Ostiral arratsa Iruñean, gaztain usaina karrikan eta Labrit aldapan behera ilara luzea. Adin guztietako pertsonak frontoiaren atariko arkupea zeharkatzeko irrikan dira. Lau eta Erdiko Txapelketako partidaren bat, akaso? Ez. Barruan, Chenoa eta Amaia Romero abeslarien kantak ozen entzuten dira, eta kantxa erdian hiru kartel handi daude paraturik. Bozkatu indarrez dio leloetako batek gazteleraz; Herrialde baten indarra dio besteak euskaraz. «Gaur hasiko da gure herrialdeko historian kanpainarik garrantzitsuena. Hori non izango, eta Iruñean!», aldarrikatu du Angel Moleon PSNren Senatuko zerrendaburuak. Bandera gorriak astindu dituzte orduan, kamiseta gorriak soinean daramatzaten askok. Alderdi Sozialistaren mitina hastear da.
Denak Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuaren zain dira. Hogei minutu berandu heldu da buruzagia. Frontoia lepo dago, eta kanpoan jendea geratu zdaen sartu ezinik. Beretzat izan dira txalorik beroenak. Bost minutu iraun du agur beroak. Goizean, Espainiako podcast ezagun batean utzi du lerrobururik. Adibidez, 2023ko abenduko Iruñeko Udaleko zentsura mozioaz galdetu dio Jordi Wild esatariak, eta hautagai sozialistak eskuinak astindutako abarrotsari garrantzia kendu nahi izan dio. «Eta ezer gertatu al da? Iruñea ez da Mordor».
Ez, atzo agerian geratu bezala, Pedro Sanchezentzat Iruñea ez da Mordor, ez da J.R.R. Tolkien idazle ingelesak irudikatutako infernuzko lurralde metaforikoa. Hala zin egin dio Maria Txibite Nafarroako lehendakariak. Gogora ekarri du, Sanchezen agintaldian hainbat eskumen eskualdatu direla Nafarroara, hogei urtez Madrilek autogobernuari ateak itxi ostean. «Lurralde honen berezitasuna ulertu duzu, eta Nafarroak esker onez itzuliko dizu hori. Lehen indarra izango gara!».
Akaso Pedro Sanchezentzat Nafarroa ez da Mordor, baina badaezpada ere, bere borroka politikotik kanpo utzi du. Ez du Nafarroaz hitz erdirik esan. Berdin dio. Labriten bildutakoek oihu ozenekin eta txaloekin itzuli dute Sanchezek egindako adierazpen oro, eta uneren batean entzun da baita ere oihu bat-bateko bat: «UPN kanpora!». Euskaraz izan da oihua, eta hainbatek errepikatu dute gero.
Sauronek bi buru
Sanchezen guda nagusia Espainia da, eta harentzat Sauronek bi buru ditu: Alberto Nuñez Feijoo eta Santiago Abascal. Haien ahotan irainak eta gorrotoa baino ez daudela azpimarratu du, eta eskubideetan atzera egiteko arriskuaz ohartarazi: «Munduan nahi ez duzun hori ez ezazu nahi ere zure herrian». Mobilizaziorako deia egin du, eta %75eko parte hartzea jarri du helburu. «Hori lortuz gero, indar aurrerakoiek gehiengoa lortuko dugu».
Diskurtsoen mamiaren gainetik, alderdi emotiboa nagusitu da ekitaldian. Baina hori ere bada politika. Moleonek zein Txibitek ez dute ahaztu non diren. «Gogoan dut nire aita zena Labritera etortzen zela pilota partidak ikustera», esan du lehendakariak hunkituta. Eta Moleonek arrapostu: «Eskuinak hauteskundeak nahi zituen, eta tori, hor dituzue. Guk irabaziko ditugu, egin apustu denak gorriaren alde».