Txerto iraungiei buruzko informazioa eskatu dio Fiskaltzak Osakidetzari

Osasun sailburuak jakinarazi du Ertzaintza joan zitzaiola atzo informazio eske. Ikerketan laguntzeko prest dagoela berretsi du, eta gaur bertan helaraziko diotela informazioa. Oposizioak esan du gertatu dena «oso larria» dela.

Alberto Martinez Osasun sailburua Eusko Legebiltzarrean, artxiboko irudi batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Alberto Martinez Osasun sailburua Eusko Legebiltzarrean, artxiboko irudi batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
aitor biain
2026ko otsailaren 19a
11:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Jaurlaritzak auzia «bideratua» duela esan arren, txerto iraungien afera ez da amaitu, ezta inondik ere. Arlo politikoan gobernuaren eta oposizioaren arteko desadostasunen iturri da oraindik ere, eta horren adierazgarri da gaur Eusko Legebiltzarrean izandako eztabaida. Baina epaitegietan ere zabalik dago auzia, Fiskaltzak ikerketa abiatu baitzuen, herritarrentzat «arriskutsua» izan ote zen ikertzeko. Eta, hain justu ere, beste urrats bat egin dute aurrera bide horretan, Alberto Martinez Osasun sailburuak jakinarazi baitu Ertzaintza informazio eske joan zela atzo Osakidetzara.

Osoko bilkura hasi aurretik eman du horren berri Martinezek, legebiltzarreko sarreran hedabideei egindako adierazpenetan. Fiskaltzak urtarrilaren amaieran zabaldu zuen ikerketa, Gaixoen Defentsarako Madrilgo erakundearen eskariz. Txerto iraungien inguruko informazioa helarazteko eskatu zion orduan Osakidetzari, baina eskeak erantzunik jaso ez zuela eta, Ertzaintza bidali zuen atzo errekerimendua egiteko.

Hamar eguneko epea izango du orain horretarako. Baina Jaurlaritzak esan du albait azkarren bidaliko duela informazio dena, are, gaur bertan «eskura duen guztia» emango duela hitzeman du sailburuak, hala paperean nola digitalean. Martinezek esan du ez zutela lehenbiziko errekerimendua jaso, baina ziurtatu du berak zuzentzen duen sailak prestutasun osoa duela ikerketan laguntzeko.

MEDIKUEN ESTATUTUA NEGOZIATZEKO ESKUMENA ESKATU DU

Martinezek esan du Hego Euskal Herrian medikuak egiten ari diren lanuzteak eragin nabarmena izaten ari direla Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: astelehenean eta asteartean bertan behera geratu ziren lehen arretako 10.391 kontsulta, pediatriako 2.752, espezialistekin 10.221, 569 kirurgia eta diagnostikorako 6.156 proba. Medikuen %16k egin du greba. Aintzat hartu behar da mediku guztiek ezin dutela greba egin, gutxieneko zerbitzuak bermatu behar dituztelako. Martinezek adierazi du bidezkoa dela greba egitea, baina gatazkari irtenbidea topatzeko dei egin dio Espainiako Gobernuari. Bide horretan, sailburuak esan du Osasun Ministerioa negoziatzeko gai ez baldin bada Eusko Jaurlaritza prest dagoela ardura hori bere gain hartzeko. Eskumen hori Espainiako Gobernuarena dela gogorarazi du, baina azpimarratu du horri muzin egiten badio EAErako estatutu propioa izateko eskumena izan beharko lukeela. Izan ere, lan gatazka konpondu ezean osasun sistemak «arazo larria» izango duela ziurtatu du sailburuak. 

 

Krisi «oso larria»

Gertatu dena «larria» dela iritzi diote oposizioko taldeek; beste behin ere, azalpenak eskatu dizkiote Martinez sailburuari bilkuran, eta ardura bere gain hartzeko. EH Bilduk eta PPk proposamen bana eraman dute parlamentura, berriro gerta ez dadin neurriak hartu ditzatela exijitzeko eta ardura bere gain hartu dezatela eskatzeko. Baina bi proposamenetako batek ere ez du aurrera egin. EAJren eta PSE-EEren zuzenketa onetsi dute azkenean, eta, haren bitartez, Osasun Sailari eskatu diote «azkarrago» har ditzala txertaketa prozesuen segurtasuna bermatzeko astelehenean iragarritako neurriak.

