Irudiek ez dute argi erakusten foam pilotak errebotez jo zuela Tolosan zauritutako gaztea

Kaleko kamera bati erreparatuz, Erkorekak ziurtatu du «errebotez» jo zuela Ertzaintzaren jaurtigaiak begi batean larri zauritu zuen gaztea, inauterietan, baina irudietan ez da argi ikusten halakorik. Gazteak ez du ikusmena berreskuratu oraindik.

Tolosan egindako elkarretaratze batean aritu zen Xuhar gazte zaurituaren aita Jon Pazos, otsailean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Tolosan egindako elkarretaratze batean aritu zen Xuhar gazte zaurituaren aita Jon Pazos, otsailean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
xabier martin
2024ko maiatzaren 9a
20:00
Entzun

Ertzaintzak hiru gazte zauritu zituen foam jaurtigaiekin joan den otsailean, Tolosako inauterietan izandako istiluetan, horietako bat Xuhar Pazos Villabonako (Gipuzkoa) gaztea. Begi baten ikusmena erabat galtzeko arriskuan da Pazos, eta Tolosako Instrukzioko 1. Epaitegian salaturik dagoen auzia argitzeko, froga garrantzitsuak dira Beotibar kaleko kamera batek jasotako irudiak. BERRIAk jakin duenez, irudi horiek ez dute argi erakusten Pazosek errebotez hartu zuela foam pilotaren kolpea, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Josu Erkorekak jakinarazi duen moduan.

Haren arabera, Pazos istiluetan parte hartzen ari zirenen «alboan» zegoen, gertatzen ari zena sakelako batekin grabatzen, eta ertzainei objektu bat jaurtitzen ari zen beste gazte baten besoan jo zuen aurrena foamak eta ondoren zauritu zuen begian Pazos, «errebotez» alegia. «Modu egokian jarritako kamera» horrek «oso argi» jaso du gertaera, sailburuaren hitzetan; irudiak, ordea, ez dira oso argiak, eta ez dute egiaztatzen errebotez jo zuelako teoria, eta, beraz, ezta beste aukera batzuk baztertzen ere.

Epaiketa ala artxiboa

BERRIAren informazioaren arabera, goizalde horretan Ertzaintzaren aurkako istiluetan parte hartzen ari zirenak baino atzerago kokaturik azaltzen da irudietan kolpe larria jasotako gaztea, beste hainbat bezala. Irudietan ikusten da Pazos gertaera grabatzen ari zela sakelakoarekin, eta ez zuela ezer jaurti Ertzaintzaren aurka. Epaileak froga hori eta beste hainbat aztertuko ditu agenteen oldarraldian delitu zantzuak egon ote ziren erabakitzeko, eta, deliberazio horren arabera, epaiketa fasea zabalduko du ala auzia artxibatuko.

Epaileak, ebazpena eman aurretik, aintzat hartu beharko ditu, kaleko kamera horrek jasotako irudiez gain, Ertzaintzak egindako txostenak eta gertaerak eragindakoen adierazpenak, zauritutakoenak eta ertzainenak. Aintzat hartu beharko ditu ere beste zenbait kontu: mediku txostenak, Ertzaintzak protokoloa bete ote zuen, foam jaurtigaien ekoizleen jarraibideak bete ote zituen, eta, halakorik balego, kaleko kamerak egindako grabazioaz besteko irudiak ere.

(ID_13861283) (/EZEZAGUNA) tolosa
Istiluak sortu ziren kale inguruak, Tolosako erdigunean. TOLOSAKO UDALA

Sekretupean daude Ertzaintzaren goiz horretako jarduera ikertzeko datuak, aldeentzat salbu, baina hainbat informazio jakinarazi ditu Segurtasun sailburuak berak, asteon bertan azkenekoz, Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean. Erkorekak berriz esan du «errebotez» jo zuela foam pilotak Villabonako gaztearen begia, «auzia oso argia eta oso zehatza» dela, eta auzi hori «oso ondo ezagutzen duen epaile baten esku» dagoela. Are gehiago, Erkorekak aurreratu du «luze gabe» emango duela «Nafarroako epaile» horrek bere deliberazioaren berri.

Ez du ikusmenik

Hiru hilabete beteko dira aurki Xuhar Pazos Astelenita eguneko goizaldean begian jota zauritu zutenetik, eta begi horren ikusmena erabat galduta dauka, haren aita Jon Pazosek BERRIAri azaldu dionez. Kolpeak erretina askatzea eragin zion, malko hodia ere apurtu zion, eta ebakuntza egin behar izan zioten kalteak okerragoak izan ez zitezen. Begi inguruan hamabost puntu eman zizkioten larrialdietan, baina barrualdean orbana geratu zaio. «Hala ere, egonkor dago, eta haustura ez da zabaldu; ez du okerrera egin», esan du Pazosek. Baliteke beste ebakuntza batekin ikusmena hein batean berreskuratzea, baina, oraingoz, begi horretatik ez du ikusten 16 urteko gazteak. Aitak hasieratik adierazi du Xuhar semea jai giroan zegoela eta ez istiluetan parte hartzen.

Harekin batera festa giroan zebiltzan beste bi gazte ere zauritu zituzten foam jaurtigaiekin otsaileko goizalde hartan; horietako bat Eider Lopez izan zen. Hark buruan hartu zuen foam pilotaren kolpea, belarritik gora, baina osaturik da jadanik. Pazosen eta Lopezen abokatua da Aiert Larrarte, biek ala biek Tolosako epaitegian jarritako salaketaren auzian. Larrartek oso argi utzi nahi du auzi horretan ez direla «Xuhar [Pazos] ikertzen ari, baizik eta egun horretako Ertzaintzaren jarduna».

«Ez dira Xuhar ikertzen ari: ez desordena publikoagatik, ez kale borrokagatik, ez antzeko karguengatik. Eta ez dute ikertuko ere. Beste batzuk dira ikertuak egun horretako gertaerei loturik».

AIERT LARRARTE Abokatua

Abokatuak uste du Erkoreka sailburua saiatzen ari dela «iritzi publikoan eragiten» zaurituaren aurkako jarrera izan dezan, «sekretupean dauden informazioak baliatuta». Erantzuleak zein diren argitzeko mozio bat onartu zuen Villabona-Amasako Udalak, otsailean, eta Larrartek gogorarazi du batzar horretan EAJko zinegotzi batek nola erreparatu zion ikerketari, aurreko orduetan hainbat hedabidek egindako errebotearen filtrazioan «sakonduz». Larrartek jakinarazi du filtrazio horien «iturburua» ikertzeko eskatu diotela epaileari, baina hark uko egin diola eskaera horri.

«Ez dira Xuhar ikertzen ari: ez desordena publikoagatik, ez kale borrokagatik, ez antzeko karguengatik. Eta ez dute ikertuko ere», helarazi du gaztearen abokatuak: «Beste pertsona batzuk dira ikertuak egun horretako gertaerei loturik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.