Irunen lehergailu bat jarri izanaren akusazioaren harira. Gainera, Espainiako justiziak aitortu zuen bere epaian akusatuak «tratu gizagabeak» jaso zituela 2001eko martxoan Guardia Zibilaren atxilopean zegoela. Giza Eskubideen Behatokiak, Egiari Zor-ek eta Sorzabalen abokatu Aiert Larrartek azaldu zuten orduan neurriak hartzeko asmoa zutela. Lehen urratsa zera da: Sorzabalek eskatuko duela zabal dezatela bera torturatu zutenen kontrako auzia.