EH Bilduko Rebeka Ubera legebiltzarkideak salatu du Jaurlaritzak garrantzia kendu nahi izan diola gertatu denari, eta publiko egin aurretik auzia «estali» nahi izatea egotzi dio. «Hori oso larria da, Martinez jauna», esan dio sailburuari. Adierazi du urtarrilaren 27ra arte gobernuek ez zuela inolako jakinarazpenik egin; gero bai, etengabe hitz egin duela aitortu du, «bere burua kontrajartzeraino».

Uberak ohartarazi duenez, Jaurlaritzak dena «bideratuta» dagoela esan arren, oraindik inork ez daki auziaren neurria zein den: «Behar bezala ikertu behar da, irizpide teknikoak erabiliz». Era berean, salatu du Osakidetzak ez duela zaintzen hornitzaileak txertoak ematen dizkienetik herritarrei dosiak jarri arteko bidea. Krisiari dagokionez, esan du ESI bakoitza bere aldetik ari dela, eta salatu familiei ez zaiela arretarako telefonorik jarri eta idatziz ere ez zaiela behar besteko informazioa eman.

Sumarrekin batera, erdibideko zuzenketa bat aurkeztu du, eta hori izan da azkenean bozkatu dutena. Hain zuzen ere, Jon Hernandez legebiltzarkideak esan du herritarrek oraindik ez dakitela zehazki zer gertatu den, informazioa falta dela, eta herritarrek eskubidea dutela horren berri izateko. «Larria da gertatu dena», esan du, eta ohartarazi litekeena dela osasun sistemaren «sinesgarritasunean» eragina izatea. Halere, azpimarratu du akatsak «sistemarenak» direla, eta, beraz, «estrukturalak», eta ezin dela osasun sistemako langileen bizkar utzi ardura guztia. Horregatik, «aldaketa bat» eskatu du, halakorik berriro gerta ez dadin. Azpimarratu du, hori bai, ez duela inoren dimisiorik eskatuko, baina ardura politikoak ebatzi behar direla. «Gizarteari jakinarazi behar zaio zer gertatu den».

PPk ere legez besteko proposamen bat aurkeztu du. Laura Garridok lehendakariri esan dio bere agintaldiko krisirik «handiena» dela, eta ohartarazi du oraindik «erantzun asko» falta direla: «Oso larria da». Salatu du Osasun sailburuak eta Osakidetzako zuzendariak ez diotela behar besteko garrantzia eman gaiari, eta «gutxietsi» ere egin dutela.

Are, salatu du txerto iraungiak jaso dituztenak «babesgabe» egon direla: «Eta zerbait gertatu izan balitz, zer?». Horregatik, ikerketa batzorde independente bat eskatu du, eta Jaurlaritzari galdegin dio hilabeteko epean txertoen antolaketari buruzko plan bat aurkeztea. Eusko Jaurlaritzari ardura politikoak bere gain hartzeko ere eskatu dio.

Zuhur jokatzea ez da isilik geratzea

Gobernua sostengatzen duten taldeek, ordea, oposizioaren jarrera salatu dute. Ekain Ricok gezurtatu egin du Garridok esan duena, eta ziurtatu du txertoa jaso zutenak ez direla babesgabe egon. Legebiltzarkide sozialistak aitortu duenez, inoiz ez luke horrelako akatsik gertatu behar, baina ez dio zertan sistemari eragin; kontrara «indartu» egin dezakeela esan du. Eta ohartarazi du ez direla nahasi behar zuhur jokatzea eta isilik geratzea.

Jon Aiartza legebiltzarkide jeltzaleak ere Osasun sailaren eta Osakidetzaren jarduna babestu du, eta ontzat jo ditu sailburuaren kudeaketa eta hark une oro emandako azalpenak. Azkenik, EH Bilduri egotzi dio «arduragabe» jokatzea, eta zalantza agertu du gertatu dena publiko egiteak nori egin dion mesede, herritarrei edo EH Bilduri. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